Nafarroaren aldeko botoa ordezkatzen dutela adierazi du Geroa Baik, kanpaina amaieran. «Hemen ez dugu Sanchez, Feijoo, Abascal edo Rufian hautatzen. Nafarroan bozkatzen dugu, Pablo Azkonaren eta Maite Espinosaren alde». Mezu sinple horrekin Espainiako Gorteetan «ahots propioa» izateko beharra nabarmendu du koalizioak.
Kanpaina luzea izan da, eta boto baliagarriaren kontra egin behar izan du borroka. Maiatzeko foru eta udal hauteskundeak izanik helburu nagusia, Geroa Baik azpimarra berezia egin du kanpainan: autogobernuaren eta lurraldearen interesen defentsa.
Pablo Azkona Kongresuko zerrendaburuaren esanetan, intentsitate handiko egunak izan dira. «Herriz herri ibili gara gure proposamenak azaltzen, sinesten dugun hori defenditzen». Haren esanetan, ohorea izan da, eta argi adierazi du zer dagoen jokoan igandean: «Bipartidismoaz eta polarizazioaz harago, jokoan dugu zer eredu nahi dugun Nafarroan, zer ongizate eredu nahi dugun, eta nor dagoen prest hori dena defenditzeko».
Haren irudiko, koalizioak oso argi du nola jokatu: «Nafarroa ez dago inori men egiteko, Nafarroak bere kasa erabaki nahi du, eta horretarako beharrezkoa da Geroa Bai, Nafarroaren interesei erantzuten ez dieten estrategien menpe ez dagoen alderdia».
Egunotan, Isabel Diaz Ayuso Madrilgo Erkidegoko presidenteak esan du ekintzaile nafarrak Madrilera doazela Nafarroan oztopo ugari dituztelako. Aipu horiek hizpide izan ditu Azkonak. Haren ustez, hobe luke PPko buruzagi horrek Nafarroako datuei erreparatzea, batez besteko soldata Madrilgoa baino handiagoa baita. Azkonak azpimarratu du UPN PPren eskutik doala. «Hutsegite historikoa da».