Memoria politiketan Nafarroan egindako lana goraipatu du gaurko ekitaldian Geroa Baik, eta Madrilen, alderantziz, gutxi egin dela salatu du. Ana Ollo Nafarroako Gobernuko presidenteorde bigarrenak nabarmendu du adibidez demokrazia garaian Sekretu Ofizialen legea ez dela indargabetu.
Olloren arabera, «lege frankista» bat da, eta hark galarazi egiten du Nafarroako hainbat kasuz gehiago jakitea eta aitortzea: hala nola 1976ko Montejurrako gertaerak, 1978ko sanferminetan Espainiako Polizia Armatuak eragindako oldarraldi larria eta 1985eko Mikel Zabalzaren hilketa. Bere ustez, pausoak eman beharko lirateke estatuko indarkeriaren biktimen aitortzan.
Gainera, Memoria eta Bizikidetza arloko kontseilariak uste du Madrlen memoriaren arloan ez dela pauso handirik eman eta «lan asko» falta dela egiteko. «Memoria Demokratikoaren legetik kanpo utzi dira Nafarroan tortura jasandako biktimak».
Aldiz, bere esku egon den departamenduak urteotan guztiotan egin duen lana goraipatu du. Bere esanetan, DNAren parte da erakunde orotan memoriaren alde lan egitea. «Uste dugu erreminta eraldatzailea dela eta hura gabe ezin duela gizarte demokratiko batek aurrera egin».
Mayte Espinosa Geroa Baiko Senatuko zerrendaburuaren ustez, elkarbizitzaren aldeko neurriak politikaren ardatz izan beharko lirateke. «Defenditu nahi dugu gorroto diskurtsorik ez izatea bi ganberetan, eta diskurtso horiek ez izatea gehiago demokrazian». Gogora ekarri du Nafarroan memoria politikak Uxue Barkosen gobernuarekin hasi zirela. «Erreferente bat gara eta hori ez dugu ahaztu behar», nabarmendu du.