LABek grebarako deia egin du, «putre funtsak» Euskal Herritik kanporatzeko

Sindikatuek azaroaren 11ko grebaren erregistroa egin dute, eta LAB grebaren nolakotasuna lantzen ari da etxebizitza arloko eragileekin eta beste sindikatuekin. Deialdi horri begira, «putre funtsak Euskal Herritik kanporatu» beharra azpimarratu du Garbiñe Aranburu LABeko koordinatzaile nagusiak, gaur egindako prentsaurrekoan. «Partida nagusia Euskal Herrian jokatzen da. EAEko eta Nafarroako gobernuek eskumen zabalak dituzte etxebizitza eremuan, eta ardura nagusia haiena da». 

Larunbateko manifestazioaren ondoren, Testa Residencialen maizterrekin batera agerraldia egin dute Garbiñe Aranburuk eta Jaime Iribarren LABeko Ekintza Sindikaleko arduradunak. Bertan, azpimarratu du ezen, greba «estatu osoan» egingo bada ere, «Euskal Herritik Euskal Herrirako» deialdia izango dela. Gogora ekarri du Hego Euskal Herria «borroka dinamikan» murgilduta dagoela, eta beste lau greba orokor egin direla 2020tik hona.

Euskal esparru propioaren defentsa izango du ardatz LABek, eta, horregatik, uste du ezinezkoa dela gutxieneko adostasuna iristea UGTrekin eta CCOOrekin. Martxoko azken greban, esaterako, ez zuten parte hartu, eta «gutxieneko soldata propioa bertan erabaki ahal izatearen kontra azaldu ziren». 

«Partida nagusia Euskal Herrian jokatzen da. EAEko eta Nafarroako gobernuek eskumen zabalak dituzte etxebizitza eremuan, eta ardura nagusia haiena da»

GARBIÑE ARANBURU LABeko koordinatzaile nagusia

Gaur goizean, CEN Nafarroako Enpresaburuen Elkargoak bilera batera deitu ditu sindikatuak, lanuzteak jarduera ekonomikoan izango dituen ondorioak aztertzeko. LAB ez da joan, «greba eskubidea ez baita negoziatzen». 

Espainiako Gobernuak etxebizitzari buruzko bi dekretu aurkeztu eta biak Espainiako Kongresuak atzera bota eta gero aurreratu zituzten hauteskunde orokorrak. Gero, bigarrenez beste bi dekretu aurkeztu, eta bat aurrera atera zen. Aranbururen ustez, «bi dekretuetako neurriak ez dira nahikoa, baina egia da etxebizitzarekin dugun larrialdian ona dela eskubide batzuetan aurreratzea».

Espekulazioaren aurkako neurriak hartzea galdegin dio LABek Nafarroako Gobernuari, eta biltzeko eskaera egin diote Begoña Alfaro Etxebizitza kontseilariari. Orain Iruñeko 507 etxebizitzaren egoera da kezkagarriena. Bere garaian finantzaketa publiko bidez eraikitako babes ofizialeko etxebizitzok izaera hori galdu zuten hamarkada honen hasieran, eta Testa Residencial funtsaren eskuetan daude orain. Maizterrekin hitzartutako kontratua amaitu ahala, etxeak saltzeko asmoa du, iragarri duenez.

Testaren etxebizitzen desjabetzea

Larunbateko manifestazioan, maizterrek aurreratu zuten ez dutela etxetik alde egiteko asmorik, ezta kontratua iraungita ere. «Etxebizitza publikoaren parkera igaro beharko lukete etxe horiek, nafarrek ordaindutakoak direlako. Etorkizun laburrean publikoak izan beharko lukete», azaldu du Iribarrenek.

Haren ustez, legeak bide ematen du etxebizitza horiek desjabetzeko, «Nafarroan hainbat azpiegiturarekin egin izan den bezala». Berez, legeak esaten du gobernuak lurrak eta ondasunak desjabetu ditzakeela «interes orokorraren aldeko» proiektu bat badago tartean. Iribarrenen ustez, oraingo honetan ere «interes orokorra» dago jokoan, eta, hortaz, legea ez da oztopo desjabetzeko.

Nafarroako Gobernuak jakinarazi du Testarekin hitz egingo duela etxebizitzak berriro ere publikoak izan daitezen. Iribarrenek azaldu du LABek ez duela kritikatuko hori, betiere arrazoizko prezio batean egiten bada, «eta ez merkatuko prezioan, Testak nahi duen bezala».