Maria Txibite Nafarroako gobernuburuak egin berri duen gobernu moldaketa ez da mugatuko aurpegi aldaketa huts batera. Ematen du jarrera oldarkorragoa azaldu nahi duela Nafarroako Gobernuak, eskuineko oposizioaren kritiken aurrean. Belateko tunelaren gainkostuen harira, UPNk Nafarroako Parlamentuko foru erregimeneko batzordera joateko deitu du Txibite. Bertan, Nafarroako Gobernuko lehendakariak azpimarratu duenez, kontu hartzailearen txostenak agerian utzi du bete direla gobernuaren kontrol neurriak. Ia hiru ordu iraun du agerraldiak, eta ez da mugatu azaltzera zer egin duen gobernuak. Jakinik UPNk eta PPk ustelkeriaren susmoa zabaltzeko baliatzen dutela auzia, aurre egin die Txibitek.
Nahiz eta uztailetik ikerketa batzorde bat abian den, parlamentuko ohiko jarduna Belateko tunelaz hitz egiteko baliatu du UPNko Javier Esparzak. Berriro ere errepikatu du tunela bikoizteko lana «Santos Cerdani» eman zitzaiola, kontratazio mahaiak 2023ko abenduan 76 milioi euroko kontratua esleitu baitzion Acciona, Servinabar eta Oses enpresek osatutako elkarteari. Gerora, 2024ko maiatzean, obrak hasita, elkarteak 8,5 milioi euroko kostu igoera proposatu zuen, eta hori «hamalau hilabetez ezkutatzea» aurpegiratu zion gobernuari. Iazko azaroan, berriz, gobernuko kontu hartzaile nagusiak ebatzi zuen 6,2 milioi euro justifikatu gabe zeudela. «Bakarrik horregatik, esan dituzuen gezurrengatik eta trikimailu guztiongatik dimisioa eman eta hauteskundeetara deitu behar zenuke».
Txibite, kontraerasora
Salaketa horren aurrean, Txibitek gogora ekarri dio kontu hartzaileak balekotzat jo zuela Belateko tunelaren adjudikazioa. «Zuri horrek ez dizu balio. Enpresak proposatutako gainkostuak ez direla egokiak dioenean, hori Biblia da zuretzat; aldiz, esleipena balioztatzen badu, baliorik gabeko komiki bat da zuretzat. Ez duzue irizpiderik». Gogora ekarri dio 1990eko hamarkadan UPNren agintepean egindako Belateko tunelaren lanek %35eko gainkostua izan zuela, eta, zenbait tartean, «%70etik gorakoa».
«Zuk iruzur hitza erabili duzu, baina ez al zen hori iruzurra izan, orduan?», galdetu dio. Era berean, Nafarroako Ubidearen lehen faseko zabaltzea ere «iruzurtzat» jo du: UPNren garaian izan zen, eta orduko goi kargudun batek «enpresa kontzesionarioan» amaitu zuen. «Duela hamabost urte ez zeuden orain indarrean diren kontrol eta gardentasun neurriak. Ez zegoen gardentasunik epeetan, ezta kaleratu beharreko txostenetan ere. Hamaika kontuz libratu zarete zuek».
Kontu hartzailea konforme ez zegoen txosten kopurua. Kontu hartzaileak gobernuaren gastua kontrolatzen du, eta kontratazio publikoko espedienteak ikuskatzen ditu. Txibiteren agintaldian 971 alditan ez da konforme egon gobernuaren ekintzarekin.
Belateko tunelaren gainkostuen aurrean, kontu ikuskaritzak azaroan txosten batean ebatzi zuen enpresa elkarteak proposatutako 8,5 milioi euroetatik 6,2 milioi ez zirela ustekabeen ondorio. Hiru puntu azpimarratu zituen. Batetik, tunela sostengatzen duen armadura aldatzea proposatu zuen enpresak, gobernuko meatze atalak hala eskatu zuela arrazoituta; kontu hartzaileak ukatu egin zuen meatze atalak eskakizun hori egin ziela; bigarrenik, tunela zulatzeko metodoa aldatzea proposatu zuen enpresak, eta kontu hartzaileak esan zuen aldaketa ez zela irizpide teknikoen araberakoa, baizik komenigarritasunaren araberakoa. Azkenik, lehergaien biltegiratzea bere kontu izango zela esan zuen, eta gero hori aldatu nahi izatearen aurka azaldu zen kontu hartzailea.
Txibiteren arabera, kontu hartzailearen txosten hori «kolpe bat» izan da, baina horrek agerian uzten du bere burua zuzentzeko moduak dituela gobernuak. «Txostenaren edukia kontuan hartu dugu, gure egin dugu, eta bete egingo dugu. Txosten gogorra da, auzitan jarri baititu espediente administratibo bat eta haren argudio juridikoak», azaldu du. Haren esanetan, kontrol neurrien ondorioz «motelagoa eta ulertzeko zailagoa» da administrazioaren lan egiteko modua, baina horren ondorioz bere burua zuzendu dezake, «esku hartze politikorik gabe».
Hemendik aurrerakoa
Politikoki ere kolpea izan zen, Geroa Baik, EH Bilduk eta Zurekin Nafarroak ardura politikoak eskatu zizkiotelako PSNri. Horregatik, Pedro Lopez Herri Lanen zuzendaria kargugabetu zuten. Gaur bazkideek berretsi dute ez dutela nahi justifikatu gabeko euro bakar bat ere ordaintzea. Txibiteren alboan izan dira Oscar Txibite Lurralde Kohesioko kontseilaria eta Jose Luis Arasti Ekonomia eta Ogasun kontseilaria. Hemendik aurrerako urratsen berri eman dute biek.
Kontu hartzailearen txostenak gainkostuen inguruko espedientea eten bazuen ere, Txibite kontseilariak azaldu du oporren aurretik berrekin diotela jarduerari. Orain arte, 24,2 milioi euro ordaindu dira, eta kopuru hori aurrekontuaren araberakoa da. Abenduan beste bost milioi euro zeuden hitzartuta, eta aurki, beraz, 30 milioi euro pagatuko ditu alor publikoak. Herri Lanen Zuzendaritzak kostu igoeraren inguruko beste espediente bat egingo du, «legearen arabera eta segurtasuna bermatuko duen irizpide teknikoen arabera».
Oscar Txibitek argitu du lan konplexua dela, 2.100 metro zulatu baitira mendian, aurreikusitakoaren %74. Horri loturik, uste du proposatutako zulatze metodoa eta estaldura egokiak direla, aintzat hartu behar duelako mendiaren morfologia eta segurtasuna. «Lanean ari diren berrehun langile horietako bakar bat ere ez da sartuko bi kilometro mendi barruan beharrezko segurtasunik gabe». Haren ustez, orain argitu behar da zer aldek hartu behar duen bere gain kostu igoera.
Azken mezu bat zuzendu dio Txibite lehendakariak UPNri: «Urte berri honetan nahiko nuke epaileak Belateko tunelak ikertzea. Badakizu zer gertatuko den? Zuek barkamena eskatu beharko diezuela nafarrei».
