E. Elizondo
Mahai gainean da eztabaida; Iruñean, bai eta Iruñetik kanpo ere. Nafarroako hamaika herritan erabiltzen dituzte animaliak bestetan, eta horietako hainbatetan sortu da horri buruzko gogoeta. Uharten eta Barañainen, adibidez, herri galdeketa eginen dute bigantxak izan edo ez erabakitzeko. Kostu ekonomikoa dago mahai gainean, batetik, eta animalien erabilera bera, bertzetik. Tafallan, berriz, murriztu egin dute zezenketak diruz laguntzeko saila: 37.000 euro ingurukoa izan zen iaz, eta aurten, berriz, 30.000 euro ingurukoa. EH Bilduk du alkatetza herri horretan.
Tuteran harago jo dute, eta kendu egin dute zezenketentzako diru laguntza aurtengo bestetarako. Horrek ez du erran nahi, hala ere, zezenketak eginen ez dituztenik: diru publikorik gabe ere, bi antolatuko dituzte Macua etxeak eta Tuterako bertako enpresari batek. Plaza udalarena da, eta erabiltzeko baldintzak jasotzen dituen agiriak ez dio zezenketak egiteko aukerari atea itxi. “Ez dugu uste debekatzea denik aukerarik egokiena”, erran du Tuterako alkate Eneko Larrartek (Ezkerra).
Udalak, gainera, 47.000 euroko diru saila onartu du zezenak eta bigantxak erabiltzen dituzten bertzelako ikuskizunak antolatzeko. Iaz, 78.000 euro ingurukoa izan zen saila. “Heriotzarik gabeko ikuskizunentzako diru saila onartu dugu; azken urteotan behera egin du zezenketen ikusleen kopuruak, eta herritarren artean ere animalienganako tratu txarrei buruzko ardura gehiago bada; hori kontuan hartuta erabaki dugu zezenketak diruz ez laguntzea”, azaldu du Larrartek.
Alkatearen hitzetan, animalien aurkako “tratu txarren gradua” da kontua. Horregatik, zezenketen gisa heriotza eragiten duten ikuskizunak diruz ez laguntzea erabaki dute. 47.000 euroko diru laguntza banatzeko baldintzak jasotzen dituen agirian, ondorioz, entzierroen gisako bertzelako ikuskizunak lehenetsi dituzte. Larrartek onartu du, hala ere, ez dakiela halakoetan erabiltzen dituzten animaliengan ikuskizun horiek zer-nolako eragina duten. “Ez dut daturik”.
AVATMA tauromakia eta animalien aurkako tratu txarrak ezeztatzearen aldeko albaitarien elkarteak egin ditu hainbat txosten tekniko entzierroek eta gisakoek animaliengan duten eraginari buruz, hain zuzen ere, eta ondorio nagusia da halakoek “sufrimendu handia” eragiten dietela animalioi.
Barañainen, galdeketa prest
Barañainen eta Uharten ez dute zezenketarik egiten, baina bigantxak izaten ohi dituzte bestetan. Bi herriotako udalek herritarrei galdetuko diete aurten bide beretik jarraitu nahi ote duten edo ez. Barañainen datorren astean eginen dute galdeketa, hilaren 27tik 30era, hain zuzen ere. 16 urte baino gehiago dituztenek eta erroldan direnek parte hartu ahal izanen dute, eta emaitzak udala lotuko duela argi erran dute herriko agintariek. Iaz, 15.000 eurokoa izan zen herrian bigantxak izateko sailaren kopurua.
Uharten, joan den martxoan onartu zuten bigantxen erabilerari buruz galdeketa egiteko mozioa. Aho batez egin zuten talde guztiek haren alde. PPko kideak kexu agertu ziren, hala ere, osoko bilerara eraman aurretik auzia ez zutelako batzordean jorratu. Maiatzean eginen dute galdeketa.