“Asko lagundu dit neure buruaz barre egin ahal izateak”

“Asko lagundu dit neure buruaz barre egin ahal izateak”

Markos Goikoleak Iruñeko La Piel antzerki konpainiarentzat idatzitako ‘Beren izenez’ testuak Euskaltzaindiaren Lautan3 laguntza jaso du. Izen bereko jaialdian estreinatuko dute antzezlana, datorren otsailean.

Edurne Elizondo

Iruñekoa da Markos Goikolea, (1989), baina Bartzelona du bizitoki. Hiriburuko La Piel antzerki konpainiarekin garatu du bere azken proiektuetako bat: Beren izenez antzezlana idatzi du talde horrentzat. Testuak Euskaltzaindiaren Lautan3 programako 2.000 euroren laguntza jaso du. Izen bereko jaialdian estreinatuko dute, otsailean,

La Piel konpainiarentzat idatzi duzun antzezlanak Euskaltzaindiaren laguntza jaso du. Kontent?

Bai. La Piel konpainiako kideekin aspalditik dut harreman estua; Nafarroako Antzerki Eskolan ezagutu genuen elkar. Euskaltzaindiak euskarazko antzerkia sustatzeko duen Lautan3 programarako lan labur bat idazteko eskatu zidaten, eta gustura egin dut. Ordu erdi bateko obra da. Laguntza jaso izana sari bat da, eta oso pozik nago.

Enkarguz lan egitera ohituta zaude?

Egin ditut lan batzuk enkarguz, baina ez dut beti modu horretan lan egiten.

Prozesua anitz aldatzen da?

Ezberdina da, bai, zerbait eskatzen dizutenean baldintza jakin batzuk ematen dizkizute eta. Halere, gutxitan egin daiteke lan batere baldintzarik gabe. Euskaltzaindiaren laguntza jaso duen testua idazteko ere, gaia nik aukeratu arren, baziren bete beharreko mugak: espazio txiki batean antzezteko moduko testu bat egin behar nuen, eta denbora muga jakin bat zuena.

Beren izenez izenburuko lana idatzi duzu. Zein da testuaren oinarria?

Komedia zentzugabe bat da. Beilatoki batean dagoen bikote bat da abiapuntua. Emakumearen aita hil delako daude han. Emakumeak aitaren izena jarri nahi dio semeari, eta hortik dator lanaren izenburua. Izen batek izan dezakeen pisuaz ari da lana; aztertzen du izen batek esanahiz bete dezakeela nortasun bat, ala ez… Abiapuntua hori da, eta, hortik, egungo edozein bikotek izan ditzakeen eztabaidak azaleratzen dira: polimaitasunaz, hiritik herrira joateko nahiaz edo heriotzaren merkantilizazioaz.

Eszenatokian, hain zuzen, hilkutxa batek laguntzen ditu bi aktoreak obra osoan.

Obra idazten ari nintzenean, hain zuzen, kezka eragiten zidan hilkutxen prezioak! Dirutza balio dute! Kontua da heriotzaren merkantilizazioaren inguruko hitzaldi batean entzun nuela legez beilatoki guztietan kartoizko hilkutxa bat erosteko aukera eskaini behar digutela.

Kartoizkoa?

Bai. 300 euro inguru balio dute. Begiratzen aritu naiz, obra estreinatzen dugunerako. Kartoizkoa da, baina sendoa. Obra idazterakoan, hitzaldi hartan entzundakoarekin oroitu nintzen, eta horregatik erabaki nuen hilkutxak kartoizkoa behar zuela. Hilkutxak berak aukera eman dit obran horretaz hitz egiteko.

Umorea baliabide on bat da heriotzaz hitz egiteko?

Baietz uste dut; egia esan, nik beldur handia diot heriotzari. Ezinegona eragiten dit heriotzari buruz pentsatze hutsak. Badakigu denon patua hori dela, baina, bai, ezinegona eragiten dit. Gustatzen zait, halere, umore beltza; uste dut modu on bat dela gaiari pisua kentzeko.

Euskaltzaindiak nabarmendu du gidoi landua dela zurea, eta kolpe barregarriz beteriko lana sortu duzula. Zer iruditzen zaizkizu hitz horiek?

Oso pozgarria da. Komediarekin gertatzen da zu etxean idazten ari zarenean barrea eragiten dizun horrek, akaso, beste batzuk hotz utziko dituela. Laguntza eman izanak eta saria erabaki dutenek hori esateak baieztatzen dit testuak funtzionatzen duela komedia gisa.

Idazten duzuna erakusten diozu norbaiti, funtzionatzen ote duen jakiteko?

Bai, bai. Oraingoan, konpainiako kideekin egin dut lan hori, idazten nuenak izan zezakeen harrera probatzeko ariketa hori. Kontua da aspalditik ezagutzen dugula elkar, eta umore bera dugula!

Ez naiz inoiz Dublinen egon zure aurreko lana Mireia Gabilondok zuzendu zuen. Harekin nolakoa izan zen harremana?

Asko lagundu zidan Mireia Gabilondok, egia esan. Bikotekideari ere erakusten dizkiot testuak, gaztelaniaz idazten dudanean. Eta amari ere bai!

Zer moduzko kritikaria da ama?

Amari beti gustatzen zaio egiten dudana!

Umorea, halere, subjektiboa da, ezta?

Bai, eta hori asko sumatzen da testu bat oholtzara eramaten duzunean. Batzuetan, zuk uste duzu sekulako txistea egin duzula, eta mundu guztiak barre eginen duela, eta inork ez du irri egiten! Alderantzizkoa ere gertatzen da, ustez barrea eragiteko idatzi ez duzun zerbait entzuterakoan, mundu guztiak barre egiten duela. Eta zuk ez dakizu zergatik!

Komedia egitea ariketa zaila da?

Agian, subjektibotasun horrek bilakatzen du zailago. Komedian, gainera, ikus-entzuleen erantzuna berehalakoa da. Obra antzezten denean, zuk badakizu funtzionatzen duen edo ez, jendeak barre egiten duen edo ez. Drama bat antzezten duzunean, erantzun hori ez da hain argia. Nork bere barruan senti dezake oholtzako drama. Komedia batean jendeak ez badu barre egiten…

Porrotaren seinale bat da?

Titanic ontziaren hondoratzea zuzenean ikustea bezalakoa da!

Inoiz gertatu zaizu?

Egia esan, estreinaldietan oso gaizki pasatzen dut. Ez zait inoiz pasatu obra osoan jendea isilik gelditzea, baina bai nire ustez oso ona zen txiste batekin inork barre ez egitea. Obra zenbait aldiz zuzenean ikusi eta gero, lasaitzen naiz.

Nondik datorkizu komediarako zaletasuna?

Beti gustatu izan zait. Komedia bizitzeko modu bat ere bada. Umoreak beti lagundu dit asko, eta, batez ere, neure buruaz barre egin ahal izateak. Niretzat, munduarekin harremanetan jartzeko modu bat izan da.

Komedia izan daiteke gauza hagitz serio bat?

Bai, guztiz. Gauzak umorez jorratzeak ez du esan nahi sakon jorratzen ez dituzunik. Niri gehien gustatzen zaizkidan komediak dira ukitzen nauten gaiak lantzen dituztenak: komedia soziala, komedia politikoa.. Komediak, finean, gure zaurgarritasunak azpimarratzen ditu, eta gustatzen zait horri buruz barre egin ahal izatea.

Zure zaurgarritasunez ere bai?

Bai, noski! Pertsonaiak idazten asko gozatzen dut. Prozesu horretan, fikziozko eta nire bizitzako erreferenteak hartzen ditut. Neure burua ere hartzen dut eredu.