«Elkarlaguntzan oinarrituz ofentsiba kapitalista, arrazista eta patriarkalari elkarrekin aurre egiteko komunitate politiko eta sozial bat haritzen hasi nahi dugu». Hori azaldu zuten Iruñerriko Haritu Elkarlaguntza Sareko kideek 2021eko urtarrilean, proiektua aurkeztu zutenean. Aurten bost urte bete dituzte, eta sarea sortu zenetik, besteak beste, elikagai bilketak egin edo etxegabetzeak salatu eta gelditu dituzte. Izan ere, hasieratik bi lan ildo nagusi izan ditu Harituk: elkartasun biltegia eta etxebizitza sindikatua. Azken ildo horretako kideak dira Zuberoa Uhalde (Iruñea, 2001) eta Jesus Villaro (Ziaurritz, 1988), eta gaur egun Iruñerrian etxe bat eskuratzeko dauden zailtasunak izan dituzte hizpide.
Bost urte bete dira Haritu sortu zenetik. Nola baloratzen duzue gaur egun arte egindako ibilbidea?
ZUBEROA UHALDE: Pandemia garaian sortu zen sarea, gertatzen ari zen pobretze orokorrari erantzun kolektibo bat emateko tresna gisa, eta balorazioa nire ustez oso positiboa da.
JESUS VILLARO: Gaur egun borroka komunitate nahiko sendoa dugu. Haritutik haratago, Iruñerriko hainbat herri mugimendurekin saretuak eta antolatuak gaude; Euskal Herri mailan, berriz, Euskal Herriko Etxebizitza Sindikatuen Sarean gaude.
Iaz hainbat etxegabetze izan ziren Iruñerrian, urte hasieran hainbat eragile sozialek salatu zuten 150etik gora lagunek kalean lo egiten zutela hotzaldi betean… Iruñerrian nola dago gaur egun etxebizitza?
VILLARO: Sarea sortu genuenetik orain arte, alokairuetan igoera esponentziala izan dela ikusi dugu. Bizi baldintzei dagokienez, soldatak izoztuak daude, eta etxe bat alokatzea gero eta zailagoa da jende askorentzat, batez ere langile klaseko migratzaileentzat; izan ere, egiturazko arrazakeria dela eta, oso zaila dute etxe bat eskuratzea. Etxebizitza eskubidea ez dago bermatuta gaur egun Iruñerrian.
UHALDE: Orain, esaterako, alternatiba gisa logelak ere eskaintzen ari dira; hau da, duinak ez diren etxeak. Guk etxebizitza duin baten eskubidearen alde egiten dugu apustu.
VILLARO: Eta gaur egun, etxegabetze bat egiten denean, mahai gainean dauden alternatiba instituzionalek ez dute gaitasunik etxebizitzaren egiturazko arazoari erantzun kolektibo eta eraginkor bat emateko. Etxeen negozioak indarrean jarraitzen badu, oso zaila edukiko dugu eskubide hori bermatzea.
«Etxeen negozioak indarrean jarraitzen badu, oso zaila edukiko dugu eskubide hori bermatzea»
JESUS VILLARO
Bosgarren urteurrena ospatzeko, martxoaren 25etik 30era hainbat jarduera antolatu dituzue. Horietako bat, Testa, putreen isiltasuna dokumental laburra. Zer egiten ari da Blackstone putre funtsaren jabetzakoa den Testa taldea Iruñeko zenbait auzotan?
UHALDE: Lau urte inguru daramatzagu borrokan Buztintxurin eta Sanduzelain, baina batez ere Buztintxurin izan du indarra, auzokide asko antolatzen hasiak zirelako. Testarekin lotuta, arazoak batez ere hiru dira: etxe kaleratzeak, alokairuen igoera eta kalteak ez konpontzea.
VILLARO: Hain justu, orain arazo nabarmen bat dugu; izan ere, maizter askori alokairu kontratuak bukatzen zaizkie edo bukatuko zaizkie bizpahiru urte barru, eta Testak ez ditu berritzen kontratu horiek. Horrelako putre funtsei, beren negozio logikaren barruan, berdin zaie pertsonen bizitza, eta etekina baino ez dute nahi.
Iazko maiatzean, Nafarroako Gobernuak 21 udalerri tentsio handiko eremu izendatu zituen 2028ko uztailera arte. Zer deritzozue neurri horri?
VILLARO: Etxeen negozioari era zuzenean erasotzen ez bazaio, oso zaila da etxebizitzaren egiturazko egoera era nabari batean lausotzea. Begoña Alfarok adierazi zuen tentsio handiko eremuetan alokairuak %8,6 merkatu direla. Ulertzen dugu hasieran prezioak jaitsi daitezkeela; hala ere, horrela alokairuaren prezioa ez da behar bezainbeste jaisten, gehiengoak etxe bat eskuratu ahal izan dezan. Neurri horiek zer bide egiten duten ikusi beharko da. Guk, besteak beste, negozioa jopuntuan jartzearen, putre funtsei baimenik ez ematearen edo hutsik dauden etxe guztiak etxerik eskuratu ezin dutenentzat modu kolektiboan jartzearen alde egiten dugu.
«Orain, esaterako, alternatiba gisa logelak ere eskaintzen ari dira; hau da, duinak ez diren etxeak»
ZUBEROA UHALDE
Etxebizitza sindikatuaz gain, elkartasun biltegia ere badu Harituk. Zergatik erabaki zenuten biltegi hori sortzea?
UHALDE: Elikadura ere oinarrizko behar gisa ulertzen dugu, eta erosketen saskien prezioak ere igo egin ziren Haritu sortu genuenean. Hortaz, ulertu genuen horri ere aurre egin behar zitzaiola.
VILLARO: Etxebizitzaren eta elikaduraren aldeko borrokak oinarrizko beharren aldeko borrokak izan dira. Horiek herri mugimenduko beste eragile batzuekin lan egiteko aukera ere eman dute. Langile klaseko hainbat sektore bizi baldintzen alde antolatu gara, eta elikaduraren arloa funtsezkoa izan da komunitate sendo bat lortzeko.
Baratzeak eta olibadiak dituzue elikagaiak ekoizteko, eta azken egunetan kanpaina bat abiarazi duzue Artazun olibadi bat kolektibizatzeko, bost urtez lagata egon ondoren.
UHALDE: Kapitalaren logikatik ateratzeko eta benetan autogestioaren alde egiteko apustua egin dugu. Dohaintza kanpaina bat hasi genuen olibadia erosteko, eta orain bigarren fasean gaude.
Bost urte bete ostean, zein dira Harituren erronka nagusiak datozen urteei begira?
VILLARO: Egiten dugun jarduna sendotzea eta hedatzea. Iruñerrian nahiko errotuak gaude, eta Euskal Herrian, bereziki etxebizitzari dagokionez, mugimendu sendo bat sortu nahiko genuke.
UHALDE: Bizitzaren hainbat esparrutara ere zabaldu nahi dugu borroka. Gure bizitzaren esparru gehienetan egiturazko problematika asko ditugu, eta horiek indibidualismotik ateratzea dugu helburu. Uste dut hori dela elkarlaguntza sarearen apustuetako bat.
