«Bidea ez zen samurra izan. Zu oinez zoaz, eta zure alboan heriotza doa oinez. Bidelagun duzu une oro». Issa berberea da, eta Marokon jaio zen. 23 urte ditu, baina hitz egiteko duen manerari erreparatuta, helduagoa dirudi. Asko irakatsi dio kaleak. Badaki zer den goizero jatekoa bilatu behar izatea, zer sasian ibiltzea, poliziengandik edo mafiengandik ihesi, eta egona da eraikin abandonatuetan zabor poltsak kentzen, zoruan lo egiteko toki bat libratu ahal izateko.
Aldamenean du Younes. Hura ere gaztea (29 urte), hura ere Marokon sortua, hura ere kalean lo egitera behartua. «Aita berberea dut, eta ama, berriz, sahararra. Ingeniari topografikoa naiz, bi master ditut, eta zenbait urte eman ditut hemen lanean, baina horrek ez dit ezer ziurtatu. Paperak ukatu dizkidate, eta zain nago orain, formakuntzagatiko baimen bat eskatu ahal izateko».
Kanariar uharteetatik iritsi zen Younes Euskal Herrira; Issa, berriz, Ekialdeko Europatik, oinez. Bien bideek Iruñean egin dute topo, eta zenbait hilabetez, bizitoki izan dituzte hiriko bi eraikin okupatu: Jaso ikastola zenaren eraikin zaharra eta Aranzadiko Agustindarren komentua, biak ala biak gutxieneko higiene eta osasun baldintzak betetzen ez dituzten eraikin abandonatuak. Egunotan, Issak eta Younesek Katakrak liburu dendan hartua dute aterpe, Negu Gorriak sarearen neguko kanpainaren barruan, beste hamalau etxegabe magrebtarrekin batera. Han pasatuko dituzte hilabete hotzenak, muturreko tenperaturei aurre egiteko.
Ezkerretik eskuinera, Izaskun, Issa, Samira eta Younes, Katakrak liburu dendaren patioan, Iruñean. IÑIGO URIZ / FOKU
Iruñeko zenbait kolektibotako boluntarioek sortu zuten Negu Gorriak sarea iaz, arduradunen esanetan, «administrazio publikoei presio egiteko eta etxegabeen arazoa lehen lerrora ekartzeko». Besteak beste, CGT-LKN, Haritu, SOS Arrazakeria, Dar Etxea eta GKS erakundeetako kideek osatzen dute sarea, eta Katakrak liburu dendak egoitza utzi die, kalean bizi direnei ostatu eman ahal izateko. Han, lo egiteaz gain, gosaltzeko aukera ere emanen diete gazte migratzaileei, martxoaren 31ra arte.
Iazko neguan sortu zuten sarea, baina boluntarioek onartu dutenez, aurtengo kanpainak askoz oihartzun handiagoa lortu du: «Aurten, publiko egin dugu ekinbidea, eta hedabide asko etorri zaizkigu galdezka», adierazi du Izaskunek —parte hartzaileek ez dute deiturarik eman nahi izan—, Negu Gorriak sareko kideak. Zabalpen horri esker, beste kolektibo batzuk egitasmora batuko direlako esperantza dute.
«Asistentzialismo eta karitate hutsa gainditu nahi ditugu, eta frogatu komunitateek, gizarte antolatuak, pertsonen egoera hobetu dezaketela, sareak josiz eta instituzioei presioa eginez»
SAMIRA Negu Gorriak sareko kidea
Hala ere, ez dute beren gain hartu nahi administrazioaren egitekoa, ezta haren ardura ezkutatu nahi ere: «Jakin badakigu honek ez duela arazoa konponduko, baina hotzaldiari aurre egin nahi diogu, geure txikitasuna eta baliabideak aintzat hartuta, eta argi izanda ez garela iritsiko gaur egun Iruñean kalean bizi diren berrehun pertsonengana», esplikatu du Izaskunek. Izan ere, Negu Gorriak sareko arduradunen ustez, erakundeek dute erantzukizun nagusia, eta haiei dagokie konponbide iraunkorrak eskaintzea: «Jendeak bere lokalak uztea edo gazte migratzaileak bere etxean erroldatzea… Halakoak oso ongi daude, baina konponbide indibidualak dira. Erakunde publikoei ere presioa egin behar zaie, traba burokratikoak ken ditzaten eta larrialdi egoeran direnentzako baliabideak jar ditzaten».
Harekin bat dator Samira, Negu Gorriak sareko beste ordezkarietako bat. Haren esanetan, «asistentzialismo eta karitate hutsa» gainditu nahi dituzte, eta frogatu «komunitateek eta gizarte antolatuak pertsonen egoera hobetu dezaketela, laguntza sareak josiz edo instituzioei presioa eginez».
Hondakinen artean
Europara iritsita, paperak lortzeko esperantza zuten Issak eta Younesek. Alta, haiek uste zutena baino askoz malkartsuagoa izan da bidea. Issak, esate baterako, milaka kilometro egin zituen oinez, sorterritik aterata, Europako atean jotzeko: «Turkiaraino joan nintzen lehenbizi, eta handik, Bulgariara. Basoak eta mendiak zeharkatu nituen oinez. Beldur handia pasatu nuen, mafiak dabiltzalako paraje horietan, migratzaileak harrapatu nahian. Hamabost eguneko ibilaldiaren ostean, Serbian gelditu nintzen atseden hartzeko, eta handik, Kroazia eta Eslovenia zeharkatuta, Austriara iritsi nintzen». Urtebete eman zuen toki batetik bestera, aterpetxeetan eta kanpin dendetan lo egiten, eta azkenik, Bartzelonara zihoan tren bat hartu zuen: «Bakarrik nengoen, etsita: ez nuen hizkuntza ezagutzen, eta ez nekien nora joan edo zer egin. Azkenean, Ingalaterran bizi den lagun batek aholkatuta, Bartzelonarako bidea hartu nuen, eta handik, Iruñera etorri nintzen».
Migratzaile bat Jaso ikastola zaharrean, artxiboko irudi batean. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
«Jaso ikastola zaharreko esperientzia ez dut inoiz ahaztuko: gau batzuetan Polizia etortzen zen, beste batzuetan, ingurukoak liskarretan hasten ziren, eta askotan, arratoiak uxatzen ibili behar izaten genuen»
ISSA Katakraken aterpe hartutako gaztea
Euskal Herrira iritsita, baina, arazoak ez ziren amaitu. Udal aterpetxera jo zuen Issak, baina egun gutxi batzuetarako konponbidea izan zen hura: «Hirugarren egunean, esan zidaten ohea behar zutela, eta gehienez ere bi gau gehiago eman ahalko nituela han». Epe hori bukatuta, kale gorrian geratu zen Issa. Hilabete eman zuen Aranzadiko Agustindarren komentuan, eta gero, Etxabakoitz auzora mugitu zen, Jaso ikastolaren eraikin zaharrera. «Esperientzia hori ez dut sekula ahaztuko», esan du, burumakur. «Lo egin nahi eta ezin. Gau batzuetan Polizia etortzen zen, beste batzuetan, ingurukoak liskarretan hasten ziren, eta askotan, arratoiak uxatu behar izaten genituen. Aterik ez zegoen, eta lo egiteko txoko bat atondu nahi izanez gero, zabor pila bat kendu behar izaten genuen aurretik», gogoratu du.
«Ez da bizitzeko moduko leku bat», gehitu du Younesek. Hark ere ongi ezagutzen ditu etxegabeek okupatutako lekuak, lau hilabete eman baititu kalean lo egiten: «Ez dira toki egokiak edo eraikin arruntak. Hondakinak dira. Zenbait gaztek lan handia egin dute toki horiek garbitzeko eta txukuntzeko, baina ezinezkoa da zabor hori guztia kentzea».
«Lanerako baimena erretiratu zidaten aurretik abisatu gabe, hiruzpalau urtez kotizatu arren: langabezia kobratzeko eskubidea ere kendu zidaten, eta Atzerritarrentzako Nortasun Zenbakia ukatuta, laguntza sozialetarako bidea ere itxi egin zidaten»
YOUNES Katakraken aterpe hartutako gaztea
Younesek urte gehiago daramatza Europan, baina oraindik ez ditu lortu bertan bizitzeko eta lan egiteko paperak. «Sorian bizi nintzen (Espainia), eta behin-behineko baimen bat eman zidaten, urtebetez lan egin ahal izateko. Egoera hori, baina, lau urtez luzatu zen, eta egun batetik bestera, aurretik abisatu gabe, baimena erretiratu zidaten, eta AIZ Atzerritarrentzako Nortasun Zenbakia ukatu». Ordutik aurrera, ate guztiak itxi zitzaizkion gazte marokoarrari. «Lan egiteko aukera kendu zidaten, baina baita langabezia saria kobratzeko eskubidea ere, hiruzpalau urtez kotizatu arren. Eta AIZ ukatuta, laguntza sozialetarako bidea ere itxi egin zidaten. Bat-batean, alokairua ordaintzea eta jatekoa erostea ezinezko bihurtu zen», azaldu du.
Errolda, lehen hesia
Samiraren ustez, «arrazakeria instituzionalaren» adibiderik garbienak dira Younesen eta Issaren kasuak: «Arrazakeria hori sistematikoa eta egiturazkoa da. Mendebaldeko gizarte zuri hau lan prekarizatuen gainean eraikia dago, eta normalean, migratzaileen bizkar uzten ditugu lan horiek. Hortaz, atzerritik datozen pertsona horiek eusten diote klase ertainaren estatusari, baina jada behar ez ditugunean edo interesatzen ez zaigunean, inpunitate osoz baztertzen ditugu». Fenomeno hori, baina, ez da gertatzen Euskal Herriko erakundeetan soilik, mundu osoan baizik: «Erakunde publikoak gero eta eskuinerago lerratzen ari dira, eta antzeko egoerak ikusi ditugu Donostian, Bilbon eta beste hainbat hiritan. Atzera ari gara alor askotan».
Errolda jo dute horren adibidetzat. Izan ere, Katakraken aterpe hartu duten lagunentzat —eta hiriburuetan etxerik gabe bizi diren gehienentzat—, erroldatzea lehen geltokia da paperak lortzeko bidean. Baita buruhauste handienen sorburua ere: «Gizarte langileengana jotzeko edota udal baliabideak erabili ahal izateko sarbidea da erroldatua egotea», esplikatu du Izaskunek. «Errolda eskatzen duzunetik, teorian, hiru eta sei hilabete artean erantzun beharko luke udalak, baina askotan dezente gehiago luzatzen da prozesua, bederatzi, hamar edo hamabi hilabeteraino».
«Gizarte langileengana jotzeko edo udal baliabideak erabiltzeko sarbidea da errolda, baina askotan, asko luzatzen da hura eskatzeko prozesua, bederatzi, hamar edo hamabi hilabeteraino»
IZASKUN Negu Gorriak sareko kidea
«Eta hori iritsi arte, zer?», galdetu du Issak, haserre: «Nola nahi dute bizitzea? Dutxa edo garbitoki publikoak erabiltzeko ere errolda eskatzen dizute-eta!». Samiraren ustez, erroldaren kontua da gazte migratzaile askok gainditu behar duten «lehen hesi burokratikoa», horretarako behar administratiborik ez dagoen arren: «Oinarrizko baliabideak eta zerbitzuak erabili nahi badituzte, kanpotik datozenek justifikatu beharra dute hemen bizi direla, baina inon ez dago jasoa horretarako bide bakarra errolda denik, badira beste bide batzuk ere».
Iruñeko Udalak abenduan iragarri zuen hiriko etxegabeei buruzko «analisia eta diagnostikoa» eginen dituela, eta, hotzaldiari aurre egiteko kanpaina hasi berritan, azaldu zuen bi urtean hirukoiztu egin dituela kalean bizi direnei laguntzeko baliabideak —205 toki eskaintzen dituzte udal aterpetxean eta etxebizitzetan—. Negu Gorriak sareko kideentzat, baina, hori ez da nahikoa, eta arnasa luzeko konponbideak galdegin dituzte, «behin-behineko adabakien» ordez: «Egiturazko arazoak ezin dira konpondu larrialdiko irizpideak aplikatuta», esan du Samirak. «Iruñean, egun, berrehundik gora pertsona bizi dira kalean. Erakundeek baliabide gehiago jarri dituzte hotzaldiari aurre egiteko, baina zergatik itxoiten dute egoera muturrekoa izan arte? Zergatik ez dituzte beharrak eta baliabideak aurretik kalkulatzen?».
09:00etan, Katakraken ateak zabaldu baino ordubete lehenago, gosaria ematen diete bertan aterpe hartutako gazteei. Kafea, tea, ogi txigortua. Afaria ere bermatzeko lanetan ari dira orain. Konponbide orokorrago baten faltan, komunitatearen indarra «funtsezkoa» dela uste dute Negu Gorriak kolektibokoek: «Taldean, auzolanean, errazagoa da egoera zailei aurre egitea».
