Txibitek, oposizioari: «Galdu esperantza oro, ez duzue gobernu hau eroraraziko»

Txibitek, oposizioari: «Galdu esperantza oro, ez duzue gobernu hau eroraraziko»

«Hau gobernu zintzoa da, eta ez dago ustelkeria zantzu bakar bat ere. Kontrakoa esatea gezurra esatea da». Maria Txibite Nafarroako Gobernuko lehendakariak bere hitzaldiaren bukaera aldera soilik egin dio aipamena Koldo auziari, eta Nafarroako Gobernuaren gardentasuna aldarrikatzeaz gain, UPNri mezu zuzena bidaltzeko: «[Ustelkeria dagoela diozuenean] ez duzue soilik gobernu hau susmopean jartzen, administrazioa bera jartzen duzue susmopean. Edukiontziak bide erdian iraultzea bezain antisistema da gezurrak zabaltzea, instituzioak eta demokrazia higatzeko xedez. Gero ez zaitezte harritu eskuin muturrak gainetik pasatzen bazaituzte, zuek baitzarete lan zikina egiten ari zaretenak».

Nafarroako egoerari buruzko eztabaida egin dute gaur parlamentuan, eta gobernuko lehendakariak bi puntu nagusi nabarmendu ditu ordubeteko hitzartzean: alde batetik, erkidegoaren «hazkundea»; bestetik, eskuin muturraren mamua.

Nazioarteko egoerari begira abiatu du hitzaldia Txibitek. Zehazki, AEBetako egoerari eta «mundu osora zabaltzen ari den trumpismoari» begira. Lehendakariaren esanetan, herritarrak hasiak dira fenomeno horretaz jabetzen eta haren ondorioak pairatzen, «hala nola eskubideen eta askatasunen murrizketak, eta erakunde demokratikoak suntsitzeko asmo argi bat». Eta eskuin muturreko populismo horren kontrakotzat jo du Nafarroako Gobernuan indarrean dagoen eredua: «Bizi kalitate oneneko erkidegoa gara, eta egonkortasun politikoa eta instituzionala eskaintzen dugu».

«Edukiontziak bide erdian iraultzea bezain antisistema da gezurrak zabaltzea, instituzioak eta demokrazia higatzeko xedez»

MARIA TXIBITE Nafarroako Gobernuko lehendakaria

Nafarroako Gobernuko lehendakariak ongizate horren adibidetzat jo ditu ekonomiaren hazkundea, enpleguaren sorrera eta gizarte zerbitzuen indartzea: «Hazkunde betean den ekonomia batean oinarritzen dira gure bizi baldintzak. Legealdi hau bukatu baino lehen, UPNk 2015ean utzitako %19ko zorra erdira murriztea lortuko dugu», esan du. Aurtengo aurrekontu proiektuaren garrantzia ere azpimarratu du Txibitek, «zerbitzu publikoak blindatzeko» tenorean: «Aurrekontuek 6.700 milioi euroak gaindituko dituzte, eta beste behin ere, konpromiso osoa izanen dute garapen ekonomikoarekin eta inbertsio sozialarekin, baliabideen erdiak baino gehiago erabiliko baititugu helburu horietan».

Zerbitzu publikoak Nafarroako Gobernuaren ereduaren «zutabe nagusiak» direla berretsi du lehendakariak: «Eta horiek defendatzeko eta zaintzeko deia egin nahi diet publikotasunean sinisten duten guztiei. Ez diezaiegun argudiorik eman publikoa motozerrarekin kimatu nahi duten horiei».

Zergak eta industria

Txibitek garrantzia eman die legebiltzarrean onartu asmo dituzten zerga neurriei ere: «Horiei esker, hobera eginen du 340.000 pertsonaren baino gehiagoren tributazioak, eta ez da edonolako urratsa, Nafarroako zergadunen %70 baitira horiek». Sozietate zerga ere aipatu du, «enpleguarekin, berdintasunarekin eta lan istripuen aurkako borrokarekin konprometituta dauden enpresak saritzeko» neurri gisa.

Hain zuzen, enpresei eta industriari buruz luze solastatu da lehendakaria. Haren esanetan, gobernua jakitun da bigarren sektoreko enpresa eta behargin askok dituzten zailtasunez: «Horregatik, ahalegin handia egiten ari gara berrindustrializazioan eta langileen birkolokazioan». Hala ere, gehitu du langileen eskubideak ere zainduko dituztela, eta adibidetzat jo du BSHren itxiera: «Adi egonen gara, eta jokabide zalantzagarri edo legez kanpoko bat atzemanen bagenu, esku hartuko genuke».

Bigarren sektorea indartzeko xedez, Industriaren Foru Lege berri bat onartzeko asmoa agertu du, helburutzat hartuta BPGen %2ra handitzea industriari eta enpresei «sostengua» emateko diru saila —gaur egun %1,4 erabiltzen da horretarako—. Lehentasunezko alorren artean aipatu ditu auto elektrikoen ekoizpena, nekazaritzako elikagaien sektorea eta energia berriztagarriak.

Pobrezia eta gorroto diskurtsoak

Arrakala sozialak gainditzeko beharraz ere hitz egin du Txibitek. Nabarmendu duenez, gizarte bazterketa eta pobrezia tasa txikienak dituen erkidegoetako bat da Nafarroa, babes sozialeko politikei esker: «Bizitzeko oinarrizko baliabideak emateaz harago, saiatzen gara formakuntzarako eta enplegurako sarbidea ere bermatzen». Gobernuburuak gogorarazi du, gainera, Errenta Bermatuaren Foru Legea moldatzeko lanetan ari direla, eta erreforma horrek helburutzat izanen duela prestazioaren hartzaileak lan munduan barneratzea. 2026rako espero dute lege berria.

Gizarte zerbitzuei dagokionez, Nafarroa «aitzindaria» dela berretsi du, eta horren adierazgarritzat jo du aurrekontuen zati handi bat politika sozialetan erabiliko dela: «Gizarte politiketan, 4.500 euro inbertituko ditugu biztanleko. Azken bost urteotan, %35etik gora hazi da inbertsio soziala biztanleko». Azpimarra egin du mendekotasuna dutenentzako prestazioen igoeran, arta telematikoaren sustapenean eta adinekoak zaintzeko laguntzan.

«Hiruzpalau urteren buruan, 20.000 etxebizitza eraikitzeko adina zoru publiko eskuragai izanen du Nafarroak»MARIA TXIBITE

 Nafarroako Gobernuko lehendakaria

Bestalde, kezka agertu du Txibitek, migratzaile adingabeei lotutako gorroto diskurtsoak zabaldu direlako azkenaldian: «Mezu xenofoboen goranzko arriskutsu baten lekuko gara, eta eskuin muturra da mezu horien guztien jatorria; arma politiko gisa darabiltza gorrotoa eta gezurra, eta jendearen beldurra eta ezinegona hauspotzen ditu, gazte hauek deilkuentziarekin eta gatazkekin lotzen dituzten gezurren bidez. Estrategia eta erretorika xenofoboak eta arrazistak dira». Mezu horien aurrean, «egia azaleratzeko ahalegina» egin nahi du gobernuak: «Azaldu dugu nola funtzionatzen duen adingabeak babesteko sistemak: formakuntzari eta lan inklusioari buruzko datuak eman ditugu eta, batez ere, aukera izan dugu neska-mutil horien bizipenak eta historiak gertutik ezagutzeko».

Zoru publikoa, 20.000 etxebizitza eraikitzeko

Txibiteren esanetan, etxebizitza da «herritarrek duten lehentasunetako bat», eta gobernuak bere egin du lehentasun hori, «ikuspegi zabala eta neurri sorta oparoa eskainita». Puntu honetan ere, lehendakariak parez pare jarri ditu bere gobernuaren eta UPNren politikak: «1990eko hamarkadan eraiki ziren 58.000 etxebizitza babestuetatik, merkatu librean daude jada 55.000 inguru. Horregatik aldarrikatzen dut gure eredua, eskuinaren politikek arazoa handitu besterik ez baitute egiten». Alderaketa horren adibide gisa, presidenteak gogora ekarri du 2022ko Etxebizitzaren Legea, eta nola horrek «blindatu» egin zuen «etxebizitza babestuen izaera mugagabea».

Etxebizitza parke publikoa handitzea, horra Txibitek aipatu duen helburuetako bat, eta horretarako, zoru publikoa erabili nahi dute etxebizitza babestu gehiago eraikitzeko. Honakoak aipatu ditu: 11.500 etxebizitza Etxabakoitzen, 4.000 Donapean eta 5.000 Sarrigurenen. «Hiruzpalau urteren buruan, 20.000 etxebizitza eraikitzeko adina zoru publiko eskuragai izanen du Nafarroak».

Etxebizitza politiketan eginiko urratsen artean nabarmendu ditu, bestalde, alokairu babestua sustatzeko sozietate mistoa, tentsio handiko eremuen izendapena eta etxejabe handien erregistroa.