Etxebizitzaren krisia oso presente egon da Nafarroaren egoerari buruzko eztabaidaren bigarren egunean. Voxek ez beste talde guztiek ebazpen bat aurkeztu dute, eta bi eredu kontrajarri izan dira aurrez aurre. Batetik, Nafarroako Gobernuko hiru bazkideek proposatu dute «orain arteko mekanismo guztiak» hedatzea etxebizitzaren arloko espekulazioari aurre egiteko. Bestetik, UPNk eraikuntza sustatzeko neurriak eta alokairua errazteko kenkariak proposatu ditu, eta PPk, «merkatuan esku hartzerik» ez egiteko eskatu.
PSNk, Geroa Baik eta Zurekin Nafarroak aurrera atera dute euren proposamena, EH Bilduren sostenguarekin. Hain zuzen ere, koalizio abertzaleak proposatu du azterketa juridiko bat egitea Nafarroa osoa tentsio handiko eremu izendatzeko, eta gobernuko kideek ontzat jo dute eskaera. «Guk ezarritako bidetik doa. Iraganean, eskuinaren errezetek ez zuten funtzionatu. Merkatuari nahieran jokatzen utzi zioten, kontrolik gabe. Uste dugu beharrezko dela bide alternatibo bat eraikitzen jarraitzea», azaldu du PSNko Carlos Menak.
Bigarren egunak balio izan du ikusteko talde bakoitzak non ikusten dituen agenda politikoko lehentasunak eta zer proposamen egiten dituen. Gobernuko hiru bazkideek elkarrekin aurkeztu dituzte hiru proposamen: etxebizitza politikekin segitzea, osasun sistema indartzea eta elkarbizitzaren alde egitea. PSNk gazteriari eta bizikidetzari buruz aurkeztutako ekarpenak aurrera atera dira. EH Bilduk egindakoei dagokienez, aurrera atera dira etxebizitzari, gizarte kohesioari eta trantsizio ekologikoari buruzko proposamenak. Geroa Bairen kanpo ekintzari buruzko proposamena ere onartu da. Halaber, ontzat jo dute Zurekin Nafarroak berdintasunari buruz aurkeztutako ebazpena ere. Eskuineko oposizioaren ebazpen guztiak, aldiz, atzera bota dira.
Olatu autoritarioaren mehatxua oso presente egon da. Zurekin Nafarroako Miguel Garridoren hitzetan, «politikak irabazi ezean, antipolitikak irabaziko du». Haren esanetan, aurrean diren erronkak eta arazoak hain dira handiak ezen gizartea etorkizunaren beldur baita, eta etsipen horrek eskuin muturra elikatzen du. «Gure borroka ez da haien aurkakoa, haiek elikatzen dituen beldurraren eta etsipenaren aurkakoa baizik, etorkizuna okerragoa izan daitekeen uste horren aurkakoa».
Inertziak eta erosotasuna
EH Bilduko Mikel Zabaleta antzera mintzatu da, «inertziak» alboratzeko eskatu dio Nafarroako Gobernuari, batik bat PSNri. «Inportantea da batzen gaituen horretan aurrera segitzea, baina inportantea da elkarren artean urrunago gauden eremuetan ere hitz egiten hastea. Eroso gauden eremuetan segitzea ere bada inertzia. Hain erosoak ez diren eztabaidak irekitzea, berriz, anbizioz jokatzea da».
Hala, autogobernuaren esparruari erreparatu dio koalizio abertzaleak, eta hainbat urrats eskatu. Batetik, Nafarroa subjektu politiko gisa aitortzea, «politikoki, ekonomikoki eta sozialki» erabakiak hartzeko. Hizkuntz politikari dagokionez, Euskararen Legea aldatzea proposatu du. Gainera, gutxieneko soldata propioaren beharra defendatu du. Haatik, soilik Geroa Baik bozkatu du proposamen horren alde.
Geroa Baik ere Foru Hobekuntza moldatzeko ebazpen bat proposatu du, «demokrazian sakondu ahal izateko», baina hura ere ez da onartu. «Inork ez du zalantzan jartzen Nafarroaren ongizatearen alde egin duen ekarpena, baina, era berean, hamarkadotan egiaztatu da autogobernua ez dela erabat garatu», azpimarratu du Geroa Baiko Mikel Asiainek. «Agerikoa da gaurko errealitateak ez duela zerikusirik ordukoarekin, eta arauak garaian garaiko errealitatera egokitu behar dira».
UPNren eskaerak, atzera
UPNk aurkeztutako bost proposamenak atzera bota dituzte hala gobernuko bazkideek nola EH Bilduk —Belateko tunelei, osasun sistemaren gabeziei, etxebizitza krisiari, pobreziaren igoerari eta segurtasunari buruzkoak ziren—. Javier Esparzak «nafarren %40 baztertzea» aurpegiratu die ezezkoa eman duten alderdiei.
Bezperan egin legez, erantzukizunez jokatzeko eta hauteskundeetara deitzeko eskatu dio Maria Txibite Nafarroako presidenteari. «Arroka bati helduta zaude oraindik, eutsi eta eutsi. UPNko maltzur hauek gobernura heltzea besterik ez dute buruan, zure iritziz, baina gure kritika ez da bidegabea. Herritarrei hitza emateko eskatzen dugu». Maria Chueca sozialistak «negar egiteari uzteko» eskatu dio Esparzari, eta hark berehala erantzun: «Santos Cerdan kartzelatu zuten egunean, zure lehendakariak egin zuen negar».
