Israel Palestinan egiten ari den genozidioa ezagutaraztea ez da soilik komunikabideen egitekoa. Gazako eta Zisjordaniako egoera eskoletan eta institutuetan ere azaldu beharreko errealitatea dela uste du Nafarroako Irakasleok Palestinarekin taldeak; hori dela eta, bi unitate didaktiko ondu ditu: bata Lehen Hezkuntzako ikasleei begira, eta bestea Bigarren Hezkuntzako ikastetxeetarako. Gaur aurkeztu dituzte biak Iruñean, Haurren Nazioarteko Egunaren karira.
Aurkezpenean, urriaren 15eko greba orokorrean hartutako konpromiso guztiak berretsi dituzte irakasleek: «Okupazio eta suntsipen estrategia kolonialari eusten dio Israelek. Berrehun palestinar baino gehiago erail ditu su etenean ere. Hezkuntza esparruari dagokionez, Gazako azpiegitura guztiak deuseztatu ditu. Hortaz, kontzientziazioa eta salaketa publikoa ezinbestekoak dira orain inoiz baino gehiago». Helburu orokor horren barruan kokatu dituzte ikastetxeetako unitate didaktikoak ere.
Irakasleok Palestinarekin taldeak beharra ikusten du «Palestinako herriaren kausari ahotsa emateko eta estatu sionista gauzatzen ari den genozidioaren kontra mobilizatzeko». Hori guztia eman nahi dute ezagutzera ikasgeletan ere: «Unitate didaktikoaren helburu nagusiak dira haur palestinarrek pairatzen duten muturreko ahultasuna azaltzea, eta ikaslegoa eta familiak kontzientziatzea Gazan eta Zisjordanian herri palestinarrak bizi duen egoera prekarioaz».
Lehen Hezkuntzako unitatea
Hiru eta hamabi urte bitarteko ikasleei zuzendutako unitatea da, eta bost atal izanen ditu: Palestinaren historia; haur palestinarren egoera; pertsonen eta herrien arteko harremanak arautzen dituen esparru juridikoa; Palestinan hezkuntzarako eskubidea bermatzeko ekinbideak; eta haurren eskubideen inguruko hamar printzipioak, Nazio Batuen Erakundearen arabera.
«Elkartasunean, justizia sozialean eta giza eskubideen defentsan oinarritutako unitate didaktikoa eratu dugu», laburbildu dute Irakasleok Palestinarekin taldeko ordezkariek. «Kontzientzia sortu nahi dugu haurrek Palestinako genozidioan jasaten duten egoerari buruz, bereziki. Izan ere, lurralde okupatuetako giza eskubide urraketak erakusteak laguntzen du kontzientzia kritikoa, enpatia eta ardura soziala pizten».
Unitate didaktikoak oinarritzen hartzen du 1989ko azaroaren 20an sinatutako Haurren Eskubideen Nazioarteko Hitzarmena. «Egun, hitzarmen hori munduko herrialde guztiek sinatu dute, Somaliak eta AEBek izan ezik. Gure helburua da artikulu guztiak lantzea, baina bereziki 28a eta 29a, bertan aitortzen baitira hezkuntzari lotutako eskubideak».
Bigarren Hezkuntzako unitate didaktikoaren edukiak, helburuak eta xehetasunak aurrerago emanen dituzte: abenduaren 10ean, Giza Eskubideen Nazioarteko Egunarekin bat eginez. Edonola ere, Irakasleok Palestinarekin taldeak adierazi du unitate hauek «abiapuntua» baino ez direla, eta asmoa dutela «baliabide, tesna, proposamen eta ekinbide gehiago» ontzeko. Eduki guztiak egile eskubiderik gabe jarriko dituzte eskuragai, Nafarroako ikastetxeetan ez ezik, Euskal Herriko edo atzerriko edozein irakaslek, ikastetxek edo hezkuntza komunitatek erabil ditzan.
