Nafarroako Auzitegi Nagusiak berretsi du Aroztegiko aktibistak ez direla talde kriminaleko kideak

Nafarroako Auzitegi Nagusiak berretsi du Aroztegiko aktibistak ez direla talde kriminaleko kideak

Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak ez du aintzat hartu Aroztegiko proiektuaren enpresa sustatzaileen helegitea, eta berretsi du iazko irailean emandako epaia: Aroztegiko proiektuaren aurkako aktibistak ez dira talde kriminaleko kide. Erran.eus tokiko hedabideak eman du erabaki judizialaren berri.

Izan ere, irailean epaitegi horrek berak plazaratutako epaiak zigortu zituen zazpi auzipetutakoak «obrak geldiarazteagatik eta indarkeria delituagatik», baina baztertu zuen talde kriminalaren akusazioa. Proiektuaren sustatzaileek erabakiaren aurkako helegitea jarri zuten, baina Nafarroako Auzitegi Nagusiak alde batera utzi du enpresen errekurtsoa, eta irailean hartutako erabakia berretsi. Beraz, zazpi auzipetuen zigorra mantenduko da: 5.850 eta 9.900 euro arteko isun ekonomikoak, baina kartzela zigorrik gabe.

Iraileko epaiari aurkeztutako errekurtsoan, enpresek talde kriminalaren akusazioa mantentzea eskatu zuten; argudiatu zuten leporatutako gertakariek argi erakusten dutela «auzipetuen borondatea delitu gehiago egiten segitzeko, proiektua inoiz gauzatuko ez dela ziurtatzeko». Auzitegiak erantzun du «bideraezina dela errekurtsoa onartzea eta absoluzio epaia ezeztatzea entzunaldi publikorik egin gabe, non akusatuari, egotzitakoa egin izana ukatzen duenari, entzun beharko zitzaion». Gainera, sententziak baliogabetu du enpresen beste argumentu bat, «epaiak frogak oker baloratu zituela» zioena.

2021eko protestak

2021eko apirilean egin zituzten Aroztegiko protestak, Lekarozen (Baztan, Nafarroa), obrak geldiarazteko: Palacio de Arozteguia SM enpresaren proiektu urbanistikoari aurre egiteko batu ziren herritarrak, enpresa sustatzaileak luxuzko 228 etxebizitza, golf zelai bat eta lau izarreko hotel bat eraiki nahi zituelako 350 biztanleko Lekaroz herrian. Bada, horregatik, guztira hogei urteko kartzela zigorra eta 56.000 euroren isunak eskatzen zituzten zazpi baztandarrendako. 

Lau urtez Damoklesen ezpataren mehatxuarekin bizi ondoren epaiketa izan zen 2025eko maiatzean, eta irailean iritsi zen epaia. Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiaren ebazpenak arnasa eman zien auzipetutakoei eta horiek babesteko herri mugimenduari: ez zuten kartzelara joan beharko. Nolanahi ere, isunak ezarri zituen zazpientzat; bakoitzak gehienez 9.900 eurokoa. Epaiaren arabera, zazpi auzipetuek obrak gelditu zituzten eta langileen lana oztopatu zuten, eta, hortaz, derrigortze delituagatik zigortu zituzten; baina epaileak ez zuen froga nahikorik antzeman «talde kriminal» bat zirela ondorioztatzeko. 

Handik egun batzuetara epaiari buruzko iritzia plazaratu zuten Aroztegiko Elkartasun Komiteak, Elizondon egindako agerraldi jendetsu batean. Orduan esan zutenez, «zazpi herritar kartzela zigorraren mamuaz libratzeaz gain, Euskal Herriko antolakuntza demokratikoaren eta desobedientzia zibilaren kriminalizazioa saihestu dugu, baita etorkizuneko borroketan aurrekari arriskutsu honek ekarriko lituzkeen zigortze neurri larriak ere. Beraz, herri mugimenduek badugu zer ospatu». Ontzat eman zuten, hortaz, «talde kriminal» bat osatzen zutelako akusazioa bertan behera utzi izana, baina gogorarazi zuten erabaki horrek «argi-ilun anitz» utzi zituela. Hartara, kartzela zigorra saihestu badute ere, milaka euroko kalte ordaina eta isuna ordaintzeko zigorra ez dela «ez bidezkoa, ezta onargarria ere»: «Argi erran nahi dugu: desobedientzia zibila ez da delitua!».