Ane Alaba (Antsoain, 2000) Ernaiko bozeramaile izan da urte luzez. Beti erakarri du militantzia politikoak, eta, horregatik, NUPen Soziologia ikasketak hautatu zituen, «hasiera-hasieratik» ikusmina piztu ziolako gai horrek. Orain zirkulua itxi nahi izan du. Bere gradu amaierako lanean, militantzia politikoa aukeratu duten gazteengan jarri du arreta, noiz eta gazteriari politikarekiko atxikimendu falta egozten zaion garai honetan. Horretarako, PSNren gazte mugimendua aztertu du: Nafarroako egungo egitura instituzionalean eragin ahalmen handieneko alderdiaren gazte erakundea, alegia. «Hainbeste ezagutzen ez nuen gazte militantzia bati erreparatu nahi nion». Azterlanak Nafarroako Gazteria Institutuaren aitortza jaso du.
PSNren gazte erakundea aztertu eta gero, zer antz ikusi dituzu haren eta Ernairen artean?
PSNko gazteria oso lotua dago tokian tokiko errealitateari. Herri izaera dute, izan Erriberriko Erraldoien Konpartsan, izan peñen asanbladan. Ernaik ere badu izaera hori: eragile aktibo izan nahi dugu herrian, eta ez solik kulturaren, politikaren edo dena delakoaren kontsumitzaile.
Diferentzia ideologikoa agerikoa da, baina zer beste desberdintasun nabarmenduko zenuke?
Bereziki desberdin egin zitzaidan militatzeko duten arrazoi nagusietako bat dela oso erakundeari lotuta ikusten dutela beren etorkizuna. Pragmatismoz ikusten dute: alderdian hasi banaiz, alderdian jarraituko dut.
Testuinguru orokorra da gazteek politikarekiko atxikimendu falta handia dutela Europan eta Nafarroan.
Zoritxarrez, ez ditut landu Euskal Herriko datuak, horretarako aukerarik ez duelako ematen lanak berak. Europan eta Nafarroan, datuek diote politikan aktibo izateko interes txikia dagoela. Gerora, bereziki Europa mailan egindako ikerketetan sakontzen baldin baduzu, ikusten da politika egiteko modu jakin batean ez dugula parte hartzen. Aldiz, portzentualki parte hartzea gainontzeko sektoreena baino handiagoa da mobilizazio sozialetan, boikot kanpainetan, sare sozialetako aktibismoan… Atxikimendu falta bereziki politika egiteko modu jakin bati lotuta dago. Agian ez gaude hainbeste bulegoetan hamalau orduz eztabaidatzen, eta bagaude militantzia askotarikoago horietan.
Zeren ondorio dela uste duzu?
Gizartea asko aldatu da: gure harremanak nola sortzen diren, gure artean nola eztabaidatzen diren, zer tresna ditugun… Atomizazioa eta indibidualizazioa itzela da, eta eredu indibidualistago horiek erosoagoak egiten zaizkigu espazio kolektibo batzuk baino. Instituzioak arrotzagoak ditugu. Oso modu tradizionalean funtzionatzeaz gainera, prestakuntza handiko eta sarbide zaileko gune gisa identifikatzen ditugu. Hori oso itxita dago, eta parte hartze ereduan demokrazia laukiduna da.
«Askotan, helduak ibiltzen dira gure parte hartzearen inguruan hitz egiten, eta oso gutxitan eskaintzen zaigu guri aukera adierazteko badugula interesa politikan»
Gazteekiko aurreiritziak daude, eta politikarekiko atxikimendu falta orokorragoa da?
Bai, lanaren ondorioetako bat hori da. Baina, aldi berean, garrantzitsua da gazteengan fokua jartzea.
Zergatik?
Batetik, parte hartzeko beste modu batzuk deskubritzen, sustatzen eta sortzen ari garelako. Bestetik, instituzioetara inkorporatzea interesgarri izan daitekeelako. Gaur egungo kultura demokratikoa hobetzeko eragileak gu izango baikara. Niretzat, ikerketaren ondorio nagusia da gure demokraziak berritu behar ditugula, irisgarriagoak egin gazteriarendako eta oro har gizartearentzat. Demokrazia berritzeko ez dugu fokua jarriko 65 urtetik gorako belaunaldi horretan, baizik eta gazteengan. Galdera da, era berean, nola jarri fokua. Askotan gutaz hitz egiten da, baina gurekin hitz egin gabe. Askotan, mahai inguruetan helduak ibiltzen dira gure parte hartzearen inguruan hitz egiten, eta oso gutxitan eskaintzen zaigu guri aukera adierazteko badugula interesa politikan.
Alderdiek hori kontuan eduki behar lukete?
Uste dut badirela gutxinaka gazteriarengan arreta jartzen ari diren alderdiak. Bagara boto berriak eskuratzeko harrobia, eta bakoitza, bere estrategiarekin, guri begira dago. Uste dut badagoela gazteriaren gaineko foku hori; gehiago gazteriaren beharren instrumentalizazioaren ikuspegitik, eta ez hainbeste gu politika instituzionalaren parte izatearen ikuspegitik. Oraindik aurreiritziak daude, eta heldukeria.
Zergatik aztertu duzu PSNren gazte mugimendua?
Badu ibilbide nahikoa ikusteko zer bilakaera izan duen gazteriaren parte hartzeak alderdi barruan. Bestelako alderdi batzuekin, horretarako aukera ez nuen hain argia. Eta gaur egungo garrantzi politikoagatik. PSNk Nafarroako Gobernua gidatzen du, eta horrek zilegitasuna ematen dio metodologikoki eta lan akademiko baten perspektibatik.
«Ikuspegi pragmatiko hori mahaigaineratu da ikerketa horretan. Gazteriarentzat, instituzioa erreminta bat da»
Gazte mugimenduak kritikoak izan ohi dira. Nola bizi dute gazte horiek euren alderdia Nafarroako Gobernuko alderdi nagusia izatea?
Kontraesanak izan, badituzte. Niri arreta piztu zidan gai ideologiko batzuen eztabaidetan ez zetozela bat alderdiaren lerroarekin; bestalde, ideia berritzaileagoak aurrera eramateko gaitasun praktiko handiko eremu moduan ikusten zuten alderdia. Batek esaten zidan: «PSOEren eta Podemosen artean, bien panfleto sinatu gabeko bat irakurriko banu, agian Podemosen horrekin adostasun handiagoa nuke kasik, baina PSOEk errealitatea aldatzeko gaitasun bat du, Podemosi ikusten ez zaiona». Ikuspegi pragmatiko hori mahaigaineratu da ikerketa horretan. Gazteriarentzat, instituzioa erreminta bat da, irrikak eta nahiak eraldatzeko, eta ez hainbeste helburu bat.
Azterketan, genero ikuspegia ere kontuan hartu duzu. Berriki, hain justu PSNk bere burua feministatzat aurkeztu badu ere, hor kontraesanak daudela egiaztatu dute zure ikertuek?
Alderdiak ez daude gizartetik salbu, eta gizarteko biolentziak erreproduzitzen dituzte. Kontsultatutako gazteak oso kontziente izan dira patriarkatua leku guztietan erreproduzitzen zela, eta aitortu izan dute haiek militantziara jauzi egiteko arrazoietako bat izan zela emakume izatea eta emakume erreferente gehiago nahi izatea. Horretarako ardura zuten. Baina egia da arrotza egiten zaigula oro har guztioi aitortzea gure baitan eta gure kideen artean badagoela biolentzia puntu hori, eta desberdintasunak egon badaudela. PSNren kasuan, Maria Txibite emakume sendo bezala aurkezten zaie, eta aitzakia eta justifikazio moduan jarri izan dute beraienean patriarkatua hainbeste erreproduzitzen ez dela adierazteko.
