Iruñean lagun bat atxilotu dute etxabeak logelaka zatitu eta berralokatzeagatik

Iruñean lagun bat atxilotu dute etxabeak logelaka zatitu eta berralokatzeagatik

Espainiako Poliziak pertsona bat atxilotu du Iruñean, etxabeak logelaka zatitu eta berralokatzeagatik. Ikerketaren arabera, lagun horrek bizitegi baimenik ez zuten lokalak alokatzen zituen, haiek eraberritu, logelaka zatitu eta berralokatzeko. Maizterrek eskudirutan ordaindu behar izaten zioten, eta errentaria haiek mehatxatzera ere heldu zen salaketarik jarri ez zezaten.

Poliziak jardun horretarako erabili diren hiru etxabe atzeman ditu, izatez, lokal komertzial edo biltegi lizentzia dutenak. Haietan «pertsona ugari» bizi ziren aldi berean —ez dute zehaztu zenbat—, tartean, adingabeak eta haurrak.

Logela bakoitzagatik hilean 250 eta 800 euro artean ordaintzen zituzten, eta Poliziak egindako kalkuluek argitu dutenez, atxilotuak 12.000 euro inguru jasotzen zituen hilero. Etxabe horien jabeek, itxuraz, ez zuten lokalak eraberritzeko eta etxebizitza modura berralokatzeko baimenik eman. 

Poliziak jakinarazi du areagotzen ari direla baimenik gabe egindako obrak eta instalazioak, horrek zaildu egiten duela espazio horietan bizi diren pertsonak identifikatzea eta kontrolatzea, eta «elkarbizitza arazoak» sortzen direla. «Aurrez egindako hainbat eskuhartzek bizilagunek helarazitako kexetan izan dute jatorria», zehaztu dute.