Iruñeko Rozalejoren jauregian dagoen Objektuen memoria erakusketa Aranzadi zientzia elkartearen laguntzarekin antolatu du Nafarroako Gobernuak. Erakusketa hori landu dutenetako bat da Lourdes Herrasti (Aretxabaleta, Gipuzkoa, 1958) historialaria eta arkeologoa. Irakaslea izandakoa da, baina urte ugari daramatza Aranzadiri lotuta. Azken 26 urteetan, besteak beste, frankismoaren biktimen inguruan ikertzen aritu da. Rozalejoren jauregian izan da berriki Herrasti, frankistek hil zituzten Jesus Estebanen eta Gerardo Gomezen gorpuzkiak haien familiei entregatzeko egindako ekitaldian. Ekintza hori amaitu ostean, tarte bat atera du arkeologoak, Objektuen memoria erakusketaren nondik norakoak azaltzeko.
Erlazionatuta
Nafarroako hainbat hobitatik ateratako objektuak daude erakusketan. Zer dela-eta erabaki duzue erakusketa objektuen ingurukoa izatea?
Askotan objektuak ez direlako aipatzen, eta horiek informazio ikaragarria ematen dute. Informatzen digute, besteak beste, pertsonen lanbideez, izaeraz eta ohiturez. Askotan oso erabakigarriak izaten dira. Adibidez, G.G. inizialak dituen eraztun bat aurkitu dugu —erakusketan ikusgai dago—, eta hori Gerardo Gomezi dagokio. Preso zegoenean hezur zati batekin egin zuen eraztuna.
Objektuak ikusgai dauden arren, erakusketan azaltzen duzue Nafarroan nolakoa izan zen 36ko gerra eta garai hartako bizimodua.
Hori da. Hobiak arrazoi batengatik daudelako: errepresioa izan zelako. Nafarroan, gerra frontea egon ez zen toki batean, 3.500 pertsona erail zituzten. Erailketa gehienak gerra hasi berritan izan baziren ere, badira geroagokoak: 1938an, esaterako, Ezkabako kartzelatik izandako ihesaldian 207 pertsona erail zituzten; haietako bi dira Jesus Esteban eta Gerardo Gomez.
Erakusketan irakur daiteke hilketak atxilotu eta gutxira izaten zirela askotan, beste batzuetan denbora bat preso egon ondoren… Objektuen bitartez jakin daiteke noiz eta nola hil zituzten hobietan aurkitutakoak?
Bai. Preso zeudenek askotan gainean zeramatzaten, besteak beste, hortzetako eskuilak eta orraziak. Kalean harrapatzen bazaituzte, agian ez dituzu objektu horiek gainean izango; aldiz, preso egon bazara, preso zauden bitartean ongi datozkizun hainbat elementu dituzu.
Aurkitutako objektuak desberdinak dira Nafarroako eremuaren arabera?
Ez. Hala ere, Nafarroan hainbat objektu berezi aurkitu ditugu; esaterako, eskuburdina batzuk. Baternainen aurkitu genituen. Zenbait tokitan agertu dira, besteak beste, sokak eta alanbrez edo kablez egindako loturak, baina eskuburdinak oso leku gutxitan aurkitu ditugu.
Erakusketan dauden objektuetatik zerk eman dizue atentziorik handiena?
Egia esanda, eraztunek aparteko esanahia dute; dena den, edozein objektuk ematen du inpresioa. Izan ere, objektuek oso pertsonalak diren gauzak erakusten dizkigute. Egia da orrazi bat edo txiskero bat edonork eraman dezakeela, baina mahuka-bikiak edo medaila bat lepotik zintzilik, ez.
«Nire ustez, jakin nahi duenak badaki Nafarroan zer gertatu zen. Izan ere, askotan azaldu dute»
Aztertu dituzuen hobietatik, baten batean bereziki esanguratsuak diren objektuak aurkitu dituzue?
Bai, Ollakarizketako Iruzkunen. Han hogei pertsona aurkitu genituen, eta objektu dezente zituzten. Erakusketan daude objektu horietako hainbat: tintontzi bat, oinetakoak, betun kaxa bat… Hala ere, hobi horretatik oraindik ez dugu pertsona bakarra identifikatu. Segur aski lehenengo hilabeteetan erail zituztenak dira, baina ez dugu asmatzen. Hori dela eta, norbaitek pistaren bat izango balu han egon daitezkeenei buruz, eskertuko litzateke informazioa.
Ikastetxeetako ikasleekin egon da Aranzadi 36ko gerraren inguruan hitz egiten. Zuen azalpenak entzun ondoren, zer erreakzio izaten dute gaztetxoek?
Batzuetan, harritu egiten dira, edo ezustekoa izaten da haientzat, baina interesa ere sorrarazten die. Etorri izan dira ikasleak indusketetan nola lan egiten dugun ikustera, eta askok ez dute inoiz eskeleto bat ikusi; are gutxiago eraildako baten eskeleto bat. Hasiera batean, inpresionatu egiten ditu, baina, gero, jakin-mina ere pizten zaie.
Erakusketan diozue Nafarroan gertatu zena «aurrekorik gabeko garbiketa politiko bizia» izan zela. Nafarroako gizarteak badaki benetan zer gertatu zen?
Nire ustez, jakin nahi duenak badaki Nafarroan zer gertatu zen. Izan ere, askotan azaldu dute. Hala ere, jende askok denbora behar du aktibatzeko. Zure familian halakorik gertatu ez bada, ez duzu gertuan horren informaziorik. Horregatik, dibulgazioa egin behar da, jakin-mina zabaldu ahal izateko.
Erakusketa honen modukoak dira bidea?
Bideetako bat da. Nik garbi dut objektuek aparteko miresmena sorrarazten dutela. Gainera, horien bitartez mezua errazago iristen da. Horixe da helburua.
