Guardia Zibilak 14 urteko neska baten gurasoak atxilotu ditu Nafarroan, beren alaba beste familia bati saltzea eta haien semearekin ezkontzera behartzea leporatuta. Polizia operazioaren barruan, Mossos d’Esquadrek beste bi gizon eta emakume bat atzeman dituzte Lleidan (Herrialde Katalanak), adingabearen erosketan parte hartzeagatik. Guztiei ezkontza behartuaren helburu duen gizakien salerosketa delitua egotzi diete.
Poliziaren ikerketaren arabera, gertakariak urtarrilean izan ziren, Nafarroako Erriberako herri batean. Adingabearen gurasoek— gizon eta emakume batek— beren alaba saldu zioten Lleidako familia bati, haien semearekin ezkontzeko. Trukean, neskatoaren gurasoek 5.000 euro, bost whisky botila eta oinarrizko elikagai batzuk jaso zituzten, Poliziaren arabera.
Iturri horiek jakinarazi dutenez, gurasoek Kataluniara eraman zuten alaba, eta hango familiarekin utzi. Poliziak azaldu duenez, adingabea eskolatu gabe zegoen eta limosna eskatzera behartzen zuten. Lleidako gizarte zerbitzuek aurkeztutako salaketa bati esker abiatu zuen ikerketa Guardia Zibilak; horri esker identifikatu zituzten ustez inplikatutakoak eta biktima topatzea lortu. Urrian aurkitu zuten adingabea Les Borges Blanques herrian, eta babes zentro batera eraman zuten.
