Haurrentzako ipuin kontaketa bat eginez, eta txokolatea hartu bitartean berriketan arituz. Giro horretan aurkeztu zuten Orantzaroa, ilunbetik argitara haurrentzako ipuin liburua, abenduaren 5ean, Leitzako Kornieta elkartean. ALKE kultur taldearen ekimenez idatzi dute, eta liburuaren xedea da Leitzan neguko solstizioaren inguruan dauden usadioak eta errituak gazteenei transmititzea, familia giroan. Liburuan, besteak beste, Leitzako Orantzaro pertsonaia agertzen da; izaki magiko bat da, emakumea, gizona edo sexurik gabea izan daitekeena. Liburua euskara hutsean idatzia dago, eta pertsonaiek hitanoz hitz egiten dute. Izan ere, liburuaren egileetako batek, Juan Mari Barriolak (Leitza, 1968), esan du hitanoa «herriaren nortasunaren parte garrantzitsu bat» dela —ALKE elkarteko kide ere bada Barriola—. Dena den, liburuan agertzen den QR kodea erabilita edo ALKEren webgunera sartuta, Leitzan hitz egiten diren beste hainbat hizkuntzatan irakur daiteke istorioa. Barriolak aipatu du liburuko gaia edozein kulturatan uler daitekeela.
Barriolaz gain, Eñaut Lasarte, Saioa Mendia eta Mikel Alkoz dira liburuaren egile nagusiak. Hala ere, hainbat herritarrek egin dute ekarpena. Izan ere, lanak hainbat urtez egindako ikerketen emaitzak erakusten ditu. Barriolak esan du 2007an kultur taldeko zenbait kide «lanketa berezi bat» egiten hasi zirela Orantzaroren inguruan: zehaztu duenez, duela hamazortzi urte Leitzan ere «gailenduta» zegoen Olentzeroren eredu estandarra, baina argitu du elkarteko zenbait kideri senideek kontatzen zietena ez zetorrela guztiz bat herrian ospatzen zen horrekin.
Horren harira, kezka piztu zitzaien, Orantzaroren ospakizunaren inguruko zenbait elementu ez ote zeuden galtzeko bidean, eta adineko leitzarrei galdezka hasi ziren. Barriolak esan du ohartu zirela herrian, batez ere baserrietan, bazeudela zenbait erritu Orantzaro egunarekin lotuak, baina «nahiko galduak»; besteak beste, su berria. Halere, ikerketari ekin ziotenean, bazen beste erritu bat bizirik zirauena: abenduaren 24an etxeen aurrean, tximinietan eta balkoietan Orantzaroren panpinak jartzekoa. Gaur egun ere eusten diote ohitura horri leitzarrek. Hala ere, esan du panpina gehienak Olentzero estandarren antzekoak zirela, baina zaharrenek hainbat eratara irudikatzen zituztela: mota askotako ogibideak zituzten, eta gizonak, emakumeak edo sexurik gabekoak ziren.
Ospakizun bereziago bat
Ikerketaren bitartez zertaz jabetu ziren azaldu du Barriolak: «Ohartu ginen Orantzaroren egun horretan ospatzen diren erritu zahar horiek naturaren zikloarekin eta solstizioarekin loturikoak direla gehienbat, eta aldaketa horren larritasunaren harira egiten direla, natura berriz pizteari dagokion sinbolismoarekin». Bada, hain zuzen, ospakizun horren inguruan hainbat jarduera egin ditu ALKEk azken urteotan, eta liburua beste pauso bat izan da. Hartan kontatzen den istorioan, Arimen Gauetik udaberrira arteko ibilbidea egiten da, eta neguko solstizioaren garaian, Orantzaro eta Maimur —Mari pertsonaia mitologikoaren Leitzako bertsioa— agertzen dira, su berria egiteko eta horrela egunak luzatzeko eta indartzeko.
Liburuan azaltzen den istorio hori ulertzeko, garrantzi handia dute Mikel Alkozek (Leitza, 1990) egindako ilustrazioek. Horien bitartez, neguko solstizioari eta naturari garrantzia ematen saiatu da Alkoz. Baserri mundua ere nabarmendu du liburuan: «Euskal istorioak, ohiturak eta sinesmen zaharrak transmititzeko gune bat izan da».
Sua irudikatzeko, kolore beroak erabili ditu, eta gaueko elementuetarako, aldiz, kolore hotzak, kontrastea sortzeko. Pertsonaia mitologikoei dagokienez, Orantzaro, Maimur, Herio eta galtzagorria agertzen dira. Haiei misterioa eta intriga ematen saiatu da Alkoz, haurrentzat erakargarriak izan daitezen.
Liburua Leitzako Astiz eta Maimur liburu dendetan eskuratu daiteke, hamabi euroren truke. Aurtengo Durangoko Azokan ere izan da salgai.
