Nafarroako Gobernuko bazkideek eta EH Bilduk 353 zuzenketa aurkeztu dizkiete 2026ko aurrekontuei

Nafarroako Gobernuko bazkideek eta EH Bilduk 353 zuzenketa aurkeztu dizkiete 2026ko aurrekontuei

Behin osoko zuzenketak atzera bota ostean, 2026ko aurrekontuen lege proiektuak aurrera egin du bidean. Parlamentu taldeek orotara 814 zatikako zuzenketa aurkeztu dituzte. UPN (222) eta PP (220) izan dira zuzenketa gehien aurkeztu duten taldeak, baina aukera gutxi izango dute. Aldiz, PSNk, EH Bilduk, Geroak Baik eta Zurekin Nafarroak 353 zuzenketa aurkeztu dituzte —horietarik 99 batera edo euretako beste talderen batekin—.

Lau alderdien arteko akordioaren arabera, zuzenketa horiek guztiak aurrera aterako dira, eta orotara 15,2 milioi euroko diru sailak finantzatuko dituzte. Zerbitzu publikoak indartu eta udalerrietako azpiegiturak hobetuko dituzte, gehienbat. Era berean, oposizioak aurkeztutako zuzenketak atzera botatzea hitzartu dute, baina proposamen interesagarririk ikusiz gero, lauren artean onetsi beharko dute hura babestea. 

Zatikako zuzenketak Nafarroako Parlamentuan erregistratu dituzte, eta horiek abenduaren 1etik 12ra bitartean eztabaidatuko dira Ekonomia eta Ogasun batzordean. Hori amaituta, azken urratsak burutuko du tramitazioa: abenduaren 18ko osoko bilkuran onartuko dira aurrekontuak.

PSNk, zehazki 154 zuzenketa aurkeztu ditu, horietatik 53 besteekin partekatuta. Sozialistek nabarmendu dute euren ekarpenek Nafarroa osoko kolektiboak eta jarduerak diruz lagunduko dituztela. Iruñerrian, kasurako, bizikleta elektrikoen zerbitzua indatzeko 27.500 euroko diru sail bat jaso dute. Gainera, Lizarraldean, industria poligono berri baten proiektu tekniko eta ekonomikoa lantzeko egitasmoa finantzatuko dute. 

EH Bildu «pozik» azaldu da. Izan ere, aurrekontuen lege proiektuak jada jasoak ditu EH Bilduk proposatutako  hamabost milioi euroko diru sailak, eta horri orain beste 4,4 milioi euroko sailak gehituko zaizkio. Orotara 151 zuzenketa aurkeztu dituzte, horietarik 71 beste taldeekin elkarlanean. Laura Aznal eledunak azpimarratu duenez, euren ekarpenek «etxez etxeko arreta zerbitzua, eguneko zentroak, haur eta nerabeekiko prebentzio sistema, adineko egoitzak eta menpekotasun duten pertsonen babesa» dute helburu. 

Nabarmendutako beste lerro bat udalerrietako azpiegiturak dira; kirol instalazioak, ikastetxeak zein bestelakoak. «Ezinbestekoa da udalerri eta lurraldeko eremu ezberdinen artean ekitatea bilatuko duten baliabideak gaitzea, kohesio soziala lortzeko ezinbestekoa baita lurralde kohesioa», esan du Aznalek. Hala, zuzenketa ugari erregistratu dituzte Nafarroa osoko udalei begira: Pirinioetan, Lizarraldean eta Erriberan «eragin handia» izango dute.

Faltzesen D eredua

EH Bilduk eta Geroa Baik Faltzesen D eredua jartzeko diru sailari 550.000 euroko ekarpena gehitu diote —orotara, ia milioi bat euro—. Geroa Baik nabarmendu du 21 sendiren eskaerarei bide eman diotela horrela. «Modu honetan udalerrian aukera berdintasunean hizkuntza eredua aukeratzeko eskubidea bermatzen da. 

Geroa Baik orotara 93 zuzenketa aurkeztu ditu —horietarik 55 bakarrik eta 43 beste talderen batekin— . Orotara, 3,5 milioi euroko diru sailak finantzatuko dituzte. Euskararen arloan, Nafarroako Unibertsitate Publikoarekin hitzarmen bat sinatzeko zuzenketa erregistratu dute, eta euskara teknikariak gaitzeko eta trebatzeko formakuntza arautuko dute. Gazteen artean euskararen erabilera indartzeko Euskabentura lagunduko da, eta Bortzirietan zein Baztanen adinekoen zentroekin hitzarmenak egingo dituzte, hizkuntza planak ezar ditzaten. 

Koalizioak aipatu du, halaber, inbertsio sorta proposatu dituztela. Nafarroako 30 udalerri baino gehiagoren garapen sozioekonomikoan lagundu nahi dutela goraipatu dute. 

Zurekin Nafarroak, berriz, 21 zuzenketa aurkeztu ditu bakarrik eta 77 beste taldeekin. Orotara, 1,7 milioi euro finantzatuko dituzte. Datorren asteazkenean azalduko dute zuzenketen edukia.