Nafarroako Parlamentuak atzera bota ditu eskuineko alderdiek aurrekontuei jarritako osoko zuzenketak

Nafarroako Parlamentuak atzera bota ditu eskuineko alderdiek aurrekontuei jarritako osoko zuzenketak

Nafarroako Gobernuaren aurrekontu proiektuak oztopo garrantzitsu bat gainditu du gaur, behin betiko onartu aurreko bidean: parlamentuak atzera bota ditu eskuineko alderdiek aurkeztutako osoko zuzenketak. UPNk, PPk eta Voxek zuzenketa bana aurkeztu zioten lege proiektuari, baina ez dituzte onartu. Kontra bozkatu dute PSNk, EH Bilduk, Geroa Baik eta Zurekin Nafarroak. Gauzak horrela, Maria Txibiteren gobernuak bidea libre du legealdiko azken kontuei onespena emateko.

Jose Luis Arasti Nafarroako Gobernuko Ekonomia eta Ogasun kontseilariari egokitu zaio lege proiektua parlamentuan defenditzea. Gobernuak 7.284,8 milioi euro izango ditu datorren urtean bere politikak aurrera eramateko, aurten baino %8,1 gehiago, eta ehun eurotik 54 gizarte gastuetarako baliatuko dira. Kontseilariak azpimarratu du Nafarroak behar dituen aurrekontuak direla, oposizioak kontrakoa uste badu ere. «Hazkundea, kaudimena eta konpromiso soziala uztartzen dituzten kontuak dira; ez dira inprobisatuak», nabarmendu du.

Edonola ere, bere proiektua azaltzeko baino gehiago eskuineko alderdien zuzenketak kritikatzeko baliatu du bere hitzartzea Arastik. UPNko Javier Esparzak eten egin du haren mintzaldia une batez, hori bera salatzeko, baina Unai Hualde parlamentuko lehendakariak erantzun dio eskubidea duela hori egiteko, zuzenketak publikoak direlako. Kontseilariak gogor egin du haien kontra, eta alternatibarik ez aurkeztea egotzi die. «Kritika egiteko eskubidea duzue, baina baita alternatiba aurkezteko betebehar politikoa ere. Eta hori da zuzenketetan aurkitu ez duguna», esan die.

UPNren kritika

Legealdiko azken kontuak izanik, eskuineko alderdiek Txibiteren agintaldiaren balantzea egiteko baliatu dute bilkura. UPNren arabera, Txibiteren gobernuak 2019az geroztik aurkeztu dituen aurrekontuek ez dute «ezer hobetu»; aitzitik, urtez urte handitu arren, zerbitzu publikoetarako itxaron zerrendak luzatu baino ez dituzte egin, haien iritziz. «Jendeari hilabete amaierara iristen lagundu ordez, kontrakoa egitera tematzen zarete», esan die Esparzak.

Ildo berean hitz egin du Javier Garcia Alderdi Popularreko bozeramaileak ere: «Hobeto bizi al dira nafarrak gobernuan eman dituzun zortzi urteen ondoren?», galdetu dio Txibiteri. «Erantzuna erraza da: ezezko borobila». Urte horietan guztietan kontuak onartzeko EH Bildurekin egindako akordioak kritikatu ditu Garciak, eta salatu du itun horiek «egonkortasun politikoaren funtsezko pieza» bilakatu dituela gobernuak. Bada, txarretsi du datorren urteko aurrekontuak ere parlamentuan gehiengoa lortzeko diseinatuta daudela, eta ez herritarren beharrei erantzuteko.

Voxen irudiko, aurrekontuen lege proiektua nafarrei «zaplazteko bat» ematearen parekoa da, eta zerga bilketa «handinahi» baten ondorioa baino ez da. «Aurrekontu honek okerreko norabide politiko eta ekonomikoa du», kritikatu du Emilio Jimenezek.

«Apokalipsirik» ez

PSNko Ainhoa Unzuk, aldiz, erantzun die behin eta berriz «apokalipsia» iragarri arren, halakorik ez dela egon. UPNri egotzi dio sinesgarritasunik ez izatea, eta egungo gobernuaren alternatiba izango den proiekturik ez aurkeztea: «Proposamen bat bera ere ez duzu esan». Unzuk adierazi du eskuinak Nafarroa beltzez margotzen badu ere, egoera bestelakoa dela, hala herritarren bizi kalitateari nola erkidegoaren egoera ekonomikoari dagokienez.

Laura Aznal EH Bilduko eledunak azpimarratu du eskuineko alderdien osoko zuzenketak ezin direla elkarrengandik bereizi, oinarrian proiektu bakar bati lotuak daudelako: «Hiru kolore dituzte kanpotik, baina barrutik edukia berbera da». Horren aurrean, gainerako alderdiek lortutako akordioa goretsi du, Nafarroako Gobernuak hamabigarren urtez jarraian aurrekontuak izango dituelako. Bada, Aznalen irudiko, horrek erakusten du posible dela aurrera egitea, «lehentasunak argi baldin badaude, eta herritarrak erdigunean jartzen badira».

Geroa Baiko Pablo Azkonak ere UPNri gogorarazi dio egun duen jarrerak gobernatzeko baino oposizioan egoteko balio diola, eta jada hamabi urte daramatzala gisa horretan: «Zuen proposamena ezereza da». Azkonak gobernu ituna goretsi du, eta nabarmendu du aurrekontuetan ez ezik fiskalitatean ere akordio sendoa dutela, eta horri esker «porrot eginda» zeuden kontuak onbideratzea lortu dutela azken urteetan.

Azkenik, Miguel Garrido Zurekin Nafarroako parlamentariak azpimarratu du eskuineko alderdiek ez dutela nafarrak «engainatzerik» lortuko, besteak beste, «promesa magikoak» egiten dizkietelako: «Gastua handitu eta diru sarrerak txikitu daitezkeela diotenak kontu publikoak porrot egitera eramaten dituztenak dira beti, izan Amerikako Estatu Batuetan edo Nafarroan».

Hurrengo urratsa zuzenketa partzialak eztabaidatzea eta bozkatzea izango da. Gaurko 15:00etan amaitu da horiek aurkezteko epea. Aurrekontuen behin betiko bozketa, aldiz, abenduaren 17an izango da. EH Bildurekin akordioa eginda, gobernuak ziurtatua du aurrekontuak aurrera aterako dituela.