Emisio gutxiko eremua indarrean izanen da Iruñean astelehenetik aurrera: zeintzuk dira baimendutako ibilgailuak?

Emisio gutxiko eremua indarrean izanen da Iruñean astelehenetik aurrera: zeintzuk dira baimendutako ibilgailuak?

Bilbon, Donostian, Gasteizen eta Lapurdiko kostaldeko hainbat herritan ezarria dago dagoeneko, eta Iruñera helduko da orain. Emisio gutxiko eremua astelehen honetan sartuko da indarrean Nafarroako hiriburuan, zenbait hilabeteko tramitazioaren ostean. Arauak are gehiago mugatuko du ibilgailuen joan-etorria hiriko erdigunean: Alde Zaharrean eta Zabalguneko zenbait kaletan, nagusiki.

Iruñeko Udalaren arabera, isuri gutxiko eremuak bi helburu ditu, elkarri lotuta: airearen kalitatea hobetzea eta kutsadura murriztea. Kale hauek zedarrituko dute eremua: Takonera, Navas de Tolosa, Sarasate pasealekua, Ahumada Dukearen kalea, Joan Labritekoa, Vergel eta San Domingo. Perimetro horren barruan, ingurumen etiketa daramaten ibilgailuek soilik izanen dute sartzeko, ibiltzeko eta egoteko aukera, salbuespenak salbuespen.

Iruñeko emisio gutxiko eremuaren planoa. IRUÑEKO UDALA

Iruñean, baina, arau honek ez du berekin ekarriko beste hiriburu batzuetan eragin dituen aldaketa nabarmenak. Izan ere, Joseba Asironen lehen agintaldian (2017. urtean), udalak SKE Sarbide Kontrolatuko Eremu izendatu zuen Alde Zahar osoa, eta ibilgailuen trafikoa zeharo mugatu zuen horrek. Astelehenean indarrean sartuko den eremu berriak ez du aurreko hori ordezkatuko, osagarriak izanen baitira: emisio gutxiko eremuak are gehiago zorroztuko du lehendik arautua zegoena.

Nire ibilgailuak ingurumen etiketa darama. Alde Zaharrean gida dezaket orain?

Printzipioz, ez. 2017etik Sarbide Kontrolatuko Eremuan sartzerik ez zuten ibilgailuak ezinen dira Alde Zaharrean ibili aurrerantzean ere, ingurumen etiketa eduki ala ez. Hori ez da aldatu. Ingurumen etiketa ibilgailuaren haizekoan itsasita eraman beharko dute, hori bai, orain arte sartzeko baimenen bat zutenek: banaketa lanetan ari direnek (3,5 metro kuborainoko bolumena duten paketeak banatzeko), aparkalekurik ez duten hotelen bezeroek, etxez etxeko janari banatzaileek, ekitaldiak prestatzen ari direnek, eta Alde Zaharrera sartzeko 30 minutuko aldizkako baimena dutenek, alegia.

Zer itsasgarri mota beharko dute horiek?

Europako Batasunak ezarritako horiek: 0, Eco, B eta C izendapena dutenak.

Banaketa enpresetako furgonetak, Iruñeko Kale Nagusian. JAGOBA MANTEROLA / FOKU

Ba al da etiketarik behar ez duen ibilgailurik?

Bai, badira salbuespenak. Honako hauek dira isuri gutxiko eremuan bereizgarri edo etiketarik gabe ibiltzeko baimena dutenak: Alde Zaharreko eta Sarasate pasealekuko bizilagunak; mendeko pertsonak (bi ibilgailu erregistratzen ahalko dituzte); mugikortasun urriko pertsonak; garaje edo aparkalekuetan plazaren bat erreserbatua dutenek, hala jabetzan nola alokairuan; saltoki eta hotelen titularrek; zamalanetan, etxe-aldaketetan edo konponpeka lanetan ari direnek; larrialdietako ibilgailuek; garraio publikoak; Merkatu kaleko eta Joan Labrit kaleko geralekuetara doazenek; eta saltokiek baimendutako aldizkako sarrerak.

Eta Alde Zaharrera etiketarik edo baimenik gabe sartuz gero, zer?

Iruñeko Udalak jakinarazi duenez, emisio gutxiko eremuan baimenik gabe sartzea arau hauste larria izanen da, eta berrehun euro arteko isuna ezarri ahalko zaio hori egiten duenari (ehun eurokoa, berehala ordainduz gero).

Nora jo dezaket informazio bila edo baimenen bat eskatzeko?

Neurri eta arau berriak ezagutarazteko xedez, kanpaina informatiboa abiatu du Iruñeko Udalak: besteak beste, 75.000 eskuorri banatuko dituzte hiriko auzo guztietan, eta informazio zehatza eskainiko dute iruña.es eta pamplona.es/eu webgune ofizialetan, eta baita udalaren sare sozialetan ere.

Isuri gutxiko eremuan sartzeko baimenen bat behar dutenek, berriz, orain arte bezala eska dezakete: 010 telefonoan, accesocascoantiguo.com webgunean eta aurrez aurre, Hiritarren Segurtasuneko arreta zerbitzuan (Iratxeko monasterioa kaleko 2. zenbakian).