Asier Garcia Uribarri
Mugikortasuna gai korapilatsua da. Bizilagun guztiei eragiten dielako, eta tokian tokiko erakundeek zentzu batean edo bestean hartu behar dituztelako erabakiak. Iruñeko Udala mugikortasun plan berria garatzen ari da. Haren helburua oinezkoei erabateko protagonismoa ematea da, garraio publikoa eta bizikletaren presentzia indartuz. Hori guztia auto pribatuaren kaltetan izango da. Hilaren 20an, jardunaldi irekiak antolatu zituen udalak herritarren iritziak ezagutu eta planean beharrezkoak diren aldaketak ezartzeko.
“Oinezkoek izan behar dute mugikortasunaren errege-erreginak”, azaldu du Armando Cuenca Iruñeko Udaleko Hiri Ekologiaren eta Mugikortasun Jasangarriaren Saileko zinegotziak, jardunaldiak aurkeztean. Cuencak argi utzi du udalak zer hierarkia ezarriko duen ordenantza berrian: oinezkoak, garraio publikoa, bizikleta eta, azken puntuan, auto pribatuak. Hala ere, zehaztu du sailkapen berria ez dutela “gatazka terminoetan” planteatu nahi. Baina argi utzi du Iruñeak egun duen banaketa modua “modu sakonean” aldatuko dutela.
Hasteko, espaloietatik jaitsi nahi dituzte bizikletak eta gainerako ibilgailuak, hala nola patinak, gurpil aulki motordunak eta sitway ibilgailuak. Ez da lan erraza hori, Iruñean bizikletarekin eta bestelako ibilgailu geldoekin ibiltzen diren pertsona ugarik errepidean ibiltzeko beldurra baitute, autoek hartzen duten abiadura handiagatik.
Hori egin ahal izateko, neurri zehatzak jarriko dituzte martxan. Legearen aldetik, bizikletak eta ibilgailu motordunak berdinduko dituzte. “Aldaketa ona da, bizikletentzat aldarrikatuko baitugu bidean izan beharreko tokia. Hau da, bidearen erditik joateko aukera, eta ez soilik bazter batean. Hala ere, badakigu ez direla autoak. Horregatik, nahiz eta bideetan sartu, ezaugarri bereziak izango dituzte. Abiadura handian ibil daitekeen errepideetan bizikletentzako bide bereziak jarriko ditugu. Besteetan, ordea, errepidea autoekin partekatu beharko dute”, adierazi du Eduardo Zapata Iruñeko Udaleko Mugikortasun zerbitzuko arduradunak. Modu horretan konpondu nahi dute bizikleten erabiltzaileen eta oinezkoen arteko gatazka.
Hala ere, guztiaren gakoa hiri eredua aldatzea dela uste du Cuencak. “Epe ertainean ez badugu gure kaleen diseinua aldatzen, gutxirako balioko dute egin ditzakegun legedi eta azpiegitura berriek”, adierazi du Cuencak.
Gai korapilatsua da txirrindulariek espaloia hustea. Udalak antolatutako jardunaldietan, hiru tailer egin zituzten herritarren iritzia ezagutzeko, eta gai hori landu zuenak izan zuen parte hartzaile gehien. Hogei lagun inguruk zalantzak azaldu zituzten Josu Benaito Donostiako Udaleko Ingurumen zuzendariak dinamizatutako saio horretan. Beste bietan, oinezko eta bizikleten arteko elkarbizitza eta txirrindularien segurtasunerako arauak landu zituzten.
Zalantza ugari
Benaitok urteak daramatza mugikortasunaren eta garraioen munduan lanean, Donostiako Udalean eta baita Eusko Jaurlaritzan ere. Hark gidatutako tailerrean bizikletaren erabilerarekin lotutako artikuluak errepasatu zituzten, horiekin sor zitezkeen zalantza edo gatazkak bideratzeko.
Hasteko, esan zuen ordenantza berriak debekatu egingo duela txirrindulariak espaloietatik ibiltzea. Arauaren arabera, errepide, bizikleta bide, bizikleta espaloi, ibai parke, bizitegi kale eta paseoetan joan behar dute bizikletek. Parte hartzaileek azken helburua horrek izan behar duela uste badute ere, zalantzak zituzten errepideetara noiz jaitsi. Zenbaiten aburuz, lehenengo beharrezko azpiegiturak egin behar dira, bizikleta bideak kasurako, eta ondoren legedia egin. Benaitok azaldu zuen azpiegiturak egin ahal izateko beharrezkoa dela hori sostengatzen duen legedia egotea. Hala ere, onartu zuen trantsizio garai bat beharrezkoa izango dela.
Artikulu horretako beste puntu gatazkatsu bat bizikleta bide eta espaloien nahastea izan zen. Bizikleta espaloiak oinezkoen neurri berean dauden bide berezituak dira. Hainbat herritarrentzat, bizikletentzako bideek homogeneotasuna behar dute, eta uste dute bizikletak espaloian sartzea ez dela irtenbide ona. Beste batzuek, ordea, uste dute bizikletaren bideak ezberdinak badira ere jarraitutasuna izatea dela egokiena.
Aukera bat edo bestea nahiago, parte hartzaile gehienak lanak zentzu berean egitearen alde agertu dira. Salatu baitzuten orain arteko esku hartzeak erabat independenteak eta loturarik gabekoak izan direla. Era berean, udalari eskatu zioten ausarta izateko eta atzera ez egiteko autoari lekua kentzeko orduan.
Ordenantza martxan jartzean, argi dago modu batera edo bestera bizikletek errepidetik joan beharko dutela. Egun, horrela egiteko aukera badute ere, eskuineko bazterretik ibili behar dute. Ordenantza berriarekin, txirrindulariek euren bidearen erditik joateko eskubidea izango dute, eta autoek haiek aurreratzeko ondoko bidera pasatu beharko dute. Benaitok azaldu zuen ez dela aurreikusten bizikletek autobus bideetan ibiltzeko aukerarik izango dutenik. “Autobusaren bidetik bizikletak sartu dituzten hiriek atzera egin dute. Garraio publikoak lehentasuna behar du. Kasu oso zehatzetan baimendu daitekeela uste dut”.
Jardunaldia bukatzeko Alberto Lorente Zaragozako Udaleko Mugikortasun zinegotziak hango mugikortasun plana azaldu zuen. Lorenteren arabera, prozesu konplexua da bizikletek espaloia hustea, beti egongo baitira txirrindulariek erabiliko dituzten kaleak, bereziki alde zaharrean. Horregatik, espaloi batzuetan bizikletaz ibiltzea baimentzearen alde egin zuen. Betiere, bideak egokituz eta horietan seinaleak “modu argian” jarriz gero. Donostiako plana eredutzat jarri du.