Nafarroako Parlamentuak elkartasuna erakutsi die Gasteizko Askabide klinikako erabiltzaileei eta langileei

Nafarroako Parlamentuak elkartasuna erakutsi die Gasteizko Askabide klinikako erabiltzaileei eta langileei

Abortua modu askean eta seguruan, eta osasun sistema publikoan egiteko eskubidea aldarrikatzeko erakunde adierazpena aurkeztu dute Nafarroako Parlamentuko Mahaian PSN, EH Bildu, Geroa Bai eta Zurekin alderdiek. UPNk, PPNk eta Voxek, ordea, aurka bozkatu dute, eta erakunde adierazpena izan beharrean, adierazpena izan da azkenean, parlamentuaren gehiengoaz onartua.

Adierazpen horretan keinu bat egin diete Gasteizko Askabide klinikako langileei eta erabiltzaileei, eta babesa eta elkartasuna adierazi dizkiete. Gogoratzekoa da joan zen astean izan zela 2022an antiabortistek jazarritako emakumeen eta langileen aurkako epaiketa. Ebazpenaren zain geratu zen.

Askabide klinikako langileak eta erabiltzaileak izan ziren orduan jazarpenaren biktimak, baina edozein emakume izan daitekeela eta, Nafarroako erakunde legegilearen adierazpenean gogorarazi dute emakume guztiek izan behar dutela haien sexu eta ugalketa eskubideak modu askean baliatzeko aukera. Eta erantsi dute osasun profesional guztiei ere bermatu behar zaiela emakumeen erabaki hori gauzatzeko eskubidea. Hartara, Nafarroako Parlamentuko Mahaiak «irmotasunez» arbuiatu du «edozein jazarpen ekintza edo elkarretaratze» talde ultrakatolikoen, antiabortisten aldetik. Bestalde, Espainiako Konstituzioan abortua oinarrizko eskubide bat bezala jasotzearen alde azaldu dira.