Gose greba hasi du Patxi Ruiz euskal presoak, espetxeko osasun arretarik eza salatzeko

Gose greba hasi du Patxi Ruiz euskal presoak, espetxeko osasun arretarik eza salatzeko

Iruñeko Txantrea auzoko Patxi Ruiz Romero euskal presoak gose greba abiatu du, salatzeko espetxean ez dutela osasun arta egokirik. Aske antolakundeak sare sozialetan jakinarazi duenez, gaur bertan hasi du baraualdia Ruizek, Iruñeko espetxean eri zegoen beste preso baten heriotzagatik protesta egiteko. «Presoei dagokien mediku arreta duina jasotzea exijitzen dugu», defendatu du Askek, Ruizen protestarekin bat eginez.

Ruizen gose greba abiarazi duen gertakaria azaroaren 30ekoa da: egun horretan, emakume bat hil zen Iruñeko espetxean preso zegoela. Salhaketa elkarteak salatu zuen Espainiako Gobernuak ez zuela auziari buruzko informazio zehatzik eman, baina preso hori biriketako eritasun batek jota zegoela, eta ez zutela behar bezala artatu: «Pneumonia bat edo pulmonia bat izan liteke heriotzaren kausa». Salhaketaren esanetan, halako kasuak ez dira bakanak: «Asteburuetan, ohikoa da Iruñeko espetxean osasun langilerik ez egotea, eta aspalditik ari gara egoera hori salatzen. Presoak babesgabe uzten ditu horrek, formakuntza espezifikorik gabeko funtzionarioek erabaki behar baitute presoa erizaintzako modulura eraman behar duten, edo osasun langileei deitu behar zaien, espetxera joan daitezen».

Patxi Ruizek berak ere behin baino gehiagotan salatu du Iruñeko espetxeko osasun arretarik eza. Iragan urrian, esate baterako, ebakiak egin zizkion bere buruari, egoeragatik protesta egiteko. Tinko erakundeak orduan adierazi zuenez, Ruizek egunak eman zituen pneumonia sintoma gogorrekin —eztula, biriketako eta eztarriko mina, sukar altua…—, eta, horren ondorioz, jan ezinik eta ziegatik atera gabe egon zen, baina denbora horretan ez zuen izan medikuaren bisitarik. Hori ikusita, bere buruari ebakiak egitea erabaki zuen Txantreako presoak, protesta gisa eta osasun arta egokia eskatzeko.