Atzo arratsaldean Iruñeko Arrotxapea auzoan piztutako sute batek bazar bat suntsitu du, eta suteak eragindako keak inguruko etxebizitzak hustera behartu. Arrotxapeko etorbide nagusian, Marcelo Zelaieta kaleko 100.ean, izan zen sutea eta suhiltzaileak gau osoa eman dute hura itzali asmoz. Inguruko lau etxebizitza hustu zituzten, eta suak eragindako ke toxikoa arnastu ostean bi lagun intoxikatu dira.
17:35 aldera jaso zuten suhiltzaileek abisua. Jabeak deitu zuen bazarra ireki berritan sua zegoela nabaritu ostean. Cordovilla eta Trinitarios parkeetako suhiltzaileak bertaratu
ziren. Ke beltz eta toxiko-aren ondorioz hesitu egin zuten ingurunean, eta inguruetako etxeetako bizilagunei leihoak ixtera behartu zieten. Halaber, ondoko lau etxebizitza hustu behar izan zituzten, suteak ke handia eragin baitzuen: hala nola Marcelo Zelaieta 100 eta 102 atariko etxeak eta alboko Bidankoze kaleko 15 eta 17ko etxeak.
Gauez aritu dira itzaltze lanean, eta goizean lehen orduan bazar barruan jarraitzen zuten lanean puntu beroak itzali asmoz. Era berean, hustutako etxeetan kearen arrastorik ez dela eta airearen tenperatura zein kalitatea egokia dela egiaztatu arte, ez diete utziko bizilagunei hara itzultzen.
Intoxikatutako bi lagunak tokira bertaratutako anbulantzia baten artatu dituzte eta ez da beharrezko izan haiek ospitaleratzea.
Suhiltzaileak itzaltze lanetan. NAFARROAKO SUHILTZAILEAK
