Euroguneak eta industriak Hegoaldeko ekonomia galgatzen dute, Laboral Kutxaren arabera

Euroguneak eta industriak Hegoaldeko ekonomia galgatzen dute, Laboral Kutxaren arabera

Basoa erdi beteta eta aldi berean erdi hutsik ikusten du Laboral Kutxak. Hego Euskal Herriko ekonomia ez da atzeraldian sartuko, baina jarduerak moteltzen jarraituko du datozen bi urteetan. Joseba Madariaga ikerketa bulegoko arduradunaren arabera, euskal enpresen Europako merkatu nagusietan atzeko haizeak ahulagoa joko du, eta, aldi berean, industriako sektore estrategikoen bilakaerak «arrisku handiagoa» du. 

Joera hori zifretara eraman du Laboral Kutxak. Finantza erakundearen probabilitatea handieneko agertoki zentralean, Hego Euskal Herriko ekonomia %1,8 inguru haztea aurreikusten du: hau da, %1,8 Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan; eta %1,9 Nafarroan. Datorren urtean, berriz, koska bat apalduko litzateke hazkundea: %1,5 EAEn eta %1,6 Nafarroan.

«Prezioen muturreko shock bat egoteko arriskua leundu egin da, baina horrek ez du energia kostuen eta azpiko inflazioaren gaineko tentsioa baretu»

JOSEBA MADARIAGA Laboral Kutxako ikerketa bulegoko arduraduna

Iazko txosten ekonomikoa eta aurtengo zein 2027ko aurreikuspen ekonomikoak aurkeztu dituzte Bilbon zein Iruñean, Ibon Urgoitik eta Joseba Madariagak. Abenduan egindako aurreikuspen antzekoa da, Madariagaren hitzetan. Diferentzia handi batekin. Tartean, Ameriketako Estatu Batuek eta Israelek Irani eraso egin diote, eta gatazka horren ondorioz Ormuzko itsasarte estrategikoan petrolio-ontzi, gasontzi eta zamaontzien joan-etorria geldirik egon da. Itsasarteko egoerara normalizatzen hasi denez, «prezioen muturreko shock bat egoteko arriskua leundu egin da, baina horrek ez du ziurgabetasuna arindu eta energia kostuen zein azpiko inflazioaren gaineko tentsioa baretu». Hots, prezioen presioa handitu egin da.

 Hilabete honetan Kontsumo Prezioen Indizeak goia joko du eta beheranzko joera hartuko du segidan ziurrenik. Aurten, %3,5 inguru eta 2027an %2,6. Madariagaren arabera, inflazioaren goranzko ziklo hori ez da Errusiak Ukrainia inbaditu ostekoa bezain handia, baina bai aintzat hartzekoa. Ez du espero 2027 amaierarako Europako Banku Zentralak ezarritako %2ko helburura helduko denik.

Inflazioaren igoerari EBZk diru politika garestituz erantzun dio, eta iraileko bilerari begira Christine Lagarde presidenteak «mezu gogorra» erabili du. Hortaz, finantzaketa kostuen igoerak sendien errentari eta enpresen inbertsio ahalmenari eragingo dio, Madariagaren hitzetan. 

Eurogunea, «ahul»

Prezioen goranzko joerak erantzun desberdinak izan ditu Atlantikoaren bi aldeetan. AEBetan, prezioen garestitze orokorra handiagoa bada ere, hazkunde ekonomikoa ere irmoagoa da. Eurogunean, prezioak kontrolatuago badaude ere, jarduera ekonomikoa apalagoa da. Bi ingurune ekonomikoen arteko alde hori handitu egin da azken urteetan. Euroaren eremuan bederen Alemanian, Frantzian, Italian edo Erresuma Batuan bilakaera ekonomikoa hobetu egin da 2024tik hona, baina oraindik «ahul» dago, Madariagaren hitzetan.

Ekonomiaren eta batik bat enpresen bilakaera neurtzeko adierazle nagusi bat erabiltzen du Madariagak: PMI edo erosketen kudeatzaileen indizea 50eko langatik gora badago, perspektibak onak dira; eta azpitik badago, alderantziz. Bere esanetan, apirilean eta maiatzean Euroguneko PMI orokorra 50etik behera izan da, eta ekainean hobetu egin bada ere, ez da 50era iritzi. «Zerbitzuak ahul daude, eta industria orain zertxobait hobera egin badu ere, ahul dago. Gutxi hazten ari da» 

Horrek euskal enpresei eragiten die, euren produktu eta zerbitzu ugari merkatu erreferente horietan saltzen baitituzte. Frantzian eta Alemanian, kasurako, hazkundeak hamarren batzuk hobera egin du bertan, baina oraindik ere esportazioak eta inbertsioak baldintzatzen ditu, Laboral Kutxaren esanetan.

Euskal industriari bete-betean eragin dio egoerak. Europaren ahuldadeari berari mundu mailako lehiaren areagotzea eta kostu energetikoen igoera gehitu behar zaizkio. Madariagaren hitzetan, Hego Euskal Herriko sektore estrategikoen gaineko arriskua handitu egin da hortaz, eta horren adibide argiena da automozioa. Alemanian lau  lantoki itxi eta 100.000 enplegu suntsitzeko asmoa jarri du adibide gisa. «Zalantzekin dago autogintza. Sektore horretan arrisku nabarmen bat dago eta ikusiko dugu nola doazen hurrengo hilabeteak», esan du zuhur.

%7,9

Industriako enplegua. Normalean jarduera ekonomikoaren eta enpleguaren datuak erlazionatuta egon ohi dira. Zehazki, sortutako lanpostuen igoera jarduera ekonomikoaren hazkundea baino apalagoa izan ohi da. Alta, iaz kontrakoa gertatu zen. Nafarroako industria %0,3 handitu zen eta enplegu kopurua %7,9 handitu zen. 6.000 lanpostu sortu ziren. Madariagak ez daki zergatik gertatu den hori. 

Industria kenduta, batik bat zerbitzuek eta eraikuntzak egin dute tira ekonomiatik eta batez bestekotik gorako ehunekotan ari dira hazten. Dena den, erkidegoen artean kontrako joera eman da: Nafarroan zerbitzuak daude indartsuago, eta EAEn, eraikuntza. Ikusteko dago interes tasen igoerak nola eragin diezaiokeen eraikuntzari, eta barne kontsumoaren moteltzeak zerbitzuei.

Testuinguru orokor gorabeheratsu horren aurrean, lan munduak eutsi egiten dio, «erresistentzia erakusten du», Madariagaren esanetan. Landunen kopuruak handitzen jarraitzen du, eta langabezia tasak beherantz. Nafarroan batez beste tasa %8,5era helduko da aurten, eta Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan %6,5era. «Afiliazioari dagokionez, hiletik hilera hazteko erritmoa aldatu egiten da baina bilakaera ona da eta enplegu sorrera bat dator jarduerarekin».