Izurritearen eraginez, Lilo musika taldeak aski geldirik egon behar izan du sortu zenetik. Trabak arindu direlarik, kideak orain ari dira oholtza gainekoetan gozatzen, gogoz. Kontzertua emanen dute bihar Valtierran.
Uxue Rey Gorraiz
Irakasle eta artista bizitzak ezin bereizizkoak zaizkio Lilo musika taldeko Maria Mateo Baranguani (Atarrabia, 1996). Inoiz gutxitan ibiltzen da gitarra etxean utzita, sokak dantzan jarriz aurkitzen baitu adierazpidea; gitarraren sokak, ahots kordak, guziak batera inoiz, baina doinutan betiere. Taldekideekin, kontzertua emanen du bihar Valtierrako kultur etxean, 20:00etan.
Noiz hasi zen kantuaren eta zure arteko harremana?
Beti gozatu izan dut musika. Bi ahizpa ditut, eta hirurak izan gara musikazaleak txikitatik, baita gurasoak ere. 16 urte nituela, amatxok gitarra jotzen irakatsi zidan, eta orduan piztu zitzaidan kantuak sortzeko joera. Jolas modura hasi zena indartu egin da.
Eta jolasa zena musika talde batean gorpuztu da orain. Nola eta zergatik sortu zen Lilo?
Barrena arintzeko eta gorputza astintzeko sortu izan ditut beti kantuak. Gitarrarekin gehiago gozatzeko edo, gitarra eskolak jasotzen hasi nintzen, Nekane Iberorekin. Entzun zituen nire kantak, eta asko gustatu zitzaizkion. Esaten zidan: “Ba, sor dezagun talde bat”. Eta halaxe egin genuen, Pello [Iturria], Oihane [Gulina] eta Julenekin [Hoyuelos] batera, eta horixe gara gaur egun. Duela bi urte inguru hasi, baina, pandemiagatik, nahiko geldirik egon behar izan dugu. Orain hasi gara berriz ere indarrak hartzen.
Lehen urrats horretarako, sentitu zenuen ingurukoen babesa?
Bai, horrek animatu ninduen. Lehendik ere, askotan hartzen nuen gitarra, eta ingurukoek esaten zidaten egiten nuena bazela erakusteko modukoa, zabaltzeko modukoa. Egia esan, nahiko lotsatia nintzen horretarako, jolastea bainuen asmo bakarra, baina egia da izugarri motibatzen ninduela oholtza gainera igotzeak.
Barrenak arintzen zaizkizula aipatu duzu. Nola?
Batzuetan, ez dut jakiten sentitzen ditudanak hizketan nola adierazi. Hitz totelka hasten naiz. Berriz, etxean naizela, kantu batean sartuta: frrrrrus. Dena botatzen dut. Adibidez, argia inoiz ikusi ez duten mila kantu ditut, noizbait behar bati erantzuteko sortutako kantu mordoa, eta han geldituko dira, besterik gabe. Husteko modu bat direlako.
Nolako musika sortzen du Lilo taldeak? Zer kontatzeko?
Bizitzan gertatzen diren gauzak daude kantetan, gure ikuspegitik begiratuak, edo, nolabait, publikoari erakutsi nahi dizkiogunak. Badago kanta bat alzheimerraren inguruan, beste bat Lourdes Oñederraren Eta emakumeari sugeak esan zion liburuan oinarritua, beste batek parranda batez hitz egiten du, sexuaz… Kantuek prozesu luzea dute atzean. Ez guztiak, baina kanta gehienak nik hasten ditut. Hala ere, horietan ere, taldekide bakoitzak bere xarma eta gustua sartzen ditu kantuan. Batzuetan, kanta guztiz eraldatzen da. Polita iruditzen zait, horrek esan nahi duelako nork bere alea jarri diola piezari eta baduela batasun bat.
Zuk abiarazi zenuen proiektua, zureak dira hitz gehienak, zurea ahotsa. Ordea, banda bat duzu alboan. Ezinbesteko zitzaizun?
Bidelagun dira: ez nuke esango hierarkiarik dagoenik, ez nuke nahi horrela izatea. Gainera, kantak ez lirateke berdinak taldekideetako bat, edozein, faltatuko balitz.
Eroso zinateke bakarlari gisa?
Agian, bai, baina ez litzateke berdin. Izugarri gozatzen dut haiekin oholtza gainean, keinuka, dantzan. Maite dut konplizitate hori.
Jendaurrean aritzen ere baduzu esperientzia. Elektrotxarangan aritua zara, esaterako. Han ikasitakoek laguntzen dizute Lilon?
Bai. Hiruzpalau urtez izan nintzen 3indarrok elektrotxarangan, eta iruditzen zait inoiz bizitako esperientziarik politenetakoa izan dela; zalantzarik ez dut horrela dela. Indar handia eman dit bide honetan jarraitzeko, musikarenean. Emozioa azaldu ezina da. Haiekin aritzeak ziurtasuna eman zidan, ordura arte akaso ez nuena. Zoritxarrez, ezinezkoa zitzaidan dena uztartzea; irakasle lana, talde berria…, eta, tira, ahotsarentzat ere aski gogorra zen guztian aritzea.
Beldur zinen ahotsak ez ote zuen gehiegi sufrituko?
Aldi berean toki guztietan ariko banintz, guztiekin entseatu beharko banu, guztiekin kontzertuak eman… ez dakit. Ahotsa nire lanabesa da, bai musikan bai irakaskuntzan, eta zaindu beharra dut, ezinbestean.
Euskaraz eta gaztelaniaz atera dituzue kantak Lilon. Inoiz sentitu duzue presiorik bata edo bestea aukeratu behar izateko?
Presiorik ez dut sumatu. Nik biak ditut ama hizkuntza, eta sinetsia nago geroz eta hizkuntza gehiago jakin, orduan eta aberatsagoa dela mundua. Kantuan hasten naizenean, normalean ez dut jakiten zergatik aritzen naizen batean eta zergatik ez bestean. Hotsek izango dute zerikusia, akaso, edo hitz jolasek, esamoldeek. Niretzat, hizkuntzarena ez da muga bat. Ulertzen dut, bizi garen eremuan bizita, euskaraz aritze horretan badagoela euskarari, hizkuntzari, bultzada eman nahia ere, eta badakit artista batzuek jaso dituztela kritikak, edo badituztela dudak horrekin. Nire kasuan, halere, ez da horrela.
Zein dira zure erreferenteak?
Berri Txarrak, Zahara, Chica Sobresalto, Olatz Salvador, Izaro Andres, Dolly Parton… Asko ditut.
Seitik bost, emakumeak.
Baliteke horrek eragina izatea. Ahotsetan ere, emakumezkoen ahotsek izugarri erakarri naute beti. Mezuek ere bai, eta, noski, emakumeak hurbilago sentitzen ditut oharkabean. Miresten ditudan horiek egin dutena ikusita, sentitzen dut nik ere nahi nukeela bide hori hartu, ausardia izan.