Arantzadiko beste etxegabe talde bat kanporatu du Iruñeko Udalak

Arantzadiko beste etxegabe talde bat kanporatu du Iruñeko Udalak

Iragan astekoa nahikoa ez, eta gaur goizaldean beste etxegabe talde bat Arantzadi parkeko frontoi zaharretik kanporatu du Iruñeko Udaltzaingoak. Uda ala negu, hotz ala bero, orain arte bertan hartu dute babes ia berrogei pertsonak, gehienak migranteak, etxebizitza duin baterako sarbidea ezin bermatuta. Iruñeko Udalaren arabera, Polizia operazioa «segurtasunagatik» egin dute, argudiatuta Arantzadi parkeko eremu horretan handia dela «uholde arriskua». 

Hilaren 15ean ekin zioten operazioari. Lehenbizi, eremu horretan lo egiten zuten jende kopurua zenbatu zuten: denera, 39 lagun. Gero, joan den astelehen goizean, Iruñeko Udaltzaingoak hogei pertsona bertatik joatera behartu zituen. Jakinarazi zutenez, horietako hamarri udalak kudeatutako aterpetxe batera joatea eskaini zieten; gehienez ere hiru gauerako, ordea. Udalaren arabera, beste hamarrek ez zuten proposamena onartu, edo ez zuten hori onartzerik, «jarrera arazoak» izan zituztelako.

Hala, gaur eman diote segida operazioari. Dozena bat kanpadenda hustu dituzte, eta 25 lagun inguru handik kanporatu. Iruñeko Udalak ohar bidez azaldu duenez, horietatik hamar inguru bigarrenez kanporatu dituzte gaur. 25 pertsona horietatik, hamabi lagunek izango dute hiru gauez Iruñeko Udalaren aterpetxe batean lo egiteko aukera. 

Eskaera Asironi

Polizia operazioak ustekabean hartu zituen bertan babes hartzen zuten migranteak, baita haiekin lan egiten duten auzo elkarte eta herritar sareak ere. Joan den astean egindako agerraldian, Elkarri Laguntza eta Derecho a Techo elkarteek Iruñeko alkate Joseba Asironekin bilera bat egitea exijitu zuten, eta adierazi «minduta eta haserre» daudela. Elkarte horien arabera, gutxi gorabehera berrehun etxegabe bizi dira egun Iruñerrian, baina iritzi diote Nafarroako Gobernuak eta Iruñeko Udalak badituztela «nahikoa diru eta baliabide» egoerari konponbide bat emateko.