Andelo hiri erromatarra

Erromatarrak, K.a. II. mendean, Ebro haranean zehar iritsi ziren Euskal Herrira, eta baskoiak zeuden lurraldean kokatu. Garai hartako bizimoduaren lekuko diren makina bat arrasto ikus ditzakegu gaur egun, eta horien bidez ezagutu dugu haiek utzitako legatua. Proposatzen den ibilaldi honetan, Iruñetik gertu (Pompaelo), Mendigorriko lurretan, Andelo hiri erromatarra bisitatzeko aukera izango dugu, eta bertan izan zen deskubrimendurik garrantzitsuena ezagutzeko aukera izango dugu: hiria urez hornitzeko sistema, hain zuzen ere.

XIII. mendekoa da Andiongo Andre Mariaren baseliza protogotikoa, eta, haren ondotik abiatuta, eskuinera Andeloko museoa utzi eta aurrez aurre ikusiko dugun bidetik igotzen hasiko gara. Berehala helduko gara erromatarrek hiria urez hornitzeko eraiki zuten sistemaren ondora. Lan hidrauliko garrantzitsu honek lau zati garrantzitsu ditu. Iturrandutzeko presa eta ur biltegi erregulatzailearekin batera, ubidea eta uraren garraioa amaitzen den eraikina (castellum aquae). Ura presan bildu, ur biltokian gorde eta akueduktuaren bidez ailegatzen zen hiriraino.

Harri eta zur geratuko gara ikustean ur biltegiaren eremuak zer-nolako edukiera duen: hain zuzen, zazpi mila metro kubiko biltzeko gai da. Oso nabarmena da eraikitze prozesuan izan zituen bi faseak. Biltegia oinez inguratu, eta egurrezko dorrera igoko gara eraikinaren ikuspegirik zabalena edukitzeko. Lurrezko pistara itzuliko gara segidan, eta, aldapa txiki bat igo eta gero, zereal lurren artean hedatzen den bide zabaletik erraz egingo dugu aurrera. Berehala, bide bazterrean miliarri bat ikusiko dugu. Zutabe zilindriko eta obalatu hauek antzinako erromatar galtzaden ertzean jartzen ziren, Italiako eta erromatar probintzietako galtzada nagusietako distantziak adierazteko. Ezkerretik ateratzen diren bideak albo batera utzi, eta zuzen jarraituko dugu bide nagusitik.

Errekasto baten ondora ailegatzean, egurrezko seinale batek eskuineko bidea seinalatuko digu, eta handik joanda iritsiko gara Iturrandutzeko urtegi edo presa izan zenaren ondora. Mendigorria eta Zirauki herrien arteko mugan dago presa, eta Deabruaren Zubia ere deitzen zaio. Eraikin honetan ere antzematen da bi mantentze lan egin zituztela. Lehena, harlanduzko 13 kontrahorma eta ura ateratzeko kutxatila batez osatua; bigarrena, berriz, hormigoizko 9 kanpo kontrahormaz indartua. Egurrezko dorretik ederki ikus daitezke bi fase horiek.

Andeloko hiria urez hornitzeko sistema ezagutu ondoren, abiapuntura itzuliko gara, baina bide beretik bueltatu beharrean, aurrera jarraituko dugu. Bidegurutzean berriro eskuinera joko dugu, eta honaino heltzeko hartu dugun pistaren paraleloan jaisten den pista zabaletik errepideraino jaitsiko gara. Hirurehun bat metro handik egin, eta berehala izango gara Andeloko museoaren aurrean. Museoak duen erakusketa txiki eta interesgarria ikusi eta gero, hiri erromatarraren aztarnak bisitatuko ditugu.

2009an ireki zuten Andelo, hiri erromatarreko aztarnategi arkeologikoa. 15.800 metro koadro hartzen ditu induskatutako eremuak, hiri erromatarrak izan zuen hedaduraren %10 baino gutxiago. Indusketa arkeologikoak 1980 eta 2000 bitartean egin zituzten, bi hamarkadatan, eta gerora ez da beste kanpainarik egin. Induskatutako lurretan, erromatar hiriaz gain (termak, garbitegia, kaleak, peristiloa, etxeak…), Erdi Aroko herriaren arrastoak ikusiko ditugu.