«Garai batean errefusatu nituenak besarkatzen aritu naiz azken boladan»

«Garai batean errefusatu nituenak besarkatzen aritu naiz azken boladan»

Hasier Larretxeak (Arraioz, Baztan, 1982) Sendatzen duten hitzak izenburuko tailerrak dituen sei saioetako bosgarrena bukatu eta gero hartu du Nafarroako Hitza, Iruñeko Txantreako liburutegian. Kontent atera da gelatik, parte hartzaileak segitzeko gogoz gelditu direlako. Madrilen bizi da Larretxea, baina Nafarroan garatu ditu bere azken proiektuetako anitz; udazkenean, Erriberrin eta Ribaforadan garatuko du osasun mentala eta literatura uztartzen dituen bere egitasmoa.

Espainiako Gobernuak Lizarran kulturari eta landa eremuari buruz antolatutako jardunaldian aritu berri zara. Madrilen bizi arren, ahalegin bat egin duzu landa eremuarekin duzun loturari eusteko?

Bai; maiatzetik hamabortzean behin etortzen naiz Nafarroara. Lizarrako foroa aski interesgarria izan zen nire baitako eta landa eremuko elementu guztiekin konektatzeko, eta, gehienbat, sinergien eta egindako deskubrimenduen bitartez bide hori egiten jarraitzeko.

Nolako sinergiez ari zara?

Topo egin nuen, adibidez, Asturiasko proiektu batekin; han, landa eremuan eta irakurketaren bidez, belaunaldi ezberdinetako emakumezkoen taldeak lantzen dituzte. Emakume horietako batzuk elkarrekin haserretu dira, bizitzaren inguruko gauza garrantzitsuak ez dizkiotelako erran elkarri. Isiltasunak zeharkatu ditu haien bizitzak. Landa eremuan, arlo ezberdinetan, bide aski interesgarriak lantzen ari dira.

«Orain, herrira itzultzean, badut harrotasun puntu bat, gertatu diren aldaketez jabetzen naizelako»

Garai batean, ematen zuen hiria zela kulturaren eta sormenaren toki. Aldatzen ari da?

Hala zen, eta herrietako jendea ez zen epizentroan jartzen. Lizarrako foroan, hain zuzen, hango jendeak aipatu zuen kultur jarduerak antolatu arren ez zirela sentitzen haietako anitzen parte. Aitortu behar dut, jende anitzek bezala, nik ere nolabaiteko arroztasuna sentitu dudala eta urrundu naizela elementu batzuetatik, bide bat egiteko. Garai batean errefusatu nituenak besarkatzen aritu naiz azken boladan. Azken batean, landa eremuak argi-ilunak baditu.

Madrilera ihesi joan zinen, nolabait?

Egia erran, galduta nengoen. 24 urterekin, ez nuen nire tokia harrapatzen. Senarra orduan ezagutu nuen, eta Madrilera joan behar zuen ikastera. Buruan ez nuen Madrilera joatea, baina bizitzak eraman ninduen. Hemen gelditu izan banintz, bertze norbait izanen nintzateke; ez nuen erremintarik. Gogorra izan zen Madrilera joatea, baina bertze Hasier bat bilatzera eraman ninduen. Prozesu bat eraiki dut.

Adiskidetu zara herriarekin?

Bai, guztiz. Nabaritzen da hori nire azken argitalpenetan. Denborak bertze begirada bat eskaintzen dizu, eta guztiok izan ditugu gure prozesuak.

Baztan anitz aldatu da?

Bai, izugarri. Adibide bat jarriko dizut. Idaztea gibelera zenbatzen ikastea da liburua aurkezten aritu naiz; homosexualitateaz, landa eremuaz aritu naiz. Autobiografiaren eta literaturaren arteko liburu hibrido bat da. Arraiozko eskolako irakasle batek eskatu zidan ikastetxera joateko idazle eta homosexual gisa. Niretzat sekulako oparia izan zen. Herriko eskolan egon nintzen; ni eskola berean ikasle gisa aritu nintzenean ez zen orain dagoen sentsibilizazioa, orain dagoen lanketa. Gaur egun, landa eremuan badira irakasleak, gurasoak, gizarte eragileak egungo errealitate askotarikoarekin lanketa bat egiten dutenak. Orain, herrira itzultzean, badut harrotasun puntu bat, gertatu diren aldaketez jabetzen naizelako.

Batzuen bizitzak zeharkatzen dituen isiltasuna aipatu duzu lehen; zu, hain justu, Sendatzen duten hitzak izenburuko tailerra ematen ari zara. Nola iritsi zara horretara?

Krisi pertsonal batek ekarri nau tailer hau antolatzeko unera. Hamabortz urtez aritu naiz osasun mentalean gizarte hezitzaile eta gizarte langile gisa, eta esku hartze komunitarioan. Hondoa jo eta gero, senarraren eta familiaren laguntzaz, lana utzi eta aurrera egin nuen. Ohartu nintzen osasun mentalaren arloan egiten nuen literatur tailerra izan zela gehien gozatu nuena, eta asmo hori garatzen hasi nintzen. Nafarroako Gobernuko Memoria eta Bizikidetza, Kanpo Ekintza eta Euskara Departamentuari esker izan dut tailerrak antolatzeko aukera. Txantrean sei saioko esperientzia pilotua antolatu dugu. Txantrean ari gara, auzoko liburutegia aspalditik ari delako Txantreako osasun mentaleko zentroarekin elkarlanean.

Zer moduz doa?

Hunkituta nago. Parte hartu dutenak jarraitzeko gogoz dira. Zorionez, Nafarroako erakundeek badute borondatea osasun mentalaren gaia jorratzeko. Udazkenean Ribaforadan eta Erriberrin eginen dut. Donezteben ere ariko naiz, eta euskaraz eginen dut tailerra. Hitzak senda belar gisa izeneko tailerra ere egin nuen han. Badut ilusioa gai hauek landa eremuan lantzeko.

«Osasun mentalaren auzia guztiz kokatzen dut arlo sozialean. Gizarte gisa lanketa bat egin behar dugu»

Anitz hitz egiten da azkenaldian osasun mentalaz. Estigmak indar handia du oraindik?

Bai, hala da. Oraindik bada bide bat egiteko, gogoeta egin beharra, diagnostikoetan azalean gelditzen baikara anitzetan. Kategorizazio horiekin, sinplifikatu egiten dugu auzia.

Komunitateak eta gizarteak zer rol bete dezakete osasun mentalaren esparruan?

Osasun mentalaren auzia guztiz kokatzen dut arlo sozialean. Gizarte gisa lanketa bat egin behar dugu. Bertze arlo batzuetan egin da lan aski interesgarririk; desgaitasun fisikoen esparruan, bertzeak bertze. Osasun mentalaren auzian ere hasi dira gauzak egiten, baina kostatu egiten da.