Ibarrolaren eta Adaneroren dimisioa eskatu du Iruñeko udal gobernuak, karpako bortxaketaren kontura diskurtso xenofoboak zabaltzeagatik

Ibarrolaren eta Adaneroren dimisioa eskatu du Iruñeko udal gobernuak, karpako bortxaketaren kontura diskurtso xenofoboak zabaltzeagatik

Iruñeko Udaleko gehiengo politikoak Cristina Ibarrolaren (UPN) eta Carlos Garcia Adaneroren (PP) dimisioa eskatuko du. Urtarrilean aurkeztu asmo dute eskaera, urteko lehen osoko bilkuran. Ibarrolari eta Garcia Adanerori leporatzen diete «arduragabekeriaz» jokatu izana iragan urriaren 23an Iruñean salatutako bortxaketaren auzian, «diskurtso xenofoboak» haizatuz: «Kontrastatu gabeko informazioak erabili zituzten gorrotozko diskurtsoak eraikitzeko, eta horien bidez, gobernu taldeari eraso egin zioten eta pertsona migratuen kolektiboa kriminalizatu», adierazi du Joseba Asiron alkateak, udal gobernu taldeak gaur eginiko agerraldian. Harekin batera izan dira Berdintasun alorreko zinegotzi Zaloa Basabe (EH Bildu), Gazteria eta Garapenerako Lankidetzako zinegotzi Mikel Armendariz (Geroa Bai) eta Gizarte Ekintzako zinegotzi Txema Mauleon (Zurekin Nafarroa).

Sexu erasoa hilaren 23ko gauean gertatu zen, Media Luna parkean, Karpa Unibertsitarioa festaren inguruetan. Emakume bat ia konortea galduta aurkitu zuen lagun talde batek; Poliziari deitu zioten, eta anbulantzian eraman zuten ospitalera. Andreak salatu zuen bortxatu egin zutela. Handik lau egunera, lau gizon atxilotu zituen Iruñeko Udaltzaingoak —26 urte zituzten bik, 25 beste batek, eta 33 azkenak—, bortxaketa eta lapurreta egotzita. Iruñeko Emakumeen Aurkako Indarkeriaren arloko epaileak laurak behin-behinean espetxeratzea erabaki zuen, «ihes egiteko arrisku handia» antzeman zuelako.

Biktimak eta haren familiak propio eskatu zuten kasuaren gaineko daturik ez azaleratzea, baina komunikabide, eragile politiko eta sare sozialetako erabiltzaile askok berdin-berdin zabaldu zituzten gertatutakoaren gaineko xehetasunak. Zurrumurruak bolo-bolo ibili ziren sare sozialetan eta zenbait hedabideetan, eta askok atxilotuen jatorriari erreparatu zioten —argeliarrak dira—, iruzkin xenofoboak eta arrazistak egiteko, eta immigrazioa sexu erasoen goranzkoarekin eta segurtasunik ezarekin lotzeko. Poliziak filtratutako informazioa baliatuz, gainera, UPNk eta PPk ontzat jo zituzten akusazioak eta kargu hartu zioten Hiritarren Segurtasun arloko zinegotzi Endika Alonsori. Areago: haren dimisioa eskatu zuten, segurtasuna bermatzeko «beharrezko baliabideak» ez jartzeagatik eta auziaren gaineko informazioa ezkutatzeagatik.

Aste honetan, baina, argitara atera dira DNA proben emaitzak, eta epaileak aske utzi ditu lau akusatuak. Izan ere, erasoan jasotako laginaren soslaia ez dator bat atxilotuenarekin.

Ardura eta etika politikoa

«Ordezkari publikoei exijitu behar zaizkigu erantzukizuna eta etika politikoa, beste ororen gainetik», esan du Asironek gaurko agerraldian. «UPNren eta PPren buruzagiek erakutsitako arduragabekeria, ordea, ez dator bat hiri honetako alkate izan nahi duen edonork izan beharreko jokabidearekin». Iruñeko alkatearen ustez, diskurtso xenofoboei hauspoa ematea ez da onargarria: «Arrazakeria ez da iritzi bat; makineria suntsitgarri bat da eta, behin aktibatuta, gizarte osoa eramaten du herrestan amildegira. Hamarkadak behar dira hortik ateratzeko».

Ibarrolaren eta Garcia Adaneroren jokabidea, gainera, ez zen eztabaida bakarrera mugatu: «Kontrastatu gabeko filtrazioei sinesgarritasuna emanda, behin eta berriro errepikatu zituzten hurrengo asteetan telebista platoetan, irrati estudioetan eta sare sozialetan, mezua nahita anplifikatuz, jakinda biktimari eta hiri osoari kalte egiten ziotela», gehitu du Asironek.

Horren aurrean, udal gobernu taldea «isilik» egon dela nabarmendu du alkateak: «Hiritarren Segurtasuneko zinegotziaren eta gobernuaren aurka esanikoak oso larriak izanagatik ere, ulertu genuen gure lehenetasuna zela gertatutakoa argitu arte itxoitea, zarata, espekulazioak eta kalteak ez areagotzeko». Horrez gain, bortxatutako emakumearen nahia errespetatu nahi izan dutela esan du Asironek: «Gobernu talde honek arduraz jokatu du hasieratik: irmoak izan gara edozein erasoren gaitzespenean; zuzenak, jardun instituzionalean; eta zorrotzak, biktimaren babesean, errespetuan eta laguntzan».