Norvegiako Vipers taldean ari da Nerea Pena eskubaloi jokalaria, 2021etik. Kirol Merituaren Urrezko Domina jasotzera etorri zen Iruñera, azaroan, eta hemen egon da, astelehenera arte. Aitortu du une gogorra dela oraingoa.
Edurne Elizondo
Nerea Penak (Iruñea, 1989) Nafarroako Kirol Merituaren Urrezko Domina jaso zuen azaroaren 30ean, Iruñean. Makuluek lagunduta parte hartu zuen ekinaldian, bigarrenez egin baitiote ebakuntza ezkerreko belaunean. Urte eta erdi bat darama jokatu gabe, eta egoera horrek “zama handia” eragin diola aitortu du. Eskertu du bere taldeak emandako babesa. Norvegiako Vipers klubean ari da iruindarra. Etxera itzuli zen azaroan domina jaso eta osatzera, eta aspaldiko lagunekin egoteko baliatu du aukera; tartean, Itxakoko kide ohiekin. “Lizarran bizi izan genuena ez dut bertze inon bizi; gure arteko harremana zoragarria zen. Itxakon hartu nahi nuen erretiroa!”. Asteon itzuli da Norvegiara Pena.
Eutsi diozue harreman horri?
Bai. Egia da pandemiak eragin digula eta azken urteotan ez dugula elkar ikusi, baina koronabirusa agertu arte hainbat aldiz elkartu gara, taldea desagertu zenetik. Zoragarria zen Itxakon genuena. Lizarrara joaten naiz urtean behin edo bitan. Andrearekin [Barno], batez ere, harreman handia dut.
Itxakok jokalari bilakatu zintuen?
Itxakon hazi nintzen, bai. Nik han hasi nuen nire bidea. Talde aparta zen, eta lehendabiziko urratsak talde horrekin egitea sekulako oinarria izan zen niretzat. Uste dut orain orduan baino balio handiagoa ematen diodala, Itxakon nintzean ezin nuelako han nuena bertze talderen bateko giroarekin alderatu. Orain bai, eta horregatik erraten dut Itxakoren gisako talde batean hartu nahiko nukeela erretiroa.
Norvegiako Vipersen zaude orain. Nolakoa da hango giroa?
Giroa bikaina da. Taldeko kideak zoragarriak dira, eta tratua ezin hobea. Itxakoren gisako talde bat da, baina ez da gauza bera, Itxakon etxean nintzelako, eta jokalariak, gainera, taldeko kideak ez ezik, nire lagunak ere baziren.
2021ean joan zinen Norvegiara, baina belauneko lesioak ez dizu ia jokatzen utzi. Zaila da halako egoera bat kudeatzea?
Hagitz tristea da gertatu zaidana, urte eta erdi bat daramadalako jokatu gabe. Klubak erabateko babesa eman dit, baina niretzat zaila da egoera horri aurre egitea. Sentitzen dudalako nik ez diodala deus eman taldeari. Etsigarria da. Taldean egon nahi dut, jokatu nahi dut, baina ezin dut. Pistara ateratzeko irrikan naiz, baina ez naiz gai. Hori da arazoa. Eta gogorra da.
Zer erran dizute medikuek osatzeko prozesuari buruz?
Lesio kroniko bat da, baina Tokioko Olinpiar Jokoak ailegatu arte, kontrolatu ahal izan dut, eta, lesioa hor egon arren, jokatzeko gai izan naiz. Tokion, partida batean, zerbait gertatu zen. Nik sumatu egin nuen. Belaunaren barruan zerbait gaizki zegoen, eta, geroztik, oinazeak jota izan naiz. Oinaze handia izan dut, hagitz handia, eta egunero, ez bakarrik pistan.
Lesioak jota joan zinen Norvegiara?
Bai. Nire asmoa zen saiatzea, eta jokatzeko gai ez banintzen, gelditzea, eta denboraldi amaierarako osatzea. 2021eko urrian gelditu behar izan nuen. Hiru hilabeteko tratamendua egin nuen, eta itzuli nintzen lanera, baina oinazea ez zen desagertu. Ezin nuen jokatu. Une hori hagitz gogorra izan zen, denboraldia galduko nuela pentsatzen hasi nintzelako. Orduan erabaki nuen ebakuntza egitea.
Denboraldi amaieran taldea laguntzeko asmoz?
Bai, gogo horrekin, behintzat. Ebakuntza egin, eta hasieran ongi nintzen, baina hilabete eta erdira, berriz ere gaizki. Errehabilitaziorekin hasi nintzen, eta sumatzen nuen zerbait gaizki zegoela. Udan atseden hartu eta gero, lanean hasi nintzen berriz, baina pistara sartu eta garbi nuen ez nengoela ongi. Ezin nuen nire jokoa egin.
Eta berriz ebakuntza egitera?
Bai. Otsailean ebakuntza egin zidan mediku berak egin zidan , berriz ere, azaroan. Tendoiaren barruan zulo bat aurkitu zidaten.
Eta zer moduz zaude orain?
Oraingoz, ongi, baina ez dudalako deus egiten. Ez dut pentsatu nahi dena ongi dagoela, ez dudalako, berriz ere, kolpe bat hartu nahi. Zuhurtasunez jokatu nahi dut; oinazea desagertzea bertzerik ez dut nahi.
Azken urte eta erdian, burutik pasatu zaizu eskubaloia uztea?
2021ean bai, pentsatu nuen uzteko unea zela. Gaizki nengoelako, eta sufritzen ari nintzelako, eta ez nuelako horrela jokatzen jarraitu nahi. Nik beti pentsatu dut zorte handia izan dudala nire ibilbidean, beti gozatu dudalako, eta erraza izan delako dena, neurri handi batean. Itxakoren gisako talde batean hasi nintzen; eta Itxakotik Hungariara joan nintzenean ere Ferencvarosi taldean bertze etxe bat aurkitu nuen. Nire bigarren etxea izan da, hagitz inportantea. Langile klasearen taldea da, eta zaleek inoiz ez zaituzte bakarrik uzten. Hungarian bederatzi urtez izan naiz, eta zazpi talde horretan egin ditut. 33 urte ditut orain, eskubaloiak segitzen du nire pasioa izaten, baina azken hilabeteotako oinazeak dena jarri du hankaz gora.
Zure mailari eusteko presioa ere sumatzen duzu?
Horregatik pentsatu nuen agian uzteko unea zela, ez dudalako jokatu nahi nire %100 emateko gai ez banaiz. Lehen mailako jokalarien artean egon naiz beti, eta, horri esker, nik ere nire onena ematea bilatzen dut beti. Ez dut eskubaloia bertzela ulertzen.
Bigarren ebakuntza egin eta gero, bazter utzi duzu eskubaloiari agur errateko aukera?
Oraindik ez dut ideia hori baztertu. Orain nire lehentasuna ez da oraingo sasoian jokatu ahal izatea, baizik eta oinazea desagertzea. Oinazerik gabe, ni prest naiz gogor lan egiteko pistara itzultzeko eta nire maila emateko. Lesioa bazter utzita, ni sasoian nago. Eta gogoz.
Eperik jarri diozu zure buruari?
Ez, orain arte denek huts egin didatelako.
Nafarroako Gobernuaren Kirol Merituaren Urrezko Domina jaso duzu berriki. Behar zenuen horrelako aitortza bat une honetan?
Hagitz polita izan da. Sekulako poza eman dit sari honek. Rebeca Esnaola Kultura kontseilariak deitu zidan, eta, deia amaitu bezain pronto, negarrez hasi nintzen. Sari berezi bat da, ibilbide osoari egiten diolako so.
Orain arte egindako lana aitortu dizute, nolabait?
Bai, eta hori hagitz polita da. Hori gertatzea, gainera, lesioagatik bolada txar bat pasatzen ari naizenean, are politagoa. Horrek bilakatu du bereziago. Irabazten duzunean denek egiten dizute so, baina gaizki zaudenean, zoritxarrez, bazter gelditzen zara. Horregatik eskertu dut hainbertze domina orain jaso izana.
Argazkia: Iñigo Uriz / Foku