UGT billabesetako ituna sinatzeko prest dago, bakarrik bada ere

UGT billabesetako ituna sinatzeko prest dago, bakarrik bada ere

Billabesetako UGTko langileek onartu egin dute Iruñerriko Mankomunitateak egindako proposamena, eta lan ituna sinatzeko prest daude TCC Moventis enpresarekin —hark kudeatzen du zerbitzua—. UGTk du ordezkaritza handiena Iruñerriko autobus garraio publikoaren enpresa batzordean, baina ez du gehiengo osorik. Hala ere, bakarrik bada ere, ituna sinatzeko prest dago.

UGT sindikatuak afiliatuen batzarrak egin zituen atzo, eta langile gehienek mankomunitatearen eskaintzaren alde bozkatu zuten. Hurrengo astean gainerako sindikatuek ere batzarrak egingo dituzte, haien afiliatuen iritzia jakiteko. Alberto Longas enpresa batzordeko presidente eta UGTko ordezkariak eskatu die «arduraz» jokatzeko, ituna gehiengo osoz onartu ahal izateko. UGTk zazpi ordezkari ditu, ELAk eta CCOOk hiruna dituzte, eta LABek eta ATTUk bina.

UGTrentzat oso garrantzitsua da Iruñerriko Mankomunitateak konpromisoa hartu izana hurrengo urte amaierarako autobus linea guztietarako atseden denborak ezartzeko; ibilbide bakoitzaren iraupen denborak hobetzeko; eta autobusen mantenu lanak hobetzeko. UGTk uste du horrek nabarmen hobetuko dituela lan baldintzak.

Gatazka luzea

Azaroan langileek baztertu egin zuten enpresak egindako eskaintza. Lan hitzarmen proposamenaren kontrakoen eta aldekoen artean tarte txikia izan zen: 228k kontra bozkatu zuten eta 222k alde.

Billabesetako langileek TCC Moventis enpresa katalanarekin duten gatazka luzea da. 2023ko azken hilabeteetan hasi ziren lan itun berri bat negoziatu nahian, eta sindikatuek enpresaren borondaterik eza salatu zuten hasieratik.

Iruñerriko Mankomunitateari dagokio hiri garraioa kudeatzea, baina TCC Moventis enpresaren esku utzi zuen. Azken kontratua hamar urterako eman zion. Langile batzordeak salatu duenez, konpainia horrek %12 murriztu zuen prezioa aurreko kontratuan, eta oraingoan, berriz, %15. Hori gero langileen eta autobusen baldintzen bizkar egiten dela salatu dute sindikatuek behin baino gehiagotan. Haien esanetan, aurreko kontratuan langileei %5,4 murriztu zieten soldata batez beste, eta galdutako erosahalmen hori berreskuratzea izan da negoziazio mahaian hizpide izan dituzten puntuetako bat.