Jon Guajardo Remacha izanen da Osasunbideko buru berria

Jon Guajardo Remacha izanen da Osasunbideko buru berria

Jon Guajardo Remacha (Bilbo, 1959) izanen da Osasunbideko kudeatzaile berria, Nafarroako Gobernuak ohar batean jakinarazi duenez. Guajardok EHU Euskal Herriko Unibertsitatean egin zituen Medikuntza eta Kirurgia Orokorreko ikasketak, eta 30 urte daramatza Osakidetzan lanean, osasun kudeaketaren alorrean.

Azken urteetan, Basurtuko ospitaleko ESIan egin du lan, Osasun Kudeaketarako Unitateko arduradun gisa. Aurretik, Barrualde-Galdakao ESIko zuzendari-kudeatzaile izan zen 11 urtez. Hainbat erietxe eta osasun zentrotako zuzendari ere izan da Guajardo: Galdakaoko ospitaleko eta Zumarragako ospitaleko kudeatzailea izan da, eta Basurtuko Ospitale Unibertsitarioko kudeatzailearen albokoa. Aurretik, Galdakaoko Ospitaleko zuzendari medikua izan zen, Basurtuko Ospitaleko zuzendariorde medikua eta Pazienteen Arretarako Unitateko eta Pazienteen Kudeaketaren Alorreko burua, erietxe horretan bertan.

Mediku eta Kirurgia Orokorreko lizentziaduna izateaz gain, aditua da osasun kudeaketan. Diploma, master eta graduondokoak ditu Osasunaren Ekonomian, Farmaekonomian eta Osasun Kudeaketan eta Planifikazioan. Deustuko Unibertsitatean eta Madrilgo Unibertsitate Europarrean egin zituen ikasketa horiek. Irakasle lanetan ere aritua da osasun kudeaketari lotutako master eta seminario ugaritan.

Nafarroako Gobernuak datozen egunetan eginen du Osasunbideko kudeatzaile berriaren izendapen formala, gobernu bilkuran.