Alaitz Rekondo (Lesaka, 1980) Iruñeko Anaitasuna kiroldegiko oholtzara igo zen larunbatean, hilaren 2an, Julio Soto aurtengo Nafarroako Bertsolari Txapelketako irabazleari txapela jartzera. Nafarroako Bertsozale Elkarteak aitortza egin nahi izan dio Rekondoren bideari, eta lesakarrak «hunkituta» eskertu du. Rekondo ikastolan murgildu zen bertsolaritzaren munduan; kantuan aritu zen lehendabizi, baina oholtzaren gainean gaiak jartzen aurkitu du bere tokia. Nafarroako Bertsozale Elkarteko lehendakaria izan da hamabi urtez. Zer moduz finala?Ongi, izan nuen gozatzeko aukera. Gainera, 2006ko txapelketatik lehen aldiz izan naiz oholtzatik kanpo. 2006tik, txapelketa guztietan izan naiz finalak aurkezten, eta aurten, ez.Ezberdin ikusten da finala oholtzatik at? Lasaiago?Berezia izan da. Arratsalde polita izan zen. Gainerako ikus-entzuleen artean izan naiz aurtengo finalean, baina gai jartzaileen taldekoa banaiz, eta, beraz, ardura hori hor da. Beti izaten gara guk proposatutako gaiak ongi ulertuko ez ote diren beldur. Baina finala ederki joan zen, eta gozatu nuen.Eta nolakoa izan zen zuretzat Julio Sotori txapela jartzeko momentua?Hagitz polita eta hunkigarria izan zen. Goxotasun pila jaso nuen kiroldegian zirenen aldetik, eta hori beti gogoratuko dut. Juliori [Soto] txapela jartzeko momentua ere ikaragarri polita izan zen.Julio Soto eta Alaitz Rekondo, larunbatean, Nafarroako Bertsolari Txapelketako Iruñeko finalean. AITOR KARASATORRE. / FOKUUrduri sumatu zenuen?Txapela jartzeko momentua biona izan zen, jendaurrean egon arren. Urtetako harremana dugu, eta uste dut dugun konfiantza hori guztia sumatu zela; besarkada goxo bat eman genion elkarri, indarrez betea. Hitz askorik gabe, gauza anitz erran genion elkarri. Hagitz polita izan zen, eta ez dut erraz ahantziko.Bertsolaritzaren alde egin duzun lana aitortzeko hautatu zaituzte txapela jartzeko. Nola hartu duzu aitortza hori?Ez nuen espero. Hasieran, grazia egin zidan, elkarteko kide sentitzen naizelako egin baitut egin dudan lana. Gero, pentsatzen hasi, eta orduan ohartu naiz egin dudan bideaz, egin dudan lanaz. Ingurukoek aitortza hori egitea gauza handia eta polita da. Hunkitu nau. Eta lanean segitzeko gogoz naiz.Bertsolaritza goraldian da Nafarroan?Nik osasuntsu ikusten dut. Finalean baziren Iruñerriko bi emakume, Sakanakoak… Garai batean, bertsolaritza lotuago egon da iparraldearekin, Bortziriekin, eta orain gehiago zabaldu da. Hori polita da. Gai jartzaileen eta epaileen artean ere badira Lizarrakoak, Sakanakoak…Zaleen artean ere sumatu duzu aldea?Bada adin eta toki anitzetako jendea, bai. Polita da hori. Bada transmisioa, bada lotura bat.Zu nola hasi zinen?Ikastolan hasi nintzen. Gustatu zitzaidan; taldetxo bat sortu, eta bertso eskolara pasatu ginen Manolo Arozenarekin eta Bittor Elizagoienekin. Unibertsitatera joan arte han ibiltzen ginen; bat-batean ere hasi ginen, auzoetako bestetan, eta gazte sariketaren batean. 2000. urtean Nafarroako Bertsolari Txapelketan parte hartzea erabaki nuen. Hori izan zen nire esperientzia bakarra. Unibertsitatean hasita, bazter utzi nuen bertsolaritza. Utzi eta handik bi urte ingurura, itzuli nintzen, baina ez txapelketetan aritzeko asmoz. Lagun arteko giroan aritzeko bakarrik. Gai jartzaileak behar zirela jakin nuen, eta horrela hasi nintzen, 2002an. Hor hartu nuen espero ez nuen toki bat.Ezkutuko lana da gai jartzaileena?Bai. Saio bakoitzaren hezurdura zehazten duen lan bat da, baina ezkutuan gelditu ohi da. Halere, uste dut gero eta gehiago aipatzen dela gai jartzaileon lana, gero eta gehiago balioesten dela. Aurtengo txapelketan, bereziki, zorion mezu eta esker oneko mezu anitz jaso ditugu. Txapelketakoa talde lan bat da, eta sumatu da mimoz eta gogoz egin dugula.Zeintzuk dira gaiak aukeratzeko irizpideak?Txapelketan gure hitz magikoa oreka da. Orekari eutsi behar diogu, beti.«Zorion mezu anitz jaso ditugu; txapelketakoa talde lan bat da, eta sumatu da mimoz eta gogoz egin dugula»Zer erran nahi du horrek?Gai guztiek antzeko pisua izan behar dutela; bertsolari bati gai sakon bat ematen badiozu, guztioi barruraino sartzen zaizkigun horietako bat, eta bertze bati azaleko gai bat, hor ez da orekarik. Saiatu behar dugu denen baldintzak ahalik eta gehien orekatzen.Gaiak anitz du errateko final batean?Bai, badu. Gai jakin bati buruz bertsolari batek eta bertzeak dakitenak ere errateko anitz du.Gogoan duzu espero ez zenuen eztabaida piztu duen gairik?Egia erran, ez, baina memoria txarrekoa naiz ni; beraz, akaso, horregatik ez naiz oroitzen.Ez duzu berriz kantatzen hasteko gogorik izan inoiz?Izatekotan, lagun artean. Badakit nire tokia non den; bertsoak lagun artean gozatzeko dira niretzat.