Gure izenean ez

Gure izenean ez

«Europa jada ez da zuria», esan zuen Angela Davisek, 2017ko urrian, Bartzelonako CCCBn emandako Revolution Today hitzaldian. Horren harira, nik esaten dut Euskal Herria ez dela jada zuria, edo hobeki planteatuta, noizbait izan al da zuria?

Europako arazorik handiena gara gu, Europaren buruko min bihurtu gara. Gu gara kontinente honetan gertatzen diren gauza txarren errudunak. Gutaz hitz egiten da, erakutsi egiten gaituzte eta auzipetu egiten gaituzte. Beldur eta zabor guztiak gainean bota dizkigute. Ez gara duinak, nola ez! Guk, basatiok, atzeratuok bidaiatzeko eta hemen bizitzeko ordaindu behar dugun kuota oso handia da.

Saartjie Baartmann egon zen kaiola horretan bezala jarraitzen dugu guk, immigranteok. Saartjie Baartmann emakume afrikar bat izan zen, kaiola batean sartu zuten haren ipurdia eta sexu organoak Europan barna erakusteko, ferietako munstroa. Izan ere, Georges Cuvier anatomista europarrak zera esan zuen emakume hartaz: «Inoiz ez dugu ikusi tximino baten hain antzeko giza bururik». Ezin dugu ahaztu Europako akademia historikoki arrazista eta klasista izan dela. Duela mende batzuk, europarrak ez garenak deshumanizatu egin gintuzten beren basakeria estaltzeko eta justifikatzeko. Tamalez hau da Europarekin ezarri den harreman historikoa. Kolonizatzaileak-kolonizatuak, esplotatzaileak-esplotatuak, zapaltzaileak-zapalduak.

Objektu izaten jarraitzen dugu, ez gara subjektu politikoak, ez dugu politikan parte hartzeko gunerik. Euskal Herrian, migrazioaren inguruko politikak gu gabe garatzen dituzte. Zer zentzu du horrek? Ez digute galdetzen zer pentsatzen dugun, nola ikusten dugun Euskal Herriaren gaurko egoera. Ematen du guk ez dugula ikuspegirik, ez dugula jarrera etikorik eta intelektualik. Mamu kolektiboa gara. Kontu bera gertatzen da alderdi politiko progresistetan, gutaz hitz egiten dute baina gure errealitatearen inguruan ez dute ideia zipitzik ere. Ez dugu elkar ezagutzen, aurreiritziz beteta gaude denok harreman horizontala, politikoa, afektiboa eta soziala sortzeko. Guk gaur egungo Euskal Herrian gure rola zein den birpentsatzen eta hausnartzen dugu. Eta ez dugu argazkiko belztxoak izan nahi, ez dugu apurrik nahi. Benetako errepresentazio politikoa eta soziala espero dugu. Ez begirada kondeszendienterik edo inkisidorerik.

Euskal Herrian, migrazioaren inguruko politikak gu gabe garatzen dituzte. Zer zentzu du horrek? Ez digute galdetzen zer pentsatzen dugun

Pentsamendu kolonizatzailea apurtu behar da, eta pentsamendu kolonizatua ere bai.

Pentsamendu kolonizatua, bai. Ez da batere erraza gutxiagotasun konplexua gainditzea, immigrantearen konplexu hori gainetik kentzea, eta horretaz gain, askotan migratzaile askori hemen gertatzen diren gauzak berdin zaizkiela dirudi, tamalez. Ez da batere erraza boterea partekatzea, harreman horizontalak eraikitzea. Ahalmen politiko erreala eta sakona behar da eredu hegemonikoa desegiteko.

Bi pentsamendu horiek, kolonizatzailea eta kolonizatua, gainditu egin behar dira. «Etorkizuna, aldaketa edo iraultza, feminista izango da edo ez da izango» diote. Era berean, Euskal Herriaren etorkizuna, iraultza edo aldaketa gurekin izango da edo ez da izango.