“Osasuna ezin da gure baliabideen menpe egon”

“Osasuna ezin da gure baliabideen menpe egon”

Cristina Guerra Nafarroako Parlamentuan izan da, Cocemfe elbarritasun fisikoa eta organikoa dutenen elkarteen federazioaren izenean; Osasunbideko itxaron zerrendak salatu ditu.

Edurne Elizondo

Sutsu egin du Cristina Guerrak (Iruñea, 1973) osasun sistema publiko “sendo” baten alde, Nafarroako Parlamentuko taldeen aurrean. Osasun Batzordearen lan saio batean parte hartu zuen, joan den astean, Cocemfe elbarritasun fisikoa eta organikoa dutenen elkarteen federazioko bertze kide batzuekin. Erizaina da Guerra, bai eta gaixo onkologikoa ere.

Barrutik ezagutzen duzu osasun sistema. Egoera larria da?

Egoera hagitz larria da, eta garaia da konponbide bat bilatzeko. Parlamentuko talde guztiei dagokie lan hori egitea. Arazoa, gainera, ez da oraingoa; aspalditik ohartarazten ari gara egoera okertzen ari dela.

Zertan dira gauzak?

Sistema hondatu dute. Uste dut zerbitzua pribatizatzea dela helburua. Eta ezin dugu ahaztu osasungintza pribatizatzeak jende anitz utziko duela kanpoan, ez bakarrik arrazoi ekonomikoengatik.

Gaixo kronikoez ari zara?

Adibidez, bai. Nire kasuan ere, minbizia izan eta gero, inork ez dit aseguru pribatu bat egingo. Aukera hori ere ez dugu. Lehen eta bigarren mailako herritarrak daude, eta agerian gelditzen ari da. Nire apustua osasun sistema publikoaren aldekoa da, betiere.

Zer aldatu behar da sare publikoa indartzeko?

Ni erizaina naiz, eta gaixo onkologikoa. Ez naiz kudeatzailea. Baina garbi erran behar da aspalditik ari direla osasungintzako profesionalak gaizki tratatzen, eta hori aldatu behar da. Gauza anitz daude egiteko, baina inork ez du lan hori hasi nahi. Horrek, beraz, denak bilakatzen ditu egungo egoeraren erantzule.

Pandemiak eragin du gertatzen ari zen guztia agerian gelditzea?

Bai. Pandemiarekin ezin izan dute gehiago ezkutatu osasungintzan dagoen krisia. Denak egin du gainezka. Osasungintzaren egoera ahula zen pandemia hasi aurretik, eta horrelako krisi bati aurre egin behar izateak eragin du egoerak eztanda egitea.

Soldatak dira arazo nagusia?

Batzuek diru gehiago eskatzen dute, baina erizainon artean, behintzat, arazo nagusia lan karga da. Lana kudeatzeko eta antolatzeko bertze modu bat eskatzen ari gara; langile gehiago eskatzen ari gara, ezin baitugu lan guztia gure gain hartu. Dirua ez da lehentasuna. Badakit ez dela erraza, baina kudeaketaren ardura onartu dutenek badute erantzukizun bat, eta ezin badute arazoa konpondu, agian hori onartu eta ardura hori utzi beharko lukete; zintzotasunez jokatu, gutxienez.

Gaixo onkologikoa zara; sistemaren alde hori ere ezagutu duzu. Nolakoa izan da prozesua?

2018ko abuztuan jakin nuen bularreko minbizia nuela, eta irailaren 25ean egin zidaten ebakuntza. Nik sentitu nuen dena hagitz agudo joan zela, baina gogoan dut zirujauak erran zidala berandu zela jada, diagnostikoa jaso eta ebakuntza egin arteko denbora tarte hori murriztu behar zela.

Kimioterapia hartu behar izan zenuen?

Kimioterapia, eta erradioterapia. Ebakuntza egin eta gero, azkar joan zen dena. Ez nuen zain egon behar izan. 2019ko martxoan bukatu nituen tratamenduak. Esparru horretan ez nuen arazorik izan. Bularra berregiteko ebakuntzak ere nahiko azkar egin zizkidaten.

Mediku azterketak egiteko orduan sortu dira arazoak?

Egoerak, niretzat, duela urtebete egin zuen okerrera, eta iazko azaroan gehiago okertu zen: mamografia egiteko, sei hilabeteko itxaron zerrenda zegoen. Azaroan, maiatzeko gaixoak artatzen ari ziren. Onkologoarekin ere abuztuan egon behar nuen, baina azarora arte ez ninduen hartu. Deika aritu behar izan nuen ordua lortzeko.

Sei hilabetez atzeratzeak zer ondorio izan dezake gaixo onkologiko batentzat?

Hori hagitz inportantea da. Mamografia ongi badago, berdin zait onkologoak hartzen ez banau. Emaitza telefonoz jaso dezaket, eta aukera eman onkologoarekin egoteko beharra dutenak arta ditzaten. Baina mamografia garaiz egitea funtsezkoa da; nire osasuna dago jokoan. Minbizia nuela erran zidatenean, aurreko urteko mamografietan ez zegoen arazorik. 2017ko nire mamografia ongi zegoen, eta, 2018koan, lau tumore nituen. Sei hilabetez atzeratzeak berriz gaixotzea eta sei hilabete berandu jakitea ekar dezake.

Osasun mentalari kalte egiten dio zain egon behar izateak?

Bai, zalantzarik gabe. Ez baitakizu ongi edo gaizki zauden. Eta ziurgabetasun horrek min egiten dizu. Nahikoa dugu minbiziarekin, ezin dugu bertze oinazerik erantsi.

Sare pribatura jo zenuen azaroan, azkenean.

Bai. 170 euro ordaintzea erabaki nuen, ez nuelako zain egon nahi. Beldur nintzelako. Baina denek ez dute aukera hori; nik neuk, azaroan ordaindu ahal izan nuen, baina, akaso, hurrengoan ezin izanen dut. Gure eskubidea da osasun sistema publikoan behar bezala artatzea, eta horren alde egiten segituko dut. Gure osasuna ezin da egon gure baliabide ekonomikoen menpe. Horrek lehen eta bigarren mailako herritarrak egotea eragiten du.

Zergatik erabaki duzu egoera Nafarroako Parlamentuan salatzeko urratsa egitea orain?

Saray elkarteko kidea naiz; nire egoera, noski, ez da salbuespen bat. Emakume anitz egon gara egoera berean, zain, eta elkarte gisa uste genuen garaia zela jendaurrean egoera hori salatzeko. Niri proposatu zidaten, eta baietz erran nuen.

Lan saioa bukatuta, eta taldeen erantzunak entzunda, zer moduz atera zinen?

Kontent atera nintzen, erran nahi nuena erran nuelako. Baina beldur naiz itxaron zerrenden auzia bazter utziko ote duten berriz ere. Entzun gaituzte, eta horrek pozten nau, baina orain ezin gara gelditu.

Parlamentuan errandakoa zabaltzen segitzeko prest?

Bai, uste dut hori egin behar dugula; exijitu behar dugu egungo egoera konpon dezatela. Nahikoa dugu! Sistema berrantolatu beharko dute, neurriak hartu beharko dituzte oraingo egoerari buelta emateko. Urrian jende guztia oroitzen da bularreko minbiziarekin; lasterketa batean parte hartzen dute, xingola arrosa jartzen dute, baina urria pasatuta, ahaztu egiten zaie. Ongi dago urrian minbizia erdigunean jartzea, baina ez bakarrik egun batez. Gu ez gara bertze inor baino ausartago; ez gara ez txapeldun, ez borrokalari. Gaixotu egin gara, eta minbiziari aurre egitea egokitu zaigu. Horretarako behar dugu osasun sistema publiko sendo bat. Hori da gakoa, eta ez bertzerik.

Argazkia: Iñigo Uriz / Foku.