Beste zazpi tortura kasu aitortu ditu Nafarroako Gobernuak

Beste zazpi tortura kasu aitortu ditu Nafarroako Gobernuak

Azaroan, zazpi izan ziren. Orain, beste zazpi. Tantaka, urrats txikien bidez, baina Nafarroako Gobernua tai gabe ari da Espainiako Estatuaren indarkeria poliziala aitortzen. Dagoeneko ehun nafar baino gehiago aitortu dituzte biktima gisa 16/2019 foru legearen arrimura. Gaurko ebazpenean jasotako tortura kasuei dagokionez, 1973koa da zaharrena, eta 2004koa berriena. Hamarkadetako estatu indarkeriaren panoramika oso bat, zazpi adibidetan.

Hauek dira, zehazki, Nafarroako Gobernuaren Errekonozimendu eta Erreparazio Batzordeak «giza eskubideen urraketen biktima» gisa onartu berri dituen herritarrak: Iñaki Beorlegi Rekalde 1973. urtean atxilotu eta torturatu zuen Brigada Politiko Soziala izeneko polizia sekretu frankistak. Amparo Arangoa Satrustegi eta Purificacion Galarza Otxoa, berriz, Guardia Zibilak torturatu zituen, 1976an eta 1979an, hurrenez hurren. Javier Perez de Obanos Oiarbide birritan atxilotu eta torturatu zuen Espainiako Poliziak: 1981ean eta 1987an. Pedro de Miguel Caballero ere beste horrenbestetan atxiki eta torturatu zuen Guardia Zibilak, hamar urteko aldearekin: 1994an eta 2004an. Azkenik, Ane Buitron Zazpek eta Mikel Soto Nolascok ere Guardia Zibilaren tratu txarrak eta torturak pairatu zituzten, 1995ean batek eta 2002an besteak. 

Nafarroako Torturatuen Sareak eta Egiari Zor fundazioak osatzen duten Egiaren Garaia dinamikak ontzat jo du Nafarroako Gobernuaren ebazpena: «Emandako ebazpenak ontzat jotzen ditugu, estatu indarkeriak gure lurraldean izan duen eragina agerian jartzeko baliagarriak diren heinean, eta uste dugu, halaber, Nafarroan eta Euskal Herri osoan Estatuak eragindako giza eskubideen urraketa larriak argitzen jarraitzeko ere lagungarri izan behar dutela».

Elkarteok azpimarratu dute, azken ebazpen hau aintzat hartuta, dagoeneko 101 pertsona aitortu dituela Nafarroako Gobernuak «indarkeria politikoaren biktima gisa»: sei hildako (horietako bat torturaren ondorioz), 68 torturatu, lesio fisikoak edo psikologikoak pairatu dituzten hemeretzi lagun, bi kalte materialak pairatutakoak, beste bat torturez gain lesio fisikoak eta kalte materialak sufritutakoa, beste bat torturaz gain kalte materialak ere pairatutakoa, eta beste lauk lesio fisikoak eta kalte materialak jasan zituzten. Hori dela eta, aitortza eskaerak aurkeztera animatu dituzte Nafarroan torturak eta indarkeria politikoa jasandako pertsona guztiak, eta izapideak egiteko laguntza behar duten guztiei laguntzeko prest azaldu dira.

Azkenik, heldu den igandean Donostiara joateko deia ere egin dute Nafarroako Torturatuen Sareak eta Egiari Zor-ek, Mikel Zabalza dinamikaren autobusari harrera egiteko. 12:30ean izanen da, Bulebarrean. «Kasu lazgarri honetan gertatutakoa modu ofizialean argitzeko garaia da, egiaren, justiziaren, erreparazioaren eta berriro ez gertatzeko bermeen eskubideak garatu ahal izateko», adierazi dute.