Erleen auzolanetik herritarren auzolarena Añorben

Erleen auzolanetik herritarren auzolarena Añorben

Euskal Herrian gero eta erle gutxiago daude; baita horiek hazteaz arduratzen diren erlezainak ere. Eta, daudenek, antzinako metodoak alde batera utzi eta prozesu modernoagoak erabiltzen dituzte. Horren aurrean, ostera, Añorbeko herritarrek (Nafarroa) XVIII. mendeko erlategi bat berreskuratzeko lanak dituzte abian: Populo erlategia, hain zuzen. Boluntarioek osatutako proiektua da, eta udalerriko natura «era jasangarri batean mantendu eta garatzeko» helburua dute.

Herriaren historian izandako garrantziaren zein erleek naturan egin dezaketen onura kontuan izanik abiatu dituzte herriko bizilagunek hura berreraikitzeko lanak. Natura era jasangarrian mantentzeaz gain, beste bi helburu ditu proiektuak: erleek ekosistemari egiten dizkioten onuren inguruko jakintza hobetzea eta erleek lan hori egin dezaten desagertzeko arriskuan dauden eraikinak zaharberritzea. 

Berreskuratze lan horiek bisitatu ditu gaur Nafarroako Gobernuko Ingurumen zuzendari Ana Bretañak, eta proiektuak duen garrantzia azpimarratu du: «Behin-behineko esku hartze hauek berebiziko garrantzia estrategikoa dute ingurumen politika publikoetan. Izan ere, natura zaharberritzen eta gure herrietako ondare naturala mantentzen laguntzen dute». Nafarroako Gobernuak ekonomikoki lagundu du proiektua 10.000 euroko funtsa eskainita. Proiektuak guztira 12.938,56 euroko aurrekontua du.

Añorbeko erlategiaren irudi bat. NAFARROAKO GOBERNUA

Populo erlategiak 13,5 metroko luzera eta 3,5 metroko zabalera du, eta ehun erlauntza hartzeko ehun zulo zituen. Gainera, batetik bestera igaro ahal izateko bi metro zabaleko korridore bat dago. Haren inguruko lehen aipamenak 1765eko testuetan topa daitezke. Eztia egiten zuten bertan, XX. mendean azukrearen prezioa apaldu zen arte klase pobreenek hura erabiltzen baitzuten janaria gozatzeko. Hori, hala ere, ez zen Añorbeko erlezainek ekoizten zuten produktu bakarra. Are gutxiago, ondasun nagusia kandelak ziren.

XX. mende hasieran, ostera, produkzioak behera egin zuen; eta urteek aurrera egin ahala gero eta gutxiago ziren erlezainak. Horiek horrela, mendearen lehen hamarkadetan bertan behera utzi zuten erlategiko produkzioa, denborarekin egitura ia guztiz galduz.

Boluntarioak eta ikasleak

Gaur egun 49 lagunek osatzen dute boluntario taldea; eta denak ez dira erlategiaren egitura berreraikitzeaz arduratzen. Izan ere, Populo erlategia berriz martxan jartzeko egin beharreko lanak askotarikoak dira. Azken mendean hazi diren inguruko sastrakak kendu behar dira, eta horien ordez bertako landareak landatu, besteak beste. Berreraikitze lanei dagokienez, bestalde, dena ez da egitura: erleek haien argizaria utzi eta haien erreinua eraiki dezaten saskiak egin behar dituzte, adibidez.

Uztailean hasi ziren Añorbeko bizilagun horiek zaharberritze lanetan; baina inguruko herrietatik ere heldu da jendea laguntzera. Izan ere, azaroaren 30era arte ibiliko dira lanean, eta boluntario gisa aurkeztu nahi duenak aukera du internet bidez izena emateko.

Helduak ez dira erlategiaren inguruan ibiliko direnak, halere. Erleek ekosisteman duten esku hartzearen azterketa helburuetako bat delarik, horren inguruan lortutako datuak ikastetxeekin partekatuko dituzte proiektuaren sustatzaileek. Horrez gain, erleen inguruan ikasteko zein naturarekin zuzenean harremanetan egoteko aukera eman dezakeenez, Añorbe HLHI ikastetxeko ikasleak irailaren 11n egongo dira bertan. Erleen inguruan ikasteaz gain, haien herriaren historia haien begietatik ikusteko aukera izango dute.