Euskara, identitatea eta elkarbizitza hizpide izan dituzte NUPen

Euskara, identitatea eta elkarbizitza hizpide izan dituzte NUPen

Hizkuntzaren, identitatearen eta bizikidetzaren arteko harremana solasgai izan dute gaur NUP Nafarroako Unibertsitate Publikoan, Hizkuntza, identitatea eta aniztasuna: elkarbizitza jomuga, aunitz begirada izeneko jardunaldian. Eusko Ikaskuntzak, Iruñeko Udalak, Nafarroako Gobernuak eta NUPek berak antolatu dute ekitaldia, eta alor ezberdinetako adituak eta eragileak gonbidatu dituzte, denen artean galdera bati erantzuteko: «Nola eraiki ibilbide, kultura eta identitate aniztasuna aitortuko duen gizarte kohesionatu bat?».

Erakundeetako ordezkariek ere parte hartu dute topaketan. Han izan dira, besteak beste, Ana Urkiza, Eusko Ikaskuntzako lehendakaria; Aitziber Campion, Iruñeko Udaleko Euskara zinegotzia; Ana Ollo, Nafarroako Gobernuko bigarren lehendakariordea; eta Martín Larraza, NUPeko Ikerketako errektoreordea.

NUPeko soziologo eta ikertzaile Izaskun Andueza-Imirizalduk eman du lehen hitzaldia. Eskolako hizkuntza ereduen eta bizikidetzaren arteko harremana izan du hizpide, Altsasuko eta Berriozarko (Nafarroa) esperientziak oinarritzat hartuta.

Horren ostean, Yasmine Khris Maansri kazetari, itzultzaile eta interpreteak bere esperientziari buruz hitz egin du. Marseillan jaio zen Khris Maansri, eta 2019. urtetik bizi da Iruñean. Euskara ikasteko egin zuen bidea azaldu du, eta Nafarroako gizartearekin eta euskal komunitatearekin sortutako loturetan egin du azpimarra. Esplikatu du, zehazki, nolako garrantzia izan zuen hizkuntzak harreman horiek sortzeko, identitatea eraikitzeko eta komunitate baten partaide sentitzeko.

Euskal artzainak eta maoriak

Laura Igantzi, Euskal Artzainak Ameriketan elkarteko lehendakaria, AEBetara emigratu zuten euskal artzainen memoriaren inguruan solastatu da. Hizpide izan ditu sorterria atzean uzteko motiboak eta AEBetako mendebaldeko bizi baldintzak, eta esplikatu du nola eutsi zioten euskal identitateari, kulturari eta euskarari berari.

«Hizkuntzaren biziberritzea eta komunitatearen indarra» izan dira Beñat Garaio ikertzaile eta dinamizatzailearen hitzaldiaren ardatzak. Aotearoan (Zeelanda Berria) maoriaren biziberritzeari buruz egindako ikerketak oinarritzat hartuta, gaia Euskal Herrira ekarri du Garaiok, eta hizkuntzaren esparruan «aliantzak ehundu beharra» azpimarratu, «kontakizun baikor eta partekatua» eraikitze aldera.

Xabier Aierdi soziologoaren hitzaldiarekin amaitu da jardunaldia. Nafarroako gizartean dauden identitateen eta hizkuntzaren arteko harremanak aztertu ditu: «etorkizun partekatu bat» eraikitzeko prozesuan, gizarteak, gizarte eredu berrien konfigurazioak eta beste hainbat faktorek duten eragina aztertu du, besteak beste.