Ikuspuntu Zinema Dokumentalaren Nazioarteko Jaialdiak aro berri bati ekinen dio datorren astelehenean. Iruñeko festibalak bere XX. aldia abiatuko du, eta beste hamarraldi batean murgilduko da hala, baina ez hori bakarrik: beste zuzendari artistiko baten gidaritzapean aterako da plazara oraingo honetan. Miquel Marti Freixas (Bartzelona, 1978) da burua udazkenetik. NICDO enpresak eginiko lizitazio publikoko prozesuan baloraziorik hoberena erdietsi ondoan izendatu zuten katalana zuzendari, eta, ongi bidean, 2029ra arte izanen da zeregin horretan lanean. «Dagoeneko baditut ideiak datozen urteetarako, baina lehenbizi hau dugu», zehaztu du zinema jaialdia abiatzeko astebete eskas falta dela. Aitorpen horretantxe ere suma dakioke berezko joera: frenatu egiten du tarteka, dela gertatzen ari dena ez dakion eskapatu, dela esaten dituen hitzak mimoz aukeratzeko, baina, batez ere, aurrera begiratu zalea da Freixas.
Zer moduzko lurreratzea izan duzu festibalean?
Dena ongi joan da. Iritsi bezain laster, ederki lan egiten duen lantalde batekin egin nuen topo hemen, eta horrek asko erraztu dit iritsiera bera.
Hain zuzen, aurtengo Sail Ofiziala aurkezteko eginiko agerraldian, alderdi horretan egin zuen azpimarra Teresa Morales de Alava zuzendari exekutiboak, aipatu zuenean Ikuspunturen bi buruko egiturak nabarmen laguntzen duela segida bermatzen, zuzendari artistiko berria ailegatzerako «olatu gainean» delako Ikuspuntu bera, «flotatzen».
Bai. Jaialdiak egituratzeko moduez hitz egiteak luze hartuko lidake, eta, batez ere, oso aspergarria da, baina egia da festibal batek bi buru dituenean, adar artistikoa eta exekutiboa bereizita direnean eta, betiere, bi buruen artean sinbiosia baldin badago, errazagoa dela bide artistikoan aurrera egin ahal izatea. Gure kasuan, Ikuspuntu ez da inoiz ere geldirik egon, eta hori abantaila handia dugu, jakina.
Lehendik, are zuzendari artistiko izateko hautagai aurkeztu aurrean, zer harreman zenuen Ikuspunturekin?
Iniziaziorako harreman baten gisakoa izan zen niretzat. Esanen nuke zertxobait aldatu zidala zinema ikusteko neukan manera. Festibalaren estreinako aldietara etorri nintzen lehenbizi, orain hogei bat urte, eta, geroztik, hainbatetan etorri izan naiz, bai kritiko gisara, bai zinema ikasketetan irakasle nintzelako, adibidez. Epaimahaian aritzeko ere deitu zidaten behin, eta etorri nintzen. Uste dut, batera edo bestera, beti bilatu eta aurkitu izan ditudala jaialdira etortzeko aitzakiak. Gainera, halakoetan, aldiro izaten nuen motxila gauza mordoz kargatuta etxeratzen nintzelako sentipena. Uste dut pasioz eta liluraz betetako harreman bat izan dela festibalaren eta nire artekoa.
«Pentsatzeko, hitz egiteko eta jendea ezagutzeko espazio bikainak eskaintzen ditu Ikuspuntuk. Film dotoreak ikustekoa bai, baina beste gauza askotarako tokia ere bada hau»
Motxila horretan, ikusitako filmez bestekorik ere eramanen zenuen etxera, akaso, ezta? Topagune izatea da jaialdiari gehien aitortzen zaizkion ahalmenetako bat.
Bai. Gogoeta mordoarekin egiten nuen buelta. Pentsatzeko, hitz egiteko eta jendea ezagutzeko espazio bikainak eskaintzen ditu Ikuspuntuk. Film dotoreak ikustekoa bai, baina beste gauza askotarako tokia ere bada hau.
Zuzendari artistiko izendatu zintuztenean, hautatzaileek nabarmendu zuten zure proposamenean garbi utzi zenuela agerian jaialdiaren ibilbide historikoari buruzko ezagutza sakona. Ibilbide horren zer puntutan esanen zenuke hartu duzula lekukoa zuk? Nolakoa da abiapuntua?
Atzerriko beste herrialde batzuen aldean, eta batez ere frankismoak jarritako trabengatik, hona 1990etik aurrera eta 2000ko hamarkadaren hasierara bitarte heldu zen zinema dokumentalaren loraldia. Loratze horretan sortu zen, preseski, Ikuspuntu.
Harrezkero, esanen nuke jaialdiak ederki erakutsi dituela ez-fikziozko zinemak ematen dituen askotariko aukerak, eta, gainera, aldika zuzendariz aldatuta ere, beti jarri duela arreta berezia, batetik, jakin-minean eta bilaketan oinarritutako zineman eta, bestetik, zinema garaikidean. Zuzendari bakoitzak bere begirada ekarri du jaialdira: esperimentalagoa batzuek, lurralde konkreturen bati lotutakoa besteren batzuek… bakoitzak bere obsesioei eta pasioei loturik egin du lana, ezinbestean.
Eta zein dira zure obsesioak?
Niri bereziki gustatzen zait etorkizunera begiratzea eta neure buruari galdetzea biharko zinema nolakoa izanen ote den. Eta gogoetatzea herritar guztien eskura diren erremintekin egiten den zinemaz eta, orobat, sare sozialez, Internetez, bideojokoez. Atzera begiratzeko joera bazter utzi gabe, zinema garaikidea definitu dezaketen adierazpide modernoetan jarri nahi dut arreta.
«Niri bereziki gustatzen zait etorkizunera begiratzea eta neure buruari galdetzea biharko zinema nolakoa izanen ote den»
Besteak beste, Fokuak ataleko programetako batean islatu duzu tema hori: Iragankortasunaren iraunkortasuna izenekoan.
Uste dut bertan jorratuko denak bereziki duela zentzua, kontatzen baitu nola zinemagile eta artista askok Interneteko irudiak erreskatatzen eta berrerabiltzen dituzten, efimero bilakatu aurretik.
Ibilbide luze eta mardula duzu egina dagoeneko. Zinema eskolan irakasle, kritikari, eta Blogs&Docs aldizkari espezializatuko editore jardun duzu, eta La Inesperada ez-fikziozko zinema jaialdi katalanaren sortzaile eta zuzendari ere bazara. Azken horren kontrastean, Iruñeko erronkak zer dakar berria zuretzat?
Neurrian, batak eta besteak ez dute ikustekorik. La Inesperada mikrojaialdi bat da, tokikoa, ez dago lehiarik, eta gehiago ikusten dut egun gutxi batzuetan film batzuk erakusteko aukera bezala. Ikuspuntun, urteetan erdietsitako prestigioari esker, iruditzen zait atzerriko jendea ere ari zaigula begira. Edonola ere, ari bagara festibal bat muntatzeaz, behintzat ezagun dut bide hori.
Identifikatu duzu La inesperada-n jorratu eta hona ekarri nahiko zenukeen deus?
Tira, zuzendari guztiok ditugu gure filiak eta fobiak, islatu egiten dira programazioetan, eta, nire kasuan, Interneti hain sakon begiratzeko zera hori bada urteetan izan dudan tema baten ondorio; franko ikertu eta idatzi dut gaiaz.
Programatzaile gisara ere «arriskuak» hartu beharraz mintzatu zara inoiz.
Uste dut preseski horrekin lotuta dagoela lotuta Ikuspunturen aukera mamitsuenetako bat. Jaialdi hau ez dago industriari lotuta, eta ez ditu bere gain hartu behar industriari edo zernahi ekoiztetxe handiri lotuta izateak ekarriko lizkiokeen betebehar eta konpromiso ugari. Artistikoki, askeago ibil gaitezke.
«Jaialdiak ez ditu bere gain hartu behar industriari edo zernahi ekoiztetxe handiri lotuta izateak ekarriko lizkiokeen betebehar eta konpromiso ugari»
Zer film klase programatzea litzateke, bada, arriskatzea?
Mainstream-etik kanpo egotea dakar, hori seguru, baina, horretaz gain, izan daitezke proposamen artistiko berritzaileegiak diren lan batzuk, edukiagatik edo estiloagatik, edo, bestela, martxan jartzen aski konplexuak diren saioak.
Ricercarta sail berrian jasotako Forever Young: Zinema erliebean programa izan liteke horren adibide? Izan ere, 3Dn eginiko zinema du oinarrian, eta, iragarria duzuenez, ikusleei lau motatako betaurrekoak eskainiko dizkiezue.
Bai, hori da. Akaso, industriari lotuago aritu beharra duen jaialdi batek ez luke horren alde eginen, eskatzen duen aurrekontua hain handia izanda ezinen lukeelako arrisku hori hartu.
Hilabeteotan, hainbatetan nabarmendu duzu zinema «hurbilerraz eta dibertigarri» baten alde egin nahia. Zinema dokumentala gizartean zabaltzeko garaian bada huts egiten duen zerbait?
Iruditzen zait publikoari galdera eta proposamen ausartak egiten dizkion zinema mota batek ez duela zertan izan zinema gogorra, kasik iritsi ezinezkoa, gutxi batzuentzakoa. Gainera, gure jaialdiak badu denetariko aukerak emateko adinako tamaina. Lucien Castaing-Taylor adituaren hitzaldia izan daiteke soilik zinema etnografiko esperimentalean interesa duen norbaitentzat, baina askoz publiko zabalagoarentzako modukoak dira, adibidez, inaugurazioan zein itxieran emanen ditugun filmak: Benita eta A scary movie.
Aurten, Sail Ofizialean ez dago euskarazko filmik.
Noizbehinka bakarrik izaten da hutsunea. Batzuetan izan ditzakezu hiru, eta batzuetan bat ere ez. Dena dela, beste sail batzuetan badugu euskarazko lanik. Adibidez, Hiruki Filmak ekoiztetxearen bi film ditugu, eta bat euskaraz da [Ziarraize]; Mirentxu Loiarte zinemagile aitzindariari buruzko mahai inguru bat ere izanen dugu —Iratxe Fresnedak haren obrara hurbilduko gaitu—, eta Pablo Casanuevaren Gaulana filma estreinatuko dugu X Films atalean.
90 filmetik gora emanen dituzte aurtengo ikuspuntun
Abiatzeko sei egun falta diren honetan aurkeztu dute Ikuspuntu Nafarroako Zinema Dokumentaleko Nazioarteko Jaialdiaren aurtengo egitarau osoa jendaurrean, Baluarten, eta, hortaz, dagoeneko posible da programazioa zenbakitan bistaratzea: 90 film, 66 saio eta 110 bat gonbidatu. Horiek guztiak bilduko ditu festibalak bere XX. aldian. Zehazki, hemeretzi film bildu dituzte Sail Ofizialean —zazpi film luze, film ertain bat eta 11 film labur—, eta haietako lauk Iruñekoa izanen dute estreinaldi absolutua. Gainera, hitzaldiak, tailerrak eta musika emanaldiak ere izanen dira, Iruñerriko bederatzi tokitan banatuta. Sarrerak Baluarteko leihatilan edo jaialdiaren webgunean eskura daitezke: hiru euroan jarri dituzte salgai.
