Nafarroako Gobernuak Bira Nafarroan Barna programa antolatu du, herrialdeko musikarien lana sustatzeko. Hamazazpi artista ariko dira, eta 30 kontzertu emango dituzte, herriz herri.
Edurne Elizondo
Bertze bira bat. Nafarroako Gobernuko Kultura Departamentuak hirugarrenez antolatu du Bira Nafarroan Barna bere programa, herrialdeko musikarien lana sustatzeko. 2021. urtean egin zuten lehendabizikoz, pandemiak kulturaren esparruan eragindako etenaldiari aurre egiteko asmoz, batez ere. Emaitza hagitz ona izan zenez, bigarrenez egin zuten iaz, eta martxan da dagoeneko hirugarren aldia.
Urtetik urtera, hain zuzen ere, gora egin du parte hartzaileen kopuruak, eta oraingo aldian hamazazpi artista edo talde igoko dira, denera, oholtza gainera. 30 kontzertu eginen dituzte musikariok, Nafarroako bertze hainbertze herritan.
Kai Etxaniz kantautoreak emango du birako hurrengo kontzertua: Azkoienen joko du bihar. Kultur etxean eginen dute emanaldia, 20:00etan. Urriaren 13an, berriz, Zizur Nagusian ariko da abeslaria. Izan ere, bira bi zatitan antolatu du Nafarroako Gobernuak: udaberrikoa ekainaren 3an amaituko da, eta irailetik aurrera, berriz, udazkenekoa eginen dute.
Etxanizekin batera, Joseba Irazokik, Javi Roblesek, Ane Martijak eta Pleura eta Nublar taldeek parte hartuko dute, bertzeak bertze, datorren azaroaren 29ra bitarte.
Musika herrietara eraman
Programaren helburu nagusia da, alde batetik, gorabidean diren herrialdeko musikarien lana sustatzea, eta haientzat ohikoak ez diren zirkuituetara eramatea; eta, bertze alde batetik, euren kabuz antolatuko ez lituzketen emanaldiak egiteko aukera eskaintzea udalei. “Musikariei ateak ireki nahi dizkiegu, euren talentua erakuts dezaten; eta herrietara eraman nahi ditugu, aldi berean, musikaren oraina islatzen duten artistak eta taldeak”, laburbildu du Nafarroako Gobernuko Kultura kontseilari Rebeca Esnaolak.
Kontzertu guztietarako sarrerak 5 euroan jarri dituzte salgai. Saioen inguruko informazio osoa Nafarroako Gobernuaren Kultura Departamentuaren Culturanavarra.es helbidean dago eskuragarri.
Kontzertuak
Bira Nafarroan Barna programako udaberriko kontzertuak ekainaren 3an amaituko dira, Martzillan. Irailean, berriz, udazkenekoak hasiko dira, Barañainen.
Kai Etxaniz. Bihar (Azkoien) eta urriaren 13an (Zizur Nagusia).
Raimundo el Canastero. Ekainaren 2an (Irurtzun) eta urriaren 21ean (Viana).
Shady Bluejays. Ekainaren 3an (Martzilla) eta azaroaren 24an (San Adrian).
M d Runa. Irailaren 21ean (Barañain).
Superacid. Irailaren 23an (Castejon).
MDR Madurga. Irailaren 29an (Azagra).
Mon DVY. Irailaren 30ean (Los Arcos).
Raul Vital. Urriaren 1ean (Murchante).
Alejo. Urriaren 6an (Tutera) eta azaroaren 3an (Cintruenigo).
Cobardes. Urriaren 7an (Ribaforada) eta urriaren 20an (Tafalla).
Nublar. Urriaren 14an (Faltze).
Pleura. Urriaren 27an (Uharte) eta azaroaren 11n (Etxari Aranatz).
Javi Robles. Urriaren 28an (Alesbes).
Guarimba. Azaroaren 4an (Noain) eta azaroaren 17an (Aritzala).
Beietz! Azaroaren 10ean (Atarrabia)
Joseba Irazoki. Azaroaren 18an (Lizarra) eta azaroaren 19an (Agoitz).
Ane Martija. Azaroaren 29an (Lesaka).