Iruñean bizi izan nintzen lehenengo auzoa Mendillorri izan zen, auzoaren goialdean, hain zuzen. Nola ez gogoratu. Iritsi berritan, goizero menturatzen nintzen auzo ezezaguna arakatzera. Egun batean, kasualitatez, lakuaren ondoan nengoen eta nahi gabe kartel erraldoi batean Pedro de Ursua izena irakurri nuen. «Nola?», Galdetu nion neure buruari. «Nola?» Eta berriz irakurri nuen emeki-emeki. P-e-d-r-o -d-e- U-r-s-u-a. Begiak plater. «Zer da eraikin hori», pentsatu nuen, eta berehala ikusi nuen institutu bat zela. «Ezinezkoa da, ez da posible», xuxurlatu nuen. Benetan? Berriro irakurri nuen. Eta izena hori zela egiaztatu nuen. «Bai, bai, hala da». Tartetxo bat egon nintzen geldi-geldi eta isiltasunean. Berehala etorri zitzaizkidan burura familia, gurasoak, ahizpak, aitona-amonak, maite dudan jendea eta Kolonbian utzi dudan jendea. Arbasoen aurpegiak ikusi nituen. Mendiak, oihanak, mendeak azalean sentitu nituen, baina batez ere, burura etorri zitzaidan lehenengo gauza Kolonbiatik irten aurretik liburutegi batetik irakurtzeko atera nuen liburua estaltzen zuen plastikoaren usaina izan zen, eta berehala etorri zitzaidan William Ospina idazle kolonbiarraren Ursua liburuaren izenburua. Hara non! Ursuaren lurraldean nengoen. Ze paradoxa! Bera kolonizatzailea eta ni emakume kolonizatua. Zer pentsatu? Zer sentitu?
Galderaz beteta itzuli nintzen etxera. Ezin nuen sinetsi institutu batek bere izena izatea. Heroi bat zen? Izena aukeratua zutenek ba ote zekiten nor zen? Jakingo zuten zer egin zuen gure herrietan? Lotsagarria iruditu zitzaidan. Pedro de Ursua Baztanen jaio zen, eta, oso gaztea zela, Hego Amerikara bidaiatu zuen bere osabarekin, fortuna egitera. Eta hondamendi demografiko eta krimen historiko baten parte izan zen. Gaur egun ezaguna izan beharko zuen kontuak. Suminduta nengoen, baina «a ze erremedioa» pentsatu nuen, «bere lurra da eta».
Urteak pasatuta, mahai-inguru politiko batean parte hartzen ari nintzen, eta gogoan dut memoria historikoari buruz hitz egiten ari ginela; zer egin Iruñeko Erorien Monumentuarekin, utzi, eraitsi edo berregin. Mota guztietako iritziek piztu ziguten eztabaida. Eta nik, momentu batean, Mendillorriko institutuaren izenaz pentsatzen nuena propio aipatu nuen. Jendeak ez zekien nor zen Pedro de Ursua jauna. Etsipenez hartu nuen erantzuna.
Hara non! Ursuaren lurraldean nengoen. Ze paradoxa! Bera kolonizatzailea eta ni emakume kolonizatua. Zer pentsatu? Zer sentitu?
Handik urte batzuetara, Iruñeko udaletxe plazan nengoen eta bat-batean, mahai-inguru hartan parte hartutako gizon bat niregana etorri zen. Aurpegi irribarretsua zuen. «Badakizu Mendillorrin bizi naizela, ezta?», esan zidan. Ez nekiela erantzun nion eta aitorpen bat balitz bezala esan zidan ea ba ote nekien mahai-inguru hartan kolonizazio prozesuez eta memoria historikoaz nik esandakoaren ondorioz, Mendillorriko ikasleek Pedro de Ursua izena kendu egin zutela. Zur eta lur gelditu nintzen. Ez nekiela esan nion, baina izugarri pozten nintzela. Ondoren elkar agurtu genuen.
Isiltasun gorgarria sortu zen nire inguruan, ia-ia airean esekita sentitzen nintzen. Arbasoak ohoratu egin nituen. Garaipen kolektibo txiki bat, dena ez dagoela galduta sentitu nuen.
