«Erabateko hanka sartzea litzateke Zurekin Nafarroa koalizioa ez errepikatzea»

«Erabateko hanka sartzea litzateke Zurekin Nafarroa koalizioa ez errepikatzea»

Iragan urriaren 25ean, Nafarroako Ezker Batuko koordinatzaile hautatu zuten berriz Carlos Guzman (Iruñea, 1991). «Erronka eta ardura handia da koordinazioa berrestea». Olatu autoritarioaren aurka ezkerrak «ausartago» jokatu behar duela uste du, eta Nafarroako Gobernuari mezu hori helarazi nahi izan dio. «Hasierako pultsu eraldatzailea galdu du».

Zer analisi egiten duzu egungo Nafarroako Gobernuaren inguruan?

Paradoxa bat bizi dugu. Aldaketa politiko instituzionalak bizi-bizi jarraitzen du. Era berean, egungo aritmetikak erakusten du badirela agortzen ari den zantzuak. Lehen legealdian (2015-2019), kaletik iristen zen aldaketaren pultsua, eta ilusio handia eragin zuen. PSNk sei urte daramatza gobernuaren lidergoan, eta nabari dugu hasierako pultsu eraldatzaile hori galdu egin dela. PSNk aldaketaren alderik kontserbadoreena ordezkatzen du. Ez da hurrengo kanpainari begirako hauteskunde kutsuko kritika, baizik eta sindikatuek eta gizarte mugimenduek helarazten diguten gogoeta kolektiboa. Ausardia handiagoa exijitzen digute.

Eroso zaudete gobernuan? 

Guri erosotasuna akordio programatikoak ematen digu. PSNrekin eta Geroa Bairekin hitzartutako akordio programatiko horrekiko konpromisoa dugu, eta horko neurri sorta betetzeko exijitzen dugu. Kontraesanak ote? Horren beldurrik ez dugu, horrek adierazten baitu eragile gisa bizirik gaudela eta esku hartzeko gai garela. Kontraesanen inguruan, bi aukera daude: ausart eta koherentziaz zeure egin eta bataila ideologikoa egin, edo etsia hartu eta atzera egin. NEBek eta Zurekin Nafarroak rol bikoitza dute.

Zeintzuk?

Batetik, politika eraldatzaileak bultzatu. Gobernua bultzatzen ari den neurri eraldatzaileena etxebizitza arlokoa da, eta Begoña Alfaro koaliziokidearen esku dago departamentua. Beste batzuetan, esku galga sakatu behar dugu, eta Geroa Bairi eta PSNri esan: «Aizue, interes orokorra lehenetsi behar dugu».

«PSNk sei urte daramatza gobernuaren lidergoan, eta nabari dugu hasierako pultsu eraldatzaile hori galdu egin dela»

Biometanizazio proiektuak urtebetez gerarazteko proposamenaren inguruan, UPNrekin eta PPrekin batera bozkatu du PSNk. Mugarri bat dela esan izan duzu. Zergatik?

Lehen aldiz, gobernuko bazkideetako batek, PSNk, lege bat egin du eskuinarekin batera. Ahozko zuzenketa bat aurkeztu zuen UPNrekin batera, eta guk, EH Bilduk eta Geroa Baik aurkeztutako proposamena eraldatu zuen. Ez zen mozio bat izan, ez zen legebiltzarreko ekinaldi bat izan. Kezkatzen gaitu ikusteak PSN dardarka hasten dela politika ausartak egin behar direnean. Mugarri bat da, ezin dugu normalizatu bazkideetako batek akordioen mapa haustea eskuinarekin batera lege bat egiteko. Pedagogia egin behar dugu adierazteko beharrezkoa dela ezker eraldatzaile indartsuago bat izatea, zenbaitetan ematen baitu PSNk atzera egiten duela.

Beste talka handia duela urtebete gertatu zen. Erorien Monumentua eraldatzeko akordioa sinatu zuten PSNk, EH Bilduk eta Geroa Baik.

Are larriagoa da. Auzia ez da Zurekin Nafarroarik gabe egin dela akordioa, baizik eta urratu egin direla gobernua eta Iruñeko Udala elikatzen dituzten akordio programatikoak. Hiru indarrek ez zuten kontuan hartu elkarte memorialisten iritzia, ezta gure koalizioarena ere. Min handiagoa eragiten digu elkarte memorialistei bizkarra eman izanak, hamarkadak egin baitituzte memoriaren duintasuna aldarrikatzen.

Buruan duzue gobernutik ateratzea?

Zurekin Nafarroa koalizioa serioa da, eta, akordioak sinatzen ditugunean, edukia betetzeko sinatzen ditugu. Hura betetzen ez dutenek egin behar dute gogoeta. 

Uste duzue nahikoa dela kritika gogor hori? Hor ez da izan galgarik.

Gure asmoak ez dira bete. Testuinguru honetan, ezker osoan, hautesleek ezinegona nabaritzen dute hain panorama ziurgabea ikusita. Guk beti diogu ez dela nahikoa eskuina eta eskuin muturra badatozela esatea. 

Horretarako tentazioa egon daitekeela uste duzu?

Alderdi batzuk eroso daude eskuin muturraren instrumentalizaziorekin. Guk ez dugu bat egiten horrekin. Ezkerreko indar batek alternatiba politiko eta ideologikoa proposatu behar du eskuin muturrak planteatutako astakeriei aurre egiteko. Estatuan eta Nafarroan, are gehiago. Ezkerreko politikak egin behar ditugu langile familien bizi kalitatea eta baldintzak hobetzeko. Langile sendi batek ikusten badu bere baldintzak ez direla hobetzen, atxikimendu falta hori eskuin muturra indartzeko hazia da. Oso epe laburrera begiratuta, zenbaitek interesa dute mezu hori erabiltzeko. Esperientzia historikoak esaten digu gauzak ez direla horrela. Halako batean, herritarrek ez diote beldurrik izango eskuin muturrari.

«Guretzat, batasuna ez dago aukeren artean. Ezkerrekoak iaioak gara zatitzen eta batzuen eta besteen arteko berezitasunak azpimarratzen»

Nafarroako Ahal Dugu-k bai, hark eskatu du gobernutik ateratzea. Zuen bazkide horrek zuzendaritza aldatu du.

Nafarroako Zurekin garai erabakigarri batean dago. Azken hamabi hilabeteetan, Batzarrek, Ahal Dugu-k eta Ezker Batuak barne prozesuak egin ditugu. Batzarrek eta NEBek lehengo ildotik jarraitzea erabaki dugu, eta Ahal Dugu-ko kideek zuzendaritza berritu dute, proposamen apur bat desberdina eginez. Lasai eta normaltasunez bizi dugu. Koalizioa askotarikoa da. NEB bera koalizioa da. Azken hamarkadan, beste indar batzuk sortu dira estatuan, baina gure bokazioa berbera da: esfortzu guztia ezkerreko alternatiba zabal baten inguruan biltzea, ahalik eta indar handiena izateko eta gizarteari begira eraginkor jokatzeko.

Koordinatzaile nagusi izendatu zintuztenean, azaldu zenuen interes alderdikoiak eta anbizio pertsonalak alde batera utzi behar direla. Norbait zenuen buruan?

Gogoeta bat da. Guretzat, batasuna ez dago aukeren artean. Ezkerrekoak iaioak gara zatitzen eta batzuen eta besteen arteko berezitasunak azpimarratzen. Gaur egun, mundu osoko agertoki ilun eta izugarri honetan, zentzuz jokatu behar dugu, aliantza bat lehenetsi, eta koalizio honen alde egin. Koalizioa ongi dabil. Zintzoki, umiltasunez, bi urteotan lan ona egin dugu erakundeetan.

Sumarren eta Podemosen arteko gatazkaren harira, zatiketa gerta liteke Nafarroan?

Kezkatzen nau estatuan gertatzen ari denak, eta ez dugu nahi inondik ere egoera hori errepikatzea Nafarroan. Espero dugu PSNren ezkerrera gauden indarrek analisi egokia eta eskuzabala egitea.

Koalizioa bere horretan ez errepikatzea hanka sartzea litzateke?

Erabateko hanka sartzea litzateke koalizioa ez errepikatzea. Bi urte daramatzagu erakundeetan lanean, eta aurretik ere bi urte eman genituen lanean elkarrekin koalizioa osatzeko. Indar bakoitzak hausnartu behar du urteotan nola funtzionatu dugun, eta ikusi nola hobetu litekeen antolamendua. Ahalik eta lasaitasun handienaz egin behar dugu gogoeta hori, eta gure arteko kidetasun handienaz. Koalizioaren barnean eskaintzarik hoberena egiteko gai izan behar dugu.