Zaintzarekin negoziorik ez leloa idatzia duen pankarta zabaldu, eta lan baldintza duinak eskatzeko antolatu duten elkarretaratzea hasi dute Iruñean. Elizondoko Benito Menni zentroko langileak Baztandik Iruñera mugitu dira, Nafarroako Gobernuko Eskubide Sozialen Departamentuaren egoitzaren aurrera. Haietako bat da Marijo Aleman erizain laguntzailea (Irurita, 1981). Duela urtebete hasi zituzten protestak; 24 eguneko greba egiten ari dira orain, azaroaren 7ra bitarte. Sufrimendu psikosozialeko esperientziak dituzten adinekoak artatzen dituzte Benito Mennin, bertzeak bertze.
Noiztik ari zara Benito Menni zentroan lanean?
Duela hogei urte inguru hasi nintzen. Erizain laguntzailea naiz, eta zentroko unitate guztietan aritu naiz.
Zenbat langile zarete?
Orain, 165 inguru. Izan gara gehiago ere, 180 inguru.
Lantaldea txikitu dute, beraz?
Bai. Egoerak duela urtebete egin zuen eztanda. Tentsio handia zegoen; norbaiten telefonoak jotzen zuenean, pentsatzen genuen kanporatzeko deituko zutela. Egun batetik bertzera, denak okerrera egin zuen.
Zer gertatu zen?
Enpresak erabaki zuen zentroko eraikinetako bat ixtea, eta han artatzen genituenak bertze zentro batzuetara mugitzea. Erran zuten kaleratzeak egiten hasiko zirela. Egun batetik bertzera, langileak botatzen hasi ziren. Gurea osasun mentaleko zentro bat da, baina enpresak ez du batere zaintzen langileon buruko osasuna. Lan baldintza hobeak lortzeko ari gara borrokan: soldata duin bat eskuratu nahi dugu, eta oraingo gainkarga arindu, batez ere.
«Telefonoak jotzen zuenean, pentsatzen genuen kanporatzeko deituko zutela. Denak
okerrera egin zuen»
Ahizpa Abegitsuen Fundazioak kudeatzen du zentroa. Izan duzue aukerarik haiekin hitz egiteko?
Azken urteotan, enpresak ez du deus ere negoziatu nahi izan gurekin; ez digu azaldu zergatik erabaki zuen eraikinetako bat ixtea. Enpresak beti gauza bera erran digu, Elizondon ez duela langilerik lortzen, eta erabiltzaileek badutela eskubidea beren herrian arta ditzaten. Azken hori erran izan digute eraikinetako bat itxi izana justifikatzeko. Gu horrekin ados gara, noski; herritarrek badute eskubidea beren herrian gelditzeko; kontua da eraikin hori itxi eta gero ordura arte gelan bakarrik ziren hainbat erabiltzailek gela bera partekatzen hasi behar izan zutela. Dena den, ez da hori izan arazo bakarra: medikurik eta erizainik gabe gelditu ginen.
Eta nola aurre egin zenioten egoera horri?
Krisi garai bat izan zen. Medikurik eta erizainik gabe, 112ra deitu behar genuen arazoren bat zegoenean. Baina ezin genuen horrela segitu. Eta enpresak orduan erabaki zuen eraikinetako bat ixtea.
Medikurik eta erizainik gabe zaudete oraindik?
Ez. Kontratatu zituzten. Horiek soldata onak dituzte, baina guk beti bezala segitzen dugu. Eta orain jakin dugu, gainera, Nafarroako Gobernuak Ahizpa Abegitsuen Fundazioari alokatuko diola itxitako eraikina, fundazio baten bidez antzeko zerbitzu bat emateko. Negozio bat da, finean.
Zuena itunpeko zentro bat da. Zaintza lanen pribatizazioa zenbateraino da arazoaren oinarria?
Hori da arazoaren gakoa. Guk uste dugu zaintzaren esparruan kudeaketak publikoa behar duela izan. Lan baldintza duinak behar ditugu, herritarrek ere zaintza duin bat jaso dezaten. Finean, zaintzaren inguruko egungo eredua aldatu behar da. Negozio gisa hartzen badugu, jai dugu.
Joan den astean, elkarretaratzea egin zenuten Nafarroako Gobernuko Eskubide Sozialen Departamentuaren egoitzaren aurrean. Zer ardura du Nafarroako Gobernuak?
Handia, gurea itunpeko zentro bat baita, eta, ondorioz, Nafarroako Gobernuari dagokio ikuskatzea zer egiten duten gastatzen duen diruarekin. Baina ez du egiten.
Langile gehienak emakumeak zarete. Horrek ere badu eragina?
%80 inguru emakumeak gara. Eta bai, emakumeona lan prekarioa da, neurri handi batean. Ematen du emakumeok borondatez egin behar ditugula zaintza lanak, andre izateagatik. Mezu horrek jada ez du balio. Ezin dugu horrela jarraitu, eta egoera hau aldatzeko lan egin behar dugu.
«Ematen du emakumeok borondatez egin behar ditugula zaintza lanak, andre izateagatik. Mezu horrek jada ez du balio»
Hainbat greba egun egin dituzue azken hilabeteotan, hain zuzen. Zer erran dizuete?
Gu negoziatzeko prest gara. Abenduan hasi ginen grebekin; lehendabizi bi egun, gero hiru, gero bost, gero asteka… eta oraingo greba 24 egunerako deitu dugu, azaroaren 7ra bitarte. Uztailean enpresaren Madrilgo arduradunek deitu ziguten; erran ziguten ez zutela ulertzen zergatik ari ginen protestan. Guk erantzun genien azken boladan gertatu direnen inguruko azalpenak nahi ditugula: jakin nahi dugu zergatik itxi zuten eraikin bat, eta zergatik kaleratu duten jendea. Erran genien kaleratutako jende horrekin lan poltsa bat egin dezaten nahi dugula, eta zainketa aringarrietarako gela bat ere bai. Enpresaren ustez, kontu horiek ez dira negoziaziorako. Badakite ez garela sekulako gauzak eskatzen ari. Lan baldintza duinak baizik ez ditugula nahi.
Azaroaren 7tik aurrera, zer?
Gu indartsu gaude, eta garbi dugu lan baldintza duinak lortzeko lanean eta borrokan segituko dugula.
Greba mugagabera deitzeko aukera aztertu duzue?
Ez dugu baztertzen, eta orain artekoak ikusita, uste dugu horretara goazela. Aukera hori mahai gainean dago. Erran beharra dago ezartzen dizkiguten gutxieneko zerbitzuen ondorioz greba egiteko aukera ere murritza dela.
