2026an Nafarroako ekonomia %1,8 handitzea espero du Laboral Kutxak

2026an Nafarroako ekonomia %1,8 handitzea espero du Laboral Kutxak

«Nafarroan, albisteak onak dira». Joseba Madariaga Laboral Kutxako ikerketa bulegoko zuzendaria baikor azaldu da Nafarroako ekonomiaren bilakaerarekin. Kanpo merkataritza eta industria ahultzen ari badira ere, sendien barne kontsumoak eta zerbitzuak jarduera hauspotzen dute eta %0,5eko erritmoan handitzen ari da hiruhilekoa. Hala, urte amaieran «ustekabe atseginen bat» espero du eta barne produktu gordina «%2tik gora» amaitzea. Datorren urtean ere %1,8 haziko dela estimatzen du Laboral Kutxak, egungo datuetan oinarrituta.

Iruñean koadro makroekonomikoaren zertzeladak azaldu ditu Madariagak, lurraldeko eragile ekonomikoekin izandako topaketan. Bertan zegoen Jose Luis Arasti Ekonomia eta Ogasun kontseilaria ere, eta hark bat egin du erabat Madariagaren irakurketarekin. Aurreikuspenari dagokionez, ia berbera da. «Legealdia aurrera egitearekin batera eragile ekonomiko guztiok bat egiten dugu aurreiskuspenetan», onartu du, erdi txantxetan.

Ekonomia sokatira batean dago uneotan. Kanpoko faktoreek jarduera hozten duten bitartean, barrukoek hazkunde bultzatzen dute. «Barne ekonomia sendo dago, eta kanpo arloa, berriz, ahul». Sektoreka, zerbitzuaren datuak «oso onak» dira. Alorreko enpresek batez beste negozio zifra handia izan dute eta txikizkako merkataritza jarduera %3-4ko erritmoan handitu da. Oro har, enplegua ongi doa: 314.000 afiliatu daude erregistratuta Gizarte Segurantzan eta langabezia tasa %7,8an dago. 

«Guk ez diegu AEBei muga zergarik ezarri baina iristen zaigun hori garestiago iritsiko zaigu»

JOSEBA MADARIAGA Laboral Kutxako ikerketa bulegoko zuzendaria

Muga zergei dagokienez, AEBek EBren esportazioei oro har ezarritako %15eko tarifak batez beste BPG %0,24 galgatu dezake. Alta, «zeharkako arriskuek gehiago kezkatzen» dute Madariaga: «Azken hamarkadetan osatutako hornidura kateei eragiten diete muga zergek. Alemania, Frantzia eta Italiako hornidura kateen parte da Nafarroa eta hori guztia zalantzan jartzen ari da. Inbertitzaileen konfiantza ere kaltetu du eta oso zail egiten du erabakiak hartzea. Gainera, guk ez diegu AEBei muga zergarik ezarri baina iristen zaigun hori garestiago iritsiko zaigu. Horrek guztiak kezkatzen nau», onartu du.

Industria jarduera iaz baino %1,3 apalago dabil aurten, eta ibilgailuen produkzioak eta esportazioak %16 murriztu dira. Dena den, Mikel Irujo Industria kontseilariak gogora ekarri du Nafarroako Volkswagen aurten fabrika auto elektrikora egokitzeko lanetan dabilela eta ekoizpen txikiagoa izatea hitzartuta zegoela aurrez. Irujok onartu du, dena den, autogintzako hornidura kateak urte zaila bizi duela. «Haatik Alemaniaren aldean, soldatak ez dira hainbeste igo eta energiaren kostua merkeagoa da».

Irujok defenditu du bertako industria babestu behar dela eta horretarako erreminta izan daitezkeela muga zergak. Adibidez, fotovoltaikoan EBk ez die tarifarik ezarri Txinako produktuei eta hango inbertitzaileek erabaki dute komenigarriago zaiela Europara esportatzea; aldiz, Txinako auto elektrikoei ezarritako %35eko muga zergen ondorioz, Europan fabrikak ezartzeko asmoz dabiltza orain. 

EAJko liberala eta Txinako komunistak

Irujok onartu du azkenaldian hainbat elkarrizketa izan dituela Txinako balizko inbertitzaileekin, eta haietako batek, metalgintzako soldata taulak ikustean, harrituta, argazkiak atera zituela. «Sindikatuekin gatazkarik izan ohi den galdetzen digute. Bitxia da. Ni Geroa Baikoa naiz, EAJko militantea. Han nengoen ni, EAJko balizko liberal bat, Txinako komunista bati sindikalgintzaren onurak azaltzen. Hau da bizi dugun mundua». 

Beste bitxikeria bat kontatu du. Hyundai Mobisek Noainen batariek muntatzeko lantokia eraikiko du. AEBetan, Georgian, antzeko lantoki bat ezarri nahi du. Irujo berriki Hego Korean izan da eta han azaldu diotenez Donald Trumpen administrazioak Mobiseko 450 langile eta agintari atxilotu zituen, eskuburdinak jarri zizkien eta Hego Koreara itzuli zituen indarrez. Fabrikako zuzendaria zegoen tartean eta harrituta zegoen. «Hemen egonkortasuna egintzat jotzen dugu baina ez da horrela munduan».