Gaur 87 urte bete dira faxistek Aquiles Cuadra de Miguel Tuterako (Nafarroa) alkate errepublikanoa izandakoa fusilatu zutenetik. Bada, Giza Eskubideen Euskal Herriko Behatokiak urteurren hori baliatu du, Cuadra frankismoaren biktima gisa aitortu dutela jakinarazteko. Espainiako Gobernuak «legez kontrakotzat» jo du Tuterako alkate izandakoa epaitu zuen auzitegia, eta «baliogabetzat» hari jarritako zigorrak. Halaber, ziurtatu du Cuadrak eskubidea duela «errekonozimendua eta erreparazio morala lortzeko eta memoria pertsonala, familiarra eta kolektiboa berreskuratzeko».
GEBehatokiak eta Cuadraren familiak Espainiako Gobernuari eskatu zioten, duela urtebete, 1932tik 1934ra Tuterako alkate izandakoa epaitu eta heriotza zigorrera kondenatu zuen Gerra Kontseilua legez kanpokotzat jotzeko, Espainiako Memoria Demokratikorako Legea oinarri hartuta. Horren emaitza gaur eman dute ezagutzera.
Espainiako Gobernuak «aitorpen eta erreparazio pertsonalaren adierazpena» egin duela nabarmendu du GEBehatokiak. Gehitu duenez, Angel Victor Torres Memoria Demokratikoko ministroak sinatutako agiriak adierazten du Cuadrak «arrazoi politikoengatik jasan zuela jazarpena, Espainiako gerran eta diktadura frankistan».
Gogoratu dute eskaera aho batez babestu zutela Tuterako Udaleko alderdi politikoek, 2025eko azaroaren 12an. Hain zuzen, gaur bertan aitorpenerako jatorrizko agiria eman dio Aquiles Cuadra de Miguelen iloba Enrique Cuadrak Alejandro Toquero Tuterako alkateari —UPN alderdikoa—, udal artxiboan sar dezan. Horiek horrela, GEBehatokiko arduradunak «pozik» agertu dira, udal agintariak familiari harrera ofiziala egingo baitio, «hamabi hilabete hauetan egindako hainbat komunikaziotan iradoki zitzaion bezala». Iruñeko Udalean, ordea, UPNk eta PPk ez zuten babestu eskaera, 2025eko azaroaren 6an.
Mahai ingurua
Bitartean, mahai ingurua egingo du gaur Ateneo Errepublikanoak, 18:30ean, Tuterako Rua aretoan, Cuadra duela 87 urte fusilatu zutela gogoratzeko. Ekitaldian parte hartuko dute Enrique Cuadra alkate izandakoaren ilobak, Emilio Majuelo aitorpen eskaeraren oinarri izan zen txostenaren egileak, Iñigo Perez Tuterako udal artxibozainak eta Agus Hernan GEBehatokiko koordinatzaileak.
