Iruñeko Karpa Unibertsitarioko bortxaketagatik espetxeratutako lau gizonak aske utzi ditu epaileak

Iruñeko Karpa Unibertsitarioko bortxaketagatik espetxeratutako lau gizonak aske utzi ditu epaileak

Iruñeko Karpa Unibertsiotariotik gertu emakume bat bortxatzea egotzita kartzelaratutako lau gizonezkoak aske uztea erabaki du gaur epaileak, DNA frogen emaitzak jaso ostean. Izan ere, erasoan jasotako laginaren soslaia ez dator bat atxilotuenarekin. Urriaren 30az geroztik zeuden laurak espetxean. 

Sexu erasoa hilaren 24ko gauean gertatu zen, Ilargierdiaren parkean, Karpa Unibertsitarioa festaren inguruetan. Emakume bat ia konortea galduta aurkitu zuen lagun talde batek; Poliziari deitu zioten, eta anbulantzian eraman zuten ospitalera. Andreak salatu zuen bortxatu egin zutela.

Lau egunetara, lau gizon atxilotu zituen Iruñeko Udaltzaingoak (26 urte zituzten bik, eta 25 eta 33 beste biek), bortxaketa eta lapurreta egotzita. Poliziek jakinarazi zutenez, atxilotuak bizi ziren kanpadendaren ondoan biktimaren arropa aurkitu zuten. Iruñeko Emakumeen Aurkako Indarkeriaren arloko epaileak laurak behin-behinean espetxeratzea erabaki zuen, «ihes egiteko arrisku handia» antzeman zuelako, baita frogak ezkutatzekoa ere. 

Egun haietan hartutako DNA laginen emaitzak jaso dituzte orain: «Bada perfil maskulino bat, eta ez dator bat lau ikertuetako batekin ere». Hala, epaileak ebatzi du laurak aske uztea, baina inputatuta jarraituko dute; beraz, oharatarazi die deitzen dituztenean agertu beharko dutela epaitegira.

Mediku bat sexu jazarpenagatik ikertzen ari da osasunbidea

Nafarroako Gobernuko Osasun sailburu Fernando Dominguezek baieztatu duenez, Iruñeko ospitaleko gizonezko mediku bat ikertzen ari da Osasunbidea, emakumezko lankide batek sexu jazarpenagatik salatu ostean. «Salatutakoa egia dela demostratzen bada, neurriak hartuko ditugu, Osasunbideak ezin baititu onartu halako portaerak», adierazi du kontseilariak.

Dominguezen arabera, salaketa anonimo bat jaso dute Lan Arriskuen Prebentziorako Zerbitzuan duela gutxi. Eta justu aste honetan Cristina Fallaras kazetari espainiarrak bere sare sozialetako batean antzeko testigantza bat zabaldu du: emakumezko mediku batek salatu du bere zerbitzuburuak andrazko lankideak umiltzen eta kosifikatzen dituela. «Gure ipurdiei buruz hitz egiten du, galdetzen digu ea gure senarrek nola jotzen diguten larrua, oporren truke musuak eskatzen dizkigu eta ipurdia ukitzen digu». 

Fallarasek publikatutako testuan, emakumeak dio ospitaleko zuzendaritzak bazuela gizonaren portaeraren berri: «Bere postuan mantentzen dute, nolakoa den badakiten arren». Dominguezek adierazi duenez, ordea, Osasun Departamentuan eta Profesionalen Zuzendaritzan ez dute ezer jakin salaketa anonimoa jaso arte.