Isiltasunak min egiten dio Ola Arafati. Nazioarteko agintarien isiltasunak. Agintari horiek Palestinako genozidioaren laguntzaile bilakatzen dituen isiltasunak. Baina onartu du, aldi berean, isiltasun horrek ez duela harritu: «Orain gertatzen ari dena ez zen 2023ko urriaren 7an hasi; lurra lapurtu ziguten, duela ia 80 urte, eta, halere, Israel herri demokratiko bat dela erraten dute batzuek eta bertzeek, bere burua defendatzeko eskubidea duela. Genozidio bat gertatzen ari da denon begien aurrean, eta, oraindik ere, batzuek ukatu egiten dute».
«Gaza espetxe bat zen, eta, orain, hilerri bilakatu dute», erantsi du Arafatek. Iruñean bizi da 2002az geroztik, senarrarekin eta lau seme-alabekin. Gaza hirian sortu zen, 1977an; sei anai-arrebaren artean zaharrena da, eta emakume bakarra. Inoiz baino biziago ditu memorian haien amatxi Fairuz Arafatek haur batzuk baino ez zirenean erraten zizkienak: «Soldaduek izua eragin bertzerik ez zutela nahi nabarmentzen zigun, baina guk ez genuela beldurrik izan behar. Ikasi behar genuela, hori zela gure egitekoa, hezkuntza zela gure borrokarako tresna».
Arafatek Farmazia ikasi zuen Gaza hirian. 25 urterekin atera zen handik Nafarroara etortzeko. Sorterrian emandako mende laurden horretan, okupazioak baldintzatu zuen Arafaten egunerokoa. «Gure aita 1948an jaio zen; hura besoetan zuen gure amatxik familia etxetik bota zutenean. Israelek etxea lapurtu digu palestinarroi, eta trastelekua baino ez digu utzi bizitzeko. Atea, gainera, giltzaz itxi du. Ordubeteko bidea nuen, baina inoiz ezin izan nuen Gazatik Zisjordaniara mugitu».
Kontrola eta indarra
Ola Arafatek ongi ikasi ditu amatxiren lezioak, eta hezkuntzari esker egin dituen urratsak palestinarren aldeko bide bilakatu ditu. «Amatxik nahi zuen gazteok gure herriaren ordezkari izatea han eta hemen». Sorterria bihotzean du Arafatek, eta 2002. urtetik itzuli ez izana «gogorra» da harentzat. «Banuen senideak eta lagunak berriz ikusteko ilusioa, baina haietako anitz hilik dira. Azken bi urteotako erasoaldian hil dituzte».
Salam Gaza elkarteko Ola Arafat palestinarra, irailaren 26an, Iruñean. JAGOBA MANTEROLA
Arafatek jaio zenetik ezagun ditu Israelgo soldaduen armak; eskolara joateko hamar minutuko bidea ordubeteko bilakatzen zen soldaduon kontrolen erruz. Arafatek oroitu du «ahalik eta gehien tapatzen» zela, militarrek hartu eta bertan bortxa ez zezaten. «Nahi zutenean egiten zuten; nahi zutenean sartzen ziren gure etxeetan gu umiliatzen saiatzera. Hori zen haien jokoa. Erakutsi behar zuten kontrola eta indarra haien esku zirela». Lehen Intifadako egunak oroitu ditu, tankeen kontra harriak jaurtitzen zituztenekoak.
Azken bi urteotan gertatutakoari buruz, Arafatek erran du Genozidio hitzak ere nekez azal dezakeela egunerokoa zeinen latza den Gazan. «Palestinarrok suntsitu nahi gaituzte; interes ekonomikoak jarri dituzte giza eskubideen gainetik. Gizatasunaren kontra ari dira. Beldurgarria da».
Arafatek bi anaia eta haien zortzi seme-alabak ditu Gazan. «Senarraren anai-arrebak eta ilobak ere han dira. Anaia bat hil diote, eta bertze bat elbarri utzi. Izeba-osaba eta lehengusu-lehengusina anitz galdu ditugu, eta ehunka lagun».
Arafaten senarra 2006. urtean egon zen Gazan azkenekoz; 3 urteko alabarekin egin zuen bidaia. Hainbat egun iraun behar zuen, baina hiruzpalau hilabetez gelditu behar izan zuten, Israelgo armadaren erasoaldi baten ondorioz. «Alabak sanferminetako su festa zela pentsatu zuen lehen eztandak entzun zituenean». Bonbek eragindako txikizioaz jabetu zen gero. «Ni Iruñean nintzen, haurdun. Gazan ikusi zuenak arrasto sakona utzi dio alabari; oraindik ez da gaiaz hitz egiteko gai; ezin ditu oraingo irudiak ikusi».
Arafaten gurasoak Italian dira egun. 2023ko irailean egin zuten bidaia Gazatik, Erroman bizi den semearen umea jaiotzekoa baitzen. «Laguntzera joan ziren; lur jota daude orain. Amak Gazan egon nahiko luke, bilobekin. Jateari utzi zion, eta ospitalera eraman behar izan zuten».
Gazan ez dute zer jan. Bonbak ez baitira arerio bakarra. Israelek erabat blokeatu du zerrenda, eta goseak hiltzen ari dira herritarrak. Azken asteotan Palestinako Estatua aitortu duten herriek egindako urratsari buruz, «gutxienekoa» dela erran du Arafatek, eta «hagitz berandu» datorrela.
Garbi du arlo politikoan lanean jarraitzeko beharra badela; Palestinaren eta palestinarren aldeko aldarria zabaltzeko, hain zuzen, Yala Nafarroa elkartean aritu zen, 2023ko Israelen oldarraldia hasi bezain pronto. «Ni izan nintzen sustatzaileetako bat». Gazatik anaien bidez jasotzen zituen berriek, baina, bertze bide bat hastera eraman zuten, iazko azaroan: Salam Gaza sortu zuen, gosez hiltzen ari diren gazatarrei laguntza zuzena helarazteko asmoz. «Erresistentzia da palestinarron ikur, baina, erresistitzen jarraitzeko, bizirik egon behar dugu».
«Bizirik gara»
Salam Gaza elkarteak zerrendan dauden gobernuz kanpoko hiru erakunderekin lan egiten du. Dirua bidaltzen diete Nafarroatik, zer jan eta zer edan lor dezaten. «Gure lehentasuna jendea salbatzea da; 500 familiak osatutako talde bat laguntzen ari gara. Bakarrik gelditu diren 280 haur daude haien artean». Salam Gaza babestu nahi duenak Salamgaza.org helbidean aurki dezake behar duen informazioa.
Palestinako genozidioa salatzeko egindako martxaren hasiera, Tuteran, irailaren 10ean. Hendaia amaitu zen. IÑIGO URIZ / FOKU
Talde horretan dira Arafaten anaiak eta ilobak ere. Joan den astean izan zuten haien berri azkenekoz. «Bizirik gara». Mezu labur bat, esperantzaz betea. Gaza hiritik hegoaldera joan ziren Arafaten anaiak Israelen erasoa hasi zenean; Gaza hirira itzuli ziren iazko urtarrilean. «Orain ez dakigu non dauden». Arafaten amak elkarrekin ez egoteko eskatu die semeei. «Nik ere bai; bonba batek harrapatzen baditu, ez ditzala denak hil».
Nazioarteko agintarien jarrerarekin etsita dago Arafat; herritarren elkartasunarekin eta berotasunarekin, ordea, «hagitz eskertua». Gazan ere jendearen besarkada sumatzen dutela erran du palestinarrak. Bihar, Palestinarekin Elkartasuna taldeak antolatuta, Israelgo Estatua Palestinan egiten ari den genozidioa salatzeko bertze protesta bat eginen dute Iruñean, hain zuzen: manifestaziora deitu dute 12:00etarako, Antoniuttin.
Arafatek garbi du karrikan egon behar duela palestinarren aldeko oihuak, eta isiltzea erabakitzen duena hiltzailearen alde lerratzen ari dela. Gero eta zailagoa zaio Gazako senideekin hitz egitea, baina haien eta nafarren arteko zubi lana egiten segitu nahi du, herritarrek zerrendan gertatzen ari denaren berri izan dezaten. Ilobek eta lagunen seme-alabek Gazatik errandakoen bozgorailu izan nahi du; hil dituzten haurren memoria jaso eta zabaldu. «Ahanzturak ez dezala bertze inor hil. Gizatasuna dago jokoan. Gazak borrokan behar gaitu». Harrien artean loratuko den hazia izan nahi du.
Gazako hitzak
«Izeba, elkarrizketatzen bazaituzte, animalien eskubideak eskatu guretzat; gu ez gaituzte gizakitzat hartzen»
BUDI ARAFAT Ola Arafaten 13 urteko iloba
«Handitan zer izan nahi dudan? Izeba, Gazan haurrok ez gara hazten, txikiak garenean hiltzen gaituzte»
YASMINE SALMAN Ola Arafaten 9 urteko iloba. Duela bederatzi hilabete hil zuten.
«Izeba, ez ekarri futboleko botak; jada ezin naiz futbolean aritu. Hil nahiko nuke, eta zerura joan; han bi hankak izanen ditut berriz»
AMIR ALUAN Ola Arafaten lagun baten 12 urteko semea