Nafarroako haur eskoletako kideek mobilizazio molde berriak adosteko baliatu nahi dute uda, bi hilabeteko greba bertan behera utzi eta gero. Lanean segitzeko prest direla erran du Eider Gardek.
Edurne Elizondo
Nafarroako haur eskoletako langileen aldarriek hartu dituzte Iruñeko karrikak, bi hilabetez. Helburuak lortu gabe utzi dute maiatzaren 2an hasitako greba bertan behera, baina sentitu dute herritarren babesa, eta prest dira irailetik aurrera borroka biziberritzeko. Protestak emandakoaz aritu da Arbizuko Kattuka haur eskolako langile eta plataformako bozeramaile Eider Garde (Altsasu, 1979).
Greba bertan behera utzi zenuten ekainaren 30ean. Zer sentsazio utzi dizue protestaren amaierak?
Sentsazio kontrajarriak ditugu. Batetik, lehen aldiz ikusi ahal izan dugu nolako indarra dugun Nafarroan, kolektibo gisa. Bestetik, 60 egunez grebari eustea oso gogorra izan da. Indarra bagenuen jarraitzeko, baina gure soldata prekarioei %50 kentzen badiezu, egoera zaila da. Ulertu dugu gure borroka luzea izanen dela, ez dela bi hilabetean konponduko.
Kolektiboaren indarra aipatu duzu. Zerk eragin du oraingo batasun eta indar hori?
Gure borroka ez da oraingoa; gure aldarrikapenak ere ez. Hamarkada bat baino gehiago daramagu gure zikloa duin dezaten eskatzen. Kontua da orain arte bulegoetan eskatu dugula, batez ere, eta orain kalera atera gara.
Zer aldatu da?
Pandemiak asko eragin dio gure sektoreari. Pandemia garaian inkesta bat egin genien haur eskoletako langile guztiei, zikloaren egoerari eta etorkizunari buruz zer iritzi zuten jakiteko, eta hor sumatu genuen jendeak nahi zuela mobilizazio aktiboagoak egin, ikusita bide politikoak edo administraziokoak ez zuela emaitzarik ematen. Horregatik hasi ginen kalera gehiago ateratzen; langileak nekatuta eta haserre zirelako.
Bulegoetako lan horrek ez du eman nahi zenuten emaitza. Iaz, urte hasieran, lortu zenuten mahai bat osatzea, halere, Nafarroako Parlamentuko taldeekin, eta Nafarroako Gobernuko eta udalen ordezkariekin. Zer gertatu zen mahai horrekin?
Osatu bai, baina lehenengo bilera egiteko bezperan PSNk boikot egin zion. Guk beti pentsatu izan dugu 0-3 zikloa duintzeko konponbidea horrelako mahai batetik atera behar dela, baina ez dugu lortu horrelakorik aktibatzea, interes politikorik ez dagoelako.
Grebak ere ez du lortu?
Nafarroako Gobernuak sortu du nolabaiteko koordinaziorako organo bat, udalekin; gu gonbidatu gisa hartu gaituzte. Garbi esan genuen hori ez zela negoziaziorako behar genuen mahaia, baina ez genion uko egin parte hartzeari. Halere, gobernuak ez gaitu bilera guztietara deitu ere egin.
Negoziaziorako tarterik ez duzue izan, beraz?
Ez. Organo horretan gure aldarrikapenak aurkeztu ditugu, eta gobernuak bere proposamenak ezagutarazi ditu, baina negoziatzeko aukerarik gabe. Irailetik aurrera, hain zuzen, guk onartu ez genuen proposamena ezarriko du gobernuak.
Zer ekarriko du, zehazki?
Soldatak igoko dituzte; plataformak eskatzen du zenbait osagarri ere kobratzea, baina ez dute eginen. Gobernuaren proposamenak parekatzen ditu moduluak administraziopeko B, C eta D mailetara, baina ez dute, adibidez, antzinatasuna kontuan hartzen. Guk eskatzen genuen lantaldeak bikoiztea, Europak ezarritako ratioen bikoitza dugulako egun. Hori ere ez dute eginen. Eskaini dute laguntza txiki bat; nire eskolan, adibidez, pertsona bat lau orduz aritzea, sei talderentzat. Eskola guztiek ez dute laguntzarik jasoko, halere.
Bertzalde, zuek eskatu duzue haur eskolak Hezkuntza Departamentuaren menpe egotea ere. Gobernuarenak diren zazpi eskolak Eskubide Sozialen Departamentuak kudeatzen zituen, orain arte, baina abuztutik aurrera Hezkuntzak hartuko ditu. Bada urrats bat?
Haur eskolen inguruko araudiak Nafarroako Gobernuak zehazten ditu, baina udalen esku dago kudeaketa, oraindik ere. Hezkuntzak gobernuarenak diren eskolak hartu izana urrats bat da, eta aurrekari bat ezar dezake; guk garbi dugu 0-3 hezkuntza ziklo bat dela, eta Hezkuntza Departamentuak kudeatu behar duela, baina gobernuak ez du asmo hori, oraingoz.
Gobernuak ez du zuekin bat egin, oraingoz; gizarteak bai?
Baietz uste dut. Jendartea aldatu da, eta haurtzaroko etapak duen garrantziaz ohartu da. 0-3 zikloak duen garrantziaz jabetu dira. Gu ahalegindu gara hori ezagutarazten eta gizartean zabaltzen, eta sentitu dugu jendeak bat egin duela, babestu gaituela.
Greba bertan behera utzi zenutenean erran zenuten itzuliko zinetela. Zer asmo orain?
Abuzturako baditugu prest zenbait saio, elkartzeko eta hausnarketa egiteko. Grebak hartutako bi hilabeteak oso gogorrak izan dira, eta, aldi berean, ilusioz bete gaituzte. Emozioz betetako hilabeteak izan dira. Ez ditugu helburuak lortu, eta horrek esan nahi du estrategia aldatu beharko dugula, agian.
Estrategia berri horiek adosteko dira abuztuko saioak?
Gogoeta egin behar dugu, bai. Hitz egiteko eta datorren ikasturtean zer egin erabakitzeko; adosteko zer-nolako mobilizazioak eginen ditugun. Orain garbi dugun gauza bakarra da itzuliko garela; gobernuak ezin izan gaitu erosi, eta horrek zilegitasuna ematen digu borrokarekin aurrera segitzeko.