Sexu indarkeria erauzteko gizon gazteak inplikatu behar direla ondorioztatu du ikerketa batek Nafarroan

Sexu indarkeria erauzteko gizon gazteak inplikatu behar direla ondorioztatu du ikerketa batek Nafarroan

Nafarroako datuen arabera, 18 eta 29 urte arteko gizonek egiten dituzte hamar sexu erasotik bi. Gero eta gehiago dira, gainera, 17 urtetik beherako mutilek egiten dituzten sexu erasoak. Hamar kasutik bederatzitan emakumeak ezagutzen du erasotzailea. Ikerketa batek ondorioztatu du gizon gazteekin lan berezitua egin behar dela eta inplikatu egin behar direla sexu erasoak erauzteko.

NGI Nafarroako Berdintasun Institutuak eta Nabi Nafarroako Gazteria Institutuak bultzatu eta babestu dute ikerketa. Ruth Iturbide NUP Nafarroako Unibertsitate Publikoko irakasleak koordinatu du, eta Ander Magallonek, Leonor Canalsek, Lucia Perezek eta Nayaded Labbek egin dute. Gaur aurkeztu dute.

Bi institutu horiek halako lanak bultzatzen ari dira, politika publikoak ezagutza zientifikoan oinarritzeko. Ikerketa honi dagokionez, «gazteei egokitutako sentsibilizazio ekintza eraginkorrak» egin nahi dituzte, sexu indarkeria prebenitzeko. Iaz emakume gazteen kontrako sexu indarkeriari buruzko ikerketa bat aurkeztu zuten. Sexu indarkeria jasaten duten emakumeen bizipenetan sakondu zuten. Oraingoan, ordea, aztertu dituzte gizon gazteen bizipenak, maskulinitateari buruz duten iritzia, boterea, oniritzia, sare sozialak eta gizon eta emakumeen arteko harremanak.

Maskulinitate ereduen azterketa kritikoa

Aurkezpenean nabarmendu dute sexu indarkeriaren ertz guztiak ulertu behar direla, eta esku hartu behar dela, ez bakarrik haren ondorioetan, baita sexu indarkeria ahalbidetzen duten baldintzetan ere. «Emakumeak entzun behar ditugu eta haien premiei erantzun behar diegu», azaldu dute, «baina, aldi berean, maskulinitate ereduen azterketa kritikoa egin behar dugu eta gizon gazteak inplikatuko dituzten prebentzio estrategiak bultzatu behar ditugu».

Horretarako, azterketaren arabera, funtsezkoa da maskulinitateak gizon gazteen bizitzan duen garrantzia ulertzea. Ohartarazi dute gero eta zabalduago daudela feministen kontrako eta matxismoaren aldeko mezuak, batez ere eremu digitalean. 

Aurrena, banaka

Ikerketaren egileek zenbait proposamen egin dituzte: hasteko, sexu indarkeriari buruzko datuak izatea eta lantzea, arazoaren neurria eta testuingurua izateko; legeak aldatzea eta arreta gizonengan jartzea; erakundeen eta eragileen arteko koordinazioa; eta heziketa indartzea, afektibo-sexuala eta emakumeen kontrako indarkeriari buruzkoa batez ere.

Proposamen zehatzei dagokienez, proposatu dute, besteak beste, gizonen eztabaida eta gogoeta espazioak sortzea eta sare sozialen sarbidea eta erabilera kontrolatzea. Hori bai, uste dute nerabeekin taldean lan egin aurretik, hobe dela aurrena banaka lan egitea, «bakarrik daudenean gazteak gogoetatsuagoak eta zintzoagoak» direlako; taldeak, ordea, «mezu eta jokabide hegemonikoagoak indartzen ditu». Beste gomendio bat: indarkeria pertsona «gaiztoen» arazo gisa ez lantzea, «guztiek birsortzen dituzten egitura sozialen ondorio gisa baizik».